Burdina lurpetik atera eta lantzearen tradizioa aspalditik dator Euskal Herrian, baina 1913.urtera arte ez zen izan meatze alorreko ikasketa ofizialik. Langileburuak edo kapatazak prestatzeko Lanbide eta Arte eskolaren espezialitate moduan abiatu zen, XIX. mendean. Baina industrializazioak aurrera egingo bazuen ongi prestatutako profesionalak behar zituen, eta hala, duela mende bat, Meatzeetako eta Lantegi Siderurgikoetako Langileburuen Eskola izendatu zituen ikasketa haiek Madrilgo dekretu batek. Meatze Eskola jaio zen. Ehun urte juxtu betetzen dira orain gainera, abenduan izan baitzen, 19an hain zuzen.
HERIBERTO PÉREZ; Akademia Antolakuntzarako Zuzendariordea: Kaixo Iñaki!
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Aupa Heriberto! 100 urte izateko gaztetuta ikusten zaituztet, eraikin polita!
H.P.: Bai, eraikin berria daukagu, pasa den urtean estreinatu genuen, bigarren urtea dugu hemen aurten.
I.L.: Hemen gazteak ikusten ditut, hauek guztiek ez dakit meatzeetan lan egingo duten...
H.P.: Bai, beharbada bai, baina gaur egun meatze gutxi denez, arlo gehiagotan irakasten dugu.
Hainbat egoitza-aldaketa, hiruzpalau gerra, makina bat krisi eta 100 urte geroago, meatzeak ez dira desagertu eskolaren izenetik baina lekua utzi diote beste arlo batzuei. Hala ere, oinarrizko ezagutza eta ikasgai batzuk ehun urte iraun dute: mineralogia, topografia ,…. hau fisika laborategia da eta inertzia momentua zer den ari dira ikasten ikasleak, mekanikaren oinarrizko kontzeptua. Hau berriz nobedadea da. Ur araztegiak nola kudeatu ari dira ikasten gela honetan. Ikasgaietan bilakaera izan denik ezin da ukatu, baina askotan bilakaera logikoa izan da. Adibidez, metroko tunelak egiteko meatzeetako galerietan ikasitako teknologia erabiltzen da. 2000tik herri lanak, meatzaritza eta energiaren bidelagun dira.
H.P.: Hemen ikusiko dugu hormigoiarekin nola egiten dute lan.
I.L.: Porlana, hormigoia egiten ari dira gainera.
H.P.: Bai, fabrikatu egin behar dute eta gero konprobatuko da bere erresistentzia prentsa batean. Hau Harkaitz da, irakaslea.
HARKAITZ GARCÍA, Irakaslea: 3. mailako ikasleak dira eta ikasgaia da eraikuntzak eta obrak, eta helburua da errealitatean erabiltzen diren materialen, eraikinetako hormigoia kasu honetan, errezeta ezberdinak probatzea. Lan zehatz bakoitzarentzat hormigoi jakin bat behar da eta behar dugunaren arabera erabiliko dugu hondar gehiago, zementu gehiago, …
I.L.: Errezeta bat edo bestea. Esan duzunez, eskuak zikintzea ere komeni da ingeniari izateko.
HARKAITZ GARCÍA, Irakaslea: Bai, ohitzen joateko. Hauek hormigoiarekin lan asko egingo dute eta komeni da ohitzen joatea, hormigoia ezagutzea.
H.P.: Hau da benetako meatze-lanetako ikasgai bat. Lehergailuak nolakoak diren ikasten dute
I.L.: Harrituta nago: lehergailuak, detonagailuak,...
H.P.: Bideoetan ikusten da nola den benetako leherketa bat...
I.L.: ... nola planifikatu behar den adibidez material irteteko. Hau ez da meatzeetan bakarrik erabiltzen den teknologia, ikusten dugunez, herri lanetan ere bai.
H.P.: Bai, hor ikusten dena autopista bateko tutuak edo tunelak konektatzeko segurtasun galeria bat nola irekitzen den azaltzen da, nola egiten den boladura.
I.L.: Badu emozio puntu bat, arriskua ez nuke esango baina...
H.P.: Bai arriskua ere badu baina norbaitek sinatu behar ditu horrelako proiektuak eta hemen hori egiteko gaitasuna ematen diegu.
I.L.: Ikasle hauek badute errespontsabilitatea edo ardura.
H.P.: Hala da, eta horregatik serio hartu behar ditugu horrelako klaseak.
I.L.: Eta lorik hartu ez!
Jose Ignacio Gonzalezek eskolaren historiaren ikuspuntu hirukoitza du. Ikaslea izan zen duela ia 50 urte. Ikasketak hasi zituenean, eskolak egoitza suhiltzaileen parkearen gainean zuen, bedelak goardia zibil erretiratuak ziren eta berokia jantzita egon behar izaten zuten gelan, hotzagatik. A! eta goizez lan egiten zuen La Navalen, Sestaon. Meatze-lanetan ibilia da, Turtziozko kaltzita ateratzen, eta irakatsi ere irakatsi du, duela bi urte erretiroa hartu zuen arte.
JOSÉ IGNACIO GONZÁLEZ; meatzari,irakasle eta ikasle ohia: Meatze-makineria eta automatismoak, lehergailuen erabilera eta meatze-lanak, hiru ikasgai ematen nituen.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Zenbat istorio ikasle, irakasle eta meatzari bezala, izan ere zuk meategian egin duzu lan. Tira, ez dakit meatzari deitzea zuzena den…
JOSÉ IGNACIO GONZÁLEZ; meatzari, irakasle eta ikasle ohia : Bai, bai, hala naiz. Agruminsan hasi nintzen lanean, Orconerak eta Francobelgak bat egin zutenean, Altos Hornos-ek erosi zituen. Bizkaiko meatzeen berpizkunde bat izan zen, nolabait. 1975 ingurua zen eta teknikari gazte asko hasi ginen meategian. Eskolan ikasitakoa meategira eramaten hasi ginen, baina gauza bat da gelan lehergailuak ikastea eta, bestea, praktikan, meategian erabiltzea: horiek ur handiak dira. Lehenengo leherketak egin nituenean, ba hori, beldurtu egiten nintzen.
Jose Ignacio ez da hain zaharra tresna hauetako asko erabilia izateko. 100 urte, ehun objektu erakusketan meatzaritzako eta irakaskuntzako materiala bildu dute. Harri-zulagailuak eta apunteak. Hau adibidez, trigonometrian erabiltzen zen erregela bat zen, kalkulagailuak zabaldu aurretik erabiltzen zena. Ikasmahaiak eta dinamita. Gelatik meategirako bidea ikusten da hemen.
I.L.: Materialen zientzien ikasten duzue hemen…
Ikaslea: Material hauei, makina horretan presio eginez, zulotxo edo pitzadurak egiten dizkiegu eta neurtu egiten ditugu gero mikroskopioarekin, eta formula bat aplikatuz gogortasuna ateratzen dugu. Titulazio zaharra daukat eta zubi-kurtso bat ari naiz egiten.
I.L.: Bukatu ondoren non ikusten duzu zure burua?
Ikaslea: Ez dakit, agian ikasten jarraituko dut, masterren bat edo… ez dakit, krisiarekin…
Ez da ez garairik onenena baina meatze-ingeniari eta herri-lanetako ingeniarien lan- esparrua ezin zabalagoa da: ikusi bezala, leherketak diseinatu eta gauzatzea, meatze ustiategiak eramatea, noski, petrolioa edo gasa atera eta fintzea, hondakinak kudeatzea, zubiak eta errepideak eraikitzea, ur-araztegiak kudeatzea, , klimatizazio instalazioak diseinatzea, zentral hidroelektriko bat zuzentzea
Hori guztia irakatsi, eta gainera, eskolan ikertu ere egiten da. Laborategi honetan energia termikoa metatzeko gai diren materialekin egiten dute lan. Nolabait bateria bat da hau, beroarekin kargatu egiten da. Orain hotza dago, baina aktibatzaile metalikoa sakatuz berreskuratu egiten da bertan metatutako energia.
GONZALO DIARCE; Ikertzailea: Teknologia hau erabiltzen dugu eraikinen instalazio termikoak hobetzeko edo fatxadak egiteko.
I.L.: Beroa gordetzen duten fatxadak?
GONZALO DIARCE; Ikertzailea: Fatxadaren inertzia termikoa areagotzea da asmoa eta, hala, bere errendimendu energetikoa hobetzea, bere eraginkortasuna. Beste erabilpen bat litzateke, energia berriztagarrietan, beroa gordetzeko moduak hobetzea, sistema eraginkorragoa egiteko.