Kimika artearen mesedetan
Euskal Herriko Unibertsitateko Farmarterm ikerketa-taldeak kimika analitikoaren teknikak aplikatzen ditu artelanak zaharberritzeko eta sinaduren datazioari egiteko.
Duela mende batzuk egindako margolanak noizkoak diren jakiteko balio du kimika analitikoak, eta margolanak egiazkoak diren ala jakiteko ere bai. Gainera, artelan bat zaharberritzean arriskuak murrizteko ere balio du kimika analitikoak. Adibidez, zahartutako berniza kentzean, azpian dagoen pinturari kalterik ez egiteko.
Bestalde, dokumentuen auzitegi-analisia egiteko ere aplikatzen da kimika analitikoa, sinadurak egiaztatzeko eta datatzeko.
Hegaluzearen bizia kontrolpean
AZTI-Tecnaliak hegaluzearen portaera ezaguzteko marka elektroniko bidezko azterketa bat hasi du. Horretarako, pop up markak erabiliko ditu. Pop up delakoa marka elektroniko berri bat da, arrainaren kanpoaldean jartzen dena. Handik denbora batera, askatu egiten da, uraren azalera irteten da, eta metatu duen informazioa satelite bidez transmititzen du kontrol-zentrora.
Udako hilabeteetan hainbat hegaluzeri bizkarraldean jarriko dizkieten transmisore eta kirurgia bitartez ezarriko zaien barne-marka elektronikoei esker, espezie horren migrazioari eta portaerari buruzko jarraipena egin eta informazio ugari lortu ahalko dute.
Lainoa Lurraren babesle
Duela 4.000 miloi urte, Lurra biltzen zuen laino organiko bati esker ez zen gure planeta izoztu, eta tenperatura mantendu zen bizitza aurrera atera ahal izateko.
Laino-geruza hori Titan Saturnoren ilargiak gaur egun duenaren antzekoa zen, eta izpi ultramoreen ondorio txarrak ekiditzen lagundu zuen. Gainera, amoniakoa eta antzeko gasak sortzen lagundu zuen; gas horiek berotegi-efektua eragin zuten, eta horri esker Lurra ez zen izoztu, nahiz eta eguzki-izpiak ia ez ziren iristen Lurraen azalera.
Hori da Coloradoko Unibertsitateko zientzialari-talde batek Science aldizkarian kaleratu duen ikerketa baten emaitza.
Birtuala errealitatearen ispilu
Teknologiak urrats berri bat eman du errealitate birtualaren munduan. Erabiltzaileak gai dira beste baten gorputzean sartzeko eta esperimentatzeko zer den beste sexukoa izatea edo zer sentitzen den ezberdintasun handiak izatean, adibidez gizentasun handiko pertsona batenak.
Europako zientzialari-talde batek prestatu du esperimentua eta 24 gizasemek hartu dute parte. Errealitate birtualari esker, sinestarazi diete ikusten zuten emakumearen gorputza eurena zela.
Proiektuaren helburua burmuinaren mekanismoak hobeto ulertzea eta erabiltzea da, errealitate birtualaren esperientzia hobetzeko.