Urretxuko mineral eta fosilen museoan nahi adina arroka dago: milatik gora pieza ezberdin, munduko bazter guztietatik ekarriak. Eta gero esango dute arrokak ez direla mugitzen! Nicolas Aguado herritarrak bizitza osoa eman zuen arroka eta fosil hauek biltzen eta haren eskuzabaltasunari esker, orain posible da museoa. Hasteko, ñabardura bat: hau ez da “harriz” betetako museo bat.
ARANTXA ORIA, Artelatz ingurugiro zerbitzuak: Harriak esan duzu, ezta? Hona etortzen den askok behin eta berriro harria esaten dute, baina hemendik irteten direnean harri kontuak burutik kentzen dizkiegu: hemen daudenak mineralak dira, eta mineralak osatzen dituzten arrokak.
Arraroak eta ohikoak, preziatuak eta arruntak, distiratsuak eta apalak, guzti-guztiak ikusgarriak. Batzuk hala ere argi berezi behar dute euren izaera berezia azeleratzeko. Mineral fluoreszenteak dira hauek. Argi ultramorearen pean distira egiten dute. Aragonita, fluorita, autunita... Ez, kriptonitarik ez da existitzen, fikziozkoa da. Zinabrioa bai.
ARANTXA ORIA, Artelatz ingurugiro zerbitzuak: Hemen ikusten duzuen gorri hau. Merkurio purua naturan ez da aurkitzen, erabiltzen dugun merkurioa hemendik ateratzen da. Gainera erabili izan da, hauts bihurtuta, haitzuloetako margoak egiteko.
Izan ere, gizakiak egunero erabiltzen dituen edo erabili izan dituen gauza askoren atzean mineralak daudela ikusi eta ikasi daiteke museoan. Adibidez, ba al zenekiten garai batean portzelana txinatar ospetsua egiteko eta egun hortzetako inplanteak egiteko erabiltzen dena mineral bera dela?
ARANTXA ORIA, Artelatz ingurugiro zerbitzuak: Hau ikusten duenak askotan ez du jakiten talko hauxe bera den haurren ipurdiak lehortzeko erabiltzen zen hautsa, eta bai hauxe bera dela esaten diegu. Eta ondokoa, zoritxarrez asko erabili izan dena, amiantoa da. Daukan egituragatik haritan puskatzen da.
Hau da museoko elementurik handiena. Seguruenik erabiliko duzue etxean, alita da. Beharbada gatza esaten badizuet … Haurrek oso gustuko dute pieza hau, miazkatzeraino.
ARANTXA ORIA, Artelatz ingurugiro zerbitzuak: Saiatzen gara atzamarraz busti eta bazter batean ukitu dezaten, baina gatz zaporeak denak erakartzen ditu. Hau Zaragozatik ekarria da.
Printzipioz fosilak ere arroka dira, baina duela milioika urte bizi ziren izakien lekuko isil eta geldiak dira, denboran harrapatuta gelditu izan balira bezala.
ARANTXA ORIA, Artelatz ingurugiro zerbitzuak: Propio jarrita dagoela ematen du ezta? Baina benetakoa da. Duela 50 miloi urteko karramarro batzuk dira. Ez dakigu momentu horretan zertan ari ziren. Auskalo!