Pantaila baten aurrean jolasteko modua ere etengabe aldatzen ari da. Spectrum kontsolaren edo ordenagailuaren teklatua erabiltzetik, Nintendo edo Sega etxeetako mando eta joystick-ekin jolastera pasatu ginen. Baina Wii jaio zenetik, elkar eragiteko moduak iraultza handia izan du.
Gure gorputzaren mugimenduak ezagutu, identifikatu eta pantailan dugun jokoan txertatzeko gai dira gailu horiek. Kontsola-ekoizle nagusiek, gainera, lehia gogorra abiatu dute. Nintendok Wii Motion Plus kaleratu du. Orain arteko mandoari sentsore gehiago jarri dizkio, eta, hala, mugimenduak hobeto identifikatzeko gai da.
Play Station 3k Motion Controller merkaturatuko du, udaberrian. Azken horrek mandoko sentsoreen informazioa eta kontsolako kamerak hartzen dituen irudiak konbinatzen ditu, eta gai da jolasten ari denaren emozioak ezagutzeko: eskuetako dardarak urduri dagoela adierazten du, eta kamerak pertsonaren aurpegi irribarretsua ezagut dezake.
Microsoft-ek aurkeztu duen "Project natal" egitasmoak, aldiz, ez du mando baten beharrik. Horren ordez, telebista gainean jartzeko aparailu bat garatu du Xbox-entzat. Sistema gai da lau pertsonaren mugimenduak interpretatu eta ahotsak ezagutzeko, eta jasotzen duen informazioari erantzuteko.
Asko dago oraindik egiteko bideojokoen esparruan, baina ez dago hain urrun pantailan ikusi eta bizi duguna geure azalean sentituko dugun eguna.