MARTERAKO BIDAIA BIRTUALA
Marterako bidaia errealitate bat da dagoeneko. Hori bai, errealitate birtuala. Google Earth informatikako programak ateak zabaldu dizkio Planeta Gorriari. Programa horren bidez, planetaren irudiak ikusi ahalko dira hiru dimentsiotan; baita sateliteko irudiak ere. Planetaren leku jakin bateko mapa eta eskalara egindako irudiak ere helaraziko dituzte.
Erabiltzaileak orain mende bateko Marteko mapak ikusi ahal izango ditu. Baita Odyssey eta Mars Reconnaissance Orbiter ontziek jasotako azken irudiak ere.
ADAMS, ROBOT ZIENTZIALARIA
Adams du izena, eta zientzialarien lagunik onena izatera irits daiteke. Zientzia-ezagutzak dituen robot honek egunean mila esperimentutik gora egin ditzake. Legami-geneen funtzioa aztertzeko sortu zuten, eta horietako 12 generen funtzioa aztertzea izan da haren lana orain arte. Adimen artifizialari esker, Adamek hipotesiak proposatu ditu, eta horiek egiaztatzeko esperimentuak egin ditu. Laborategiko materiala erabiltzeko gai izan da, eta baita emaitzak interpretatzeko ere. Zientzialarien ustean, 20 urte barru Adamen moduko robotak ohikoak izango dira laborategietan.
EGUZKIA MOTELDUTA
Azken 100 urteetako eguzki-jarduera txikiena omen da 2009koa. Eguzki-orbanen azken hiru hilabeteetako azterketa egin ondoren ziurtatu du hori NASAk.
Eguzkiaren azalean daude eguzki-orbanak, eta magnetismoz beteriko uharteak dira, planeten tamainakoak. Bengalen moduan aritzen dira, UVA izpien erradiazioa jaurtiz. Eguzki-orbanak izatea eguzki-jardueraren erakusgarri da.
Urtea hasi eta lehenengo 90 egunetatik 78tan ez da eguzki-orbanik sumatu. Horrenbestez, eguzkiaren jarduera oso txikia izan da. 2008ari begira jarriz gero, berriz, urtearen % 73an ez zen eguzki-orbanik sortu. Eguzki zikloak aurreko urtean hondoa jo zuen seinale da hori.
ANTARTIKA EKOSISTEMAK GALTZEN
Antartikako glaziarretik bereizi den izozmendi bat izotz-zati bat baino askoz gehiago da. Hamar urteren buruan, haren gainazalean mikroorganismoak sortzen dira. Ur gazia eta geza elkartzearen ondorioz, ibai baten bokalean sortzen den antzeko fenomenoa gertatzen da. Horri esker, mikroalgak sortzen dira gainazalean, eta izotzezko azal moduko bat eratzen dute. Science aldizkariak kaleratu duen ikerketa baten emaitzak dira horiek.
Ozeanoen tenperaturen gorakadak, ordea, ekosistema horiek sortu aurretik desegin ditzake izozmendiak.
Tenperatura-gorakada horrexek berak desegin du Wilkins izotz-xafla eta Antartika lotzen zituen izotzezko zubia. Azken urteetako izotz-askatze handiena izan da. Zientzialarien esanean, Wilkins izotz-xaflak 1.800 kilometro karratu galdu ditu azken urtean, bere azaleraren % 14.