Aste honetan, Aretxabaletako Jon Perezek egin digun galderari erantzungo diogu gure osasun-tartean. Jonek oso galdera interesgarria bidali digu: ziur asko, guztiok, noizbait, geure buruari egin diogun galdera. Kimioterapiaren eragiteko moduari buruz jakin nahi du Jonek, eta hala dio bere galderak: Kimioterapiak zelula txarrak zein onak hiltzen baditu, zergatik ez gara hiltzen? Ea, ba, hor doa erantzuna.
Dakizuenez, gure gorputzeko zelulak etengabe ugaltzen dira. Dena dela, zelula guztiak ez dira abiadura berdinean ugaltzen: badira zelula batzuk beste batzuk baino azkarrago ugaltzen direnak.
Kimioterapiak, batez ere, ugalketa-erritmo azkarra duten zeluletan eragiten du, eta minbizidun zelulen ezaugarri nagusietako bat hori da... alegia, oso azkar ugaltzen direla.
Minbizi-zelulak bezain azkar ugaltzen diren zelulak ere baditu giza gorputzak: esaterako, ilearenak, azalarenak... eta, agerikoa denez, kimioterapiak horietan ere eragiten du. Hau da, ugalketa azkarra duten zelula guztietan eragiten du kimioterapiak, kontuan hartu gabe minbizi-zelula den ala ez.
Zer gertatzen da ugalketa-erritmo motelagoa duten zelulekin? Eragiten al die kimioterapiak? Bai, baina askoz gutxiago.