Karbonozko bizikletak Joseba Belokirekin
2011/05/08 Elhuyar Iturria: Teknopolis
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Egun on!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zuk jarraitzen duzu bizikletan ibiltzen, ikusten dudanez.
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Bai, jarraitzen dugu, bai.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Afizioa zer den!
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Gure lana izan da orain arte, eta honezkero... utzi gabe.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Pentsatzen dut errepidean zoazenean beste zikloturistek begiratuko diotela zure bizikletari. Gainera, uste dut nahiko kapritxosoa zarela neurri kontuetan.
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Bai, azkenean gure lana izan da. Uste dut txirrindularitzan dauden hainbat teknologia aztertuta dauzkagula, eta, dudarik gabe, bai, jendeak begiratzen dizu. Gehienbat, jendeak nahi duena da zuk bezalako bizikleta eraman. Orain honetan gabiltza, asunto honetan lanean.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zer bizikleta daukazu orain?
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Orain Cosmos marka sortu berri dugu. Karbonozko koadroen eta osagaien proiektu bat jarri dugu martxan. Eta gustura.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ze ezaugarri izan behar ditu errepideko bizikleta on batek? Zeri erreparatu beharko genioke?
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Nik uste dut lehenengo gauza erosoa izatea dela. Ez da bakarrik itxurosoa izatea, pinturaren aldetik polita izatea. Dudarik gabe hori da begietatik lehenengo sartzen dena. Baina eroso joan behar duzu, azkenean ordu pila bat sartzen dituzulako bizikletaren gainean, eta ondo heldu behar duzu etxera, bizikleta bakarrik izan dadila entrenatzeko. Bizikletak erosoa izan behar du, ondo konpentsatua angeluen aldetik, atzealdea mugitu dadila pixka bat sorbaldan arazorik ez izateko... Eta hori da; azkenean eroso joatea da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta zergatik aukeratu duzue karbono-zuntza?
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Ni hasi nintzenean bizikletan, bederatzi urte nituela, altzairua zen, gero, aluminioa; titanioarekin ere ibili ginen, baina, azkenean, karbonoa da materiala. Eta ez bakarrik txirrindularitzaren munduan, baita kotxeenean ere; motorraren munduan dena karbonoa da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kirol guztietan agertzen da orain.
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Pisuaren aldetik oso pisu arina lortzen duzulako. Bibrazioak izugarri leuntzen dituelako eta, dudarik gabe, segurtasuna ematen dizulako karbonoak.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta non egiten dituzue bizikleta hauek?
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Ingeniaritza eta moldeak hemen egiten ditugu.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Gasteizen bertan?
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Gasteizen egiten dugu. Guk nahi genuen hemengo proiektua izatea, hemengo jendearekin egiten dugulako lan. Hitzarmenak izan ditugu: Epsilonekin izan genuen hitzarmentxo bat, eta hemengo ingeniaritza-talde batekin. Eta, gero, Txina partean egiten dira, Taiwan eta Txina aldean, karbono ia guztia Japoniatik baitator. Ez dakit hemendik aurrera nola ibiliko garen Japoniakoa dela eta, baina tira.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oso ondo, Joseba. Zuk jarraitu entrenatzen, eta nik haiei bisita bat egingo diet ikusteko diseinua eta. Eskerrik asko!
JOSEBA BELOKI; Cosmos: Ondo segi!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kaixo, Peio!
PEIO RUIZ; Cosmos: Kaixo!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hau bizikletaren koadroa da, eta karbono-zuntzezkoa da. Zergatik dauzka halako propietate onak karbono-zuntzak?
PEIO RUIZ; Cosmos: Lehendabizi, gogorra da, pisu txikia dauka, lantzeko nahiko ona da. Eta, gero, beste alde batetik, indarra egiten duzunean material gogorrak, malguak, behar dituzu, eta geometriaren aldetik utzi behar dizu gauzak egiten, gauzak hobetzen. Adibidez, hau ez da zuzena, angelua dauka. Zergatik? Geometriaren aldetik, asfaltoak eta bideak eragindako bibrazioak absorbitu egiten ditu. Lehen, aluminiozkoak egiten zirenean, edo burdinazkoak egiten zirenean, oso gogorrak izaten ziren. Honek absorbitu egiten ditu, eta leunagoa da.
Zer gune kritiko dauzka koadro batek? Burua deitzen dena, pedalen ardatza eta hemen ikusten ditugun junta hauek. Denean material berdina jartzen baduzu, horrek esan nahi du ez duzula kontuan hartzen zer leku ari zaren lantzen.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orduan karbono desberdinak daude?
PEIO RUIZ; Cosmos: Desberdinak daude, mota pila bat daude.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta, orduan, ze desberdintasun dago aleazio baten eta bestearen artean?
PEIO RUIZ; Cosmos: Bata askoz erresistenteagoa dela bestea baino, eta, segun eta nola jartzen dituzun, horrek ere egiten du portaera desberdina izatea. Adibidez, ez da berdina bihurritua izatea...
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Normalean horrela ezagutzen dugu, ezta? Bistan ikusten dugunean bihurritua da.
PEIO RUIZ; Cosmos: Bai, baina hemen beltza ikusten da, ezta? Hori luzetara jarri dugu.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta nola egiten da honelako koadro bat?
PEIO RUIZ; Cosmos: Hasten da dena burdinazko matrize handi batean, poliuretanoa sartzen da, eta moldea egiten da. Molde horren arabera jartzen dira karbonozko laminak. Etxean erabiltzen dugun aluminiozko papera nola, bada, horren antzekoa da, baina karbonozkoa.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orduan bildu egiten da moldea.
PEIO RUIZ; Cosmos: Bildu egiten da dena. Eta, gero, gune kritikoetan biltzen da bi, hiru, edo lau aldiz. Eramaten dugu labe batera, eta labean trinkotu egiten da. Baina labean sartu baino lehen, beste prozesu bat daukagu, eta hori pixka bat gurea da, gure teknika txiki bat da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Sekretua da?
PEIO RUIZ; Cosmos: Bai, sekretutxo bat edo... Beno, orain ez da sekretua izango! Sartzen ditugu makina batzuetan, hutsezko makinetan, eta airea kentzen diogu. Bestela karbonoaren barruan poltsa txiki batzuk geratzen dira.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Aire-poltsak, ezta? Arazoak ematen dituzte poltsa horiek.
PEIO RUIZ; Cosmos: Horrek esan nahi du zuntz baten eta beste zuntz baten artean ez daukala nahiko trinkotasun.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zenbat piezatan dago egina?
PEIO RUIZ; Cosmos: Bost bloke dira, desberdinak, baina, urtzerakoan, bat egiten da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eskerrik asko, Peio.
PEIO RUIZ; Cosmos: Zuei!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia