Zortzi milakoak igotzen dituzten mendizaleek muturreko egoera askori egin behar diete aurre ibilbidean zehar eta horretarako, gaitasunak edukitzeaz gainera, punta puntako ekipamendu eta materialak ezinbestekoak dira.
Gaurko Ktek tartean, Alberto Iñurrategi mendizaleak mendirako arropetako ehunak erakutsiko dizkigu. Ternua markak Arrasaten duen enpresan elkartu da Nagore Rementeriarekin.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kaixo, Alberto!ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Aupa, Nagore!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zer moduz? Deskantsetan?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Arnas pixka bat hartzen.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ez dira berdinak izango Udalaitzera igotzeko arropa eta Himalayan zortzimilako bat igotzeko arropa, ezta?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Ez, ez da berdina izaten. Himalayara goazenean pisuari asko begiratzen diogu, eta jantzien ezaugarri teknikoei ere bai. Udalaitzera etortzeko edozerk balio du, gutxi gorabehera; pisuari behintzat ez diogu begiratzen. Baina Himalayan justuan ibiltzen gara, denak emanda, eta han bai, han detailerik txikienak ere garrantzia dauka.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zuretzako bereziki egindako arropa eramaten duzu?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Bai, nik zorte hori daukat. Ternuan etxekotzat hartzen naute, eta, aldiro-aldiro, jantzi bereziak, neurrira eta eskatzen diedan erara egiten dizkidate. Eta hori luxu bat da! Nahi baduzu, erakutsiko dizut nola egiten dizkidaten prendak.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oso ondo. Goazen!
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Hemen prototipoak egiten dituzte. Gure arropa guztia hemendik ateratzen da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hau zer da?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: hau Gore-Tex da, hain ezaguna den ehun hori.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Iraultza bat izan zen goretexa, ezta?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Mundu guztiak dauka era honetako jantziren bat. Urarentzat erabiltzen den mintz bat da, iragazgaitza. Bere garapena izan du, eta jada ez dauka zerikusirik orain dela hamar urte ezagutu genuen goretexarekin. Orduko haiek kartoiaren antzekoak ziren. Hau leunagoa.
Beste hau Power Strecht da. Hau bigarren kapa gisa erabiltzen da. Gogoratzen dut hau lehenengo aldiz 2004an edo erabiliko nuela, eta azkeneko urteetako aurrerapenik interesgarrienetako bat material hau izan da. Oso goxoa da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hori da, ehundura goxoa.
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Mendirako nahiz kalerako oso prenda erabilgarria izaten da hau.
Beste hau jantzi polar bat da, oso teknikoa, Regulator izenekoa. Egia esan, honen erabilpena mugatuagoa da. Oso goxoa, oso beroa da, baina haizea pasatzen zaio; hortaz, haize-egunetarako gainetik eskatzen du haizeari eutsiko dion beste zerbait.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zerbait itxiagoa, bai.
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Hau Primaloft da, azken boladan oso ezaguna egin den zuntza. Lumaren ordezko moduan erabiltzen da; eta, egia esan, emaitza oso politak ematen ari da. Hau ez da bustitzen. Honen ezaugarrietako bat, hain zuzen ere, horixe da: ura botata ez da busti-busti egiten, luma bezala edo jantzi polarra bezala. Eta beroa lortzeko oso material polita da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oso arina da. Luma bezain arina da?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Ez, pixka bat arinagoa da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oso arina da, hala ere.
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Hala ere arina da, bai.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Noizkoa da buzo hau, Alberto?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Honek dagoeneko baditu urte batzuk! 2004an Gasherbrum III-n erabilitako jantzia da. Honek barruan daukan betegarria zuntzezkoa da. Eta, egia esan, bere garaian bere eginkizuna bete zuen jantzi honek.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oraingoa berriz, bai, lumazkoa da, ezta? Beste urdin hau da erabiltzen duzuna.
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Bai, azken batean guk pisuari begiratzen diogu asko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ondo iruditzen bazaizu biluztu egingo dugu; beno, biluztu egingo zaitugu. Ez zaude zu barruan, baina zure arropa denez... Ikusteko barruan zer daukazun.
Geruza asko eramaten dituzu?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Nik, oro har, oinetan bi kapa erabiltzen ditut: Power Stretch bat janzten dut eta buzoaren praka. Eta, goiko partean, normalean lau kapa eramaten ditugu nahiz eta gehientsuenetan hiru erabili. Barruan janzten dugu Power Dry edo merino artilea; bigarren kapa moduan Power Stretch-a, hau oso beroa izaten da. Beste geruza bat eramaten dugu oso momentu kritikoetarako: gauean lo egiteko edo goizeko lehenengo orduetarako. Eta, zuzenean, buzoa, lumazko edo zuntzezko buzoa.
Komenigarria izaten da izerditan hasi aurretik zerbait kendu ahal izatea. Horregatik, kasu honetan buzo hau bi piezatan egina dago. Eta aukera ematen digu bai txaketa eta bai praka kentzeko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta era independentean erabiltzeko.
Zenbat gradutara egoten zarete arropa hau guztia behar izateko? Neurtzen duzue?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Egia esan, ez. Izan ditzakegu han hogei gradu zero azpitik mementorik hotzenetan. Hala ere, kasu hauetan hotza baino gehiago da altuerara egokitzerakoan gorputzean globulu gorriak neurri handian garatzen ditugula , 60-65 milioi globulu gorriraino iristen gara, eta odola sendotu egiten zaigula. Eta, hortaz, odolaren zirkulazioa moteldu egiten da, eta hotz-sentsazioa ere handiagoa izaten dugu. Horregatik zortzimilakoetan hotza baino arazo handiagoa izaten da odolaren sendotasun hori.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Horregatik atzamar-puntak errazago hozten dira?
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Hogei gradu zero azpitik agoantatzeko arropa hau gehiegi izango litzateke. Alpeetan ibiltzeko, adibidez... Hogei gradu zero azpitik ematen dira Alpeetan, baina ez genuke hainbeste arropa erabiliko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eskerrik asko, Alberto, hau guztia erakusteagatik.
ALBERTO IÑURRATEGI; mendizalea: Animatu zuek ere!