Bideo hau eta ondorengo lauak gai berberaren ingurukoak dira: klimaren aldaketa.
Aurkezlea: Duela 19 urte inguru Munduko Meteorologia Erakundeak eta Nazio Batuen Erakundeak IPCC erakundea sortu zuten, klimaren aldaketaren arazoa detektatu zenean. Bihar bertan nazioarteko erakunde horren bilkura bat hasiko da Valentzian.
Astebetez klima-aldaketa izango dute hizpide Valentzian elkartuko diren nazioarteko adituek. Guk aditutik askorik izan ez arren, klimaren aldaketari heldu nahi izan diogu gaurko programan. Ongi etorri Teknopolisera.
Oraindik badago klimaren aldaketa ez dela gertatzen ari dioenik, klimaren bilakaera zerbait ziklikoa dela diote, eta gizakiaren jardunak ez duela inongo eraginik. Hala ere, komunitate zientifikoak, oro har, frogatutzat jotzen du gizakion jardueraren eragina klima-aldaketan. Eta izan, hala dirudi, hasierako zantzuak froga bihurtzen ari baitira.
Ez dago ukatzerik garrantzi handiko gaia dela, guztion bizitzeko eran modu batera edo bestera eragingo baitu. Horregatik, gaurko programaren denborarik gehiena klimaren aldaketari eskainiko diogu: zer den azaltzen saiatuko gara, zergatik gertatzen ari den, nola eragiten ari den eta nola eragingo digun, eta zerbait egiteko garaiz gauden jakiten saiatuko gara. Hala balitz, hobe.
Gaian sartzeko, oinarrira jotzea pentsatu dugu, eta galdera zehatz bati erantzutea: zer da klimaren aldaketa?
Titularra: klimaren aldaketa
Ia egunero hitz egiten dugu eguraldiaz. Eta ez da harritzekoa. Eguraldiak gogoan eragiten digu, nola jantzi behar dugun baldintzatzen du, gauza bat edo beste bat jateko beharra sentiarazten digu, edo etxean geratzeko edo kalera irteteko gogoa ematen digu. Baina eguraldia eta klima ez dira gauza bera. Eguraldia eguneroko zerbait da; klima, aldiz, denbora-epe luze batean inguru jakin bateko eguraldiaren joera nagusia da.
Azken mendean Lurreko tenperatura, batez beste, 0,6 ºC igo da, eta Europan 1 ºC. XX. mendea azken mila urteotako menderik beroena izan da. Aurrera begira, badirudi berotzeko joera indartu egingo dela. Adituek diotenez, gauzak aldatzen ez badira, 2100. urtean, tenperatura ia 6 gradu zentigrado igotzea gerta daiteke. Horrela esanda, 6 gradu zentigradoko igoerak ez dirudi oso larria, baina kontuan hartu behar da duela 11.500 urte, azken glaziazioan, Europa osoa izozpean zegoenean, tenperatura, batez beste, orain baino 5 gradu baxuagoa zela. Ez dira asko bost gradu gutxiago, baina nahikoa glaziazioa eragiteko; ondorioz, ez dago aztia izan beharrik pentsatzeko bost-sei gradu gehiagok ere eraginen bat izango dutela.
Beraz, klima aldatzen ari da. Eta hori ere ez da harritzekoa, klimaren aldaketa ez delako ezer berria. Historian zehar, hainbat fenomeno naturalek -sumendietako erupzioek edo eguzki-erradiazioen gorabeherek, adibidez- aldaketa eragin dute kliman. Fenomeno horiek, ordea, ez dira nahikoa hain denbora laburrean gertatzen ari den aldaketa azaltzeko.
Iritziak korte bidez:
Adituek argi dute, gizakiok dugu errua, guk ekoizten ditugu-eta berotegi-efektua eragiten duten gasak. Hori, hala ere, ez da guztiz egia, berezko berotegi-efektua egon badagoelako.
Eguzkiak eragiten du berezko berotegi-efektua. Eguzkiak Lurra berotzen du eta, tenperaturak gora egin ahala, beroa energia infragorri eran itzultzen da atmosferara. Atmosferak, berotegi-efektuko gas batzuei esker, bero hori xurgatzen du.