Ez dago malkorik isuri ez duen gizakirik.
Are gehiago, ez dago malkorik isuri ez duen ugaztunik ere.
Izan ere, begiak kliskatzen ditugun bakoitzean, malkoak isurtzen dira. Beharrezkoak dira begiak heze eta garbi mantentzeko eta osasuntsu egoteko. Lipidoak, proteinak, mukia eta bakterioen kontrako substantziak dituzte malkoek; baita gatza ere, eta horregatik dute itsasoaren zaporea.
Malkoak begien atzeko aldean dagoen malko-guruinak sortzen ditu, eta klisk egiten dugun bakoitzean begi osora zabaltzen dira. Soberan dauden malkoak sudur aldean dagoen biltegi batera doaz. Biltegia sudurretik hain hurbil egoteagatik sortzen dira mukiak negar egitean.
Oinarrizko malkoak dira horiek, baina bada beste malko-mota bat, betazalaren kliskarekin zerikusirik ez duena: arrotza den zerbaitek sortutako malkoak dira. Adibidez, erreflexuzkoak, tipulak, keak eta gasek sortzen dituzten malkoak. Partikula arrotz horietatik begia garbitzea dute xedea.
Minak, tristurak eta pozak ere sortzen dituzte malkoak; haien konposizioa ez da gainerakoena bezalakoa, helburua ez baita begia garbitzea. Sentimenduek sortutako malkoek barrua garbitzeko balio dute. Malko berezi horiei negarra deitzen diegu. Biltegian lekurik ez eta, masailetik behera tantaka jaisten dira.