Urtero 200 eta 600 itsasontzi artean zatikatzen dira mundu osoan. Kaltetuta edo jada zahartuta dauden itsasontziak dira. Ez dira inoiz itsasora berriz bueltatuko, eta haien etorkizun praktikoena altzairua birziklatzea da. Herrialde batzuentzat, itsasontzien zatikatzea altzairua lortzeko iturri garrantzitsuenetakoa da. Baina jarduera horrek osasunean nahiz ingurumenean dituen ondorioen inguruan, segurtasun falta handia dago. Gainera, jarduera honen beste arazo handietako bat zera da: herrialde bakoitzak bere lan egiteko modu eta baldintza propioak dituela.
Europar Batasuneko DIVEST izeneko proiektuak jarduera horren inguruan parte hartzen duten parametro guztiak bateratu nahi ditu horretarako sortutako datu-base komun batean. Helburua da jarduera hori segurua izatea lortzea.
Nabigatzeko zaharregiak diren ontzietarako hilerria da hau.
Egunero-egunero, ehunka langilek ontzi handiak desegiten dituzte Turkiako Aliağa hirian, antzinateko Aeoliaren bihotzean. Lehorreratu eta pieza txikitan ebakitzen dira ontziak hormigoizko zoruaren gainean, erregai-isuriek edo hondakin toxikoek lurrean nahiz uretan eragin lezaketen poluzioa ekiditeko.
Ebakitako metal-piezak txukun-txukun paratzen dira galdategietara bidali aurretik. Jatorri honetako altzairua Turkiako altzairu-produkzio gordinaren % 3 da.
Dimitris Ayvatoğlu / Aliagako ontziolaren jabea:
"Ontzi guztiak, ezinbestean, zahartu egiten dira eta inoiz baztertu behar izaten dira; bada, horretarako bide egokiena birziklatzea da. Altzairu asko dago ontzietan, altzairuzkoak baitira batik bat; hala ere, badira berrerabiltzeko nahiz birziklatzeko moduko beste gai asko ere."
Urtero-urtero, 200 eta 600 ontzi handi bitarte desegiten dira munduan barrena.
Industria honek ingurumenari eragin liezaiokeen kalteak sortutako kezkak bultzatuta, ikerketa-proiektu bat finantzatu du EBk ontzi-desegitea seguruago eta berdeago bilakatzearren. DIVEST du izena eta ontzi-desegiteak eragiten dien kontu sozial, tekniko, ekonomiko nahiz ingurumenari dagozkionak aztertzen ditu.
Jean-Christophe Saint-Genies / DIVEST Proiektuaren Koordinatzailea:
"Gure proiektuaren berezitasun nagusia da ikuspegi holista aplikatzea, ontzi-desegitearen industriak nahiz zenbait organismo autonomo publikok egindako ikerketetan oinarritua den ikuspegi oso eta integratua, hain zuzen. Halaber ditu oinarri kasu eta analisi errealak, desegitearen industriak bere jardunaren hainbat kontu eta dimentsio aztertzeko egindakoak.
Nazioartean ontzi-desegiterako estandar komunak ezartzeko ahaleginak gorabehera, gaur egun jarraitzen diren metodoak eta kondizioak oso desberdinak dira herrialde batetik bestera.
Adituek nahi dutena da egoera hobetzen lagunduko dien hainbat jarduni buruzko datu-base fidagarri bat.
Selim Alkaner / DIVEST Proiektuaren Koordinatzaile Teknikoa:
"Ezagutu aurrena zeure arazoa, behatu eta ulertu; hasi orduan datuak biltzen eta neurketak egiten. Neurtzeko gauza baldin bazara, orduan kudeatzeko ere bai. Baina ez baldin bazara neurtzeko gauza, kudeatzeko ere ez. Hutsune hori neurketak eginda estali nahi dugu. Horixe da gure proiektuaren motibazio nagusietako bat, datu kuantitatiboak biltzea."
Ontziak desegiteko Europako eta Turkiako instalazioak merkatu osoaren zati txiki bat besterik ez dira. Munduko ontzi-desegiteen % 80tik gora Indian, Pakistanen eta Bangladeshen egiten da, han eskulana merkea baita eta ontzi-jabeen mozkina, hartara, handiagoa.
Ez dago zoru iragazgaitzik ikusterik hemen, ez eta makineria astunik; hondartzetan desegiten dira hemen ontziak, inoiz oso kondizio arriskutsuetan.
Alegia, istripu asko gertatzen da, osasun-arrisku handiak daude eta gai arriskutsuek kostako eremu zabalak poluitzen dituzte.
Baina industria honek milaka lanpostu ekarri ditu oso eskualde pobreetara. Horrez gainera, lana eskuz egiteak txukuntasun handiago dakar gaiak sailkatzean. Izan ere, balioa duen pieza oro kontu handiz ateratzen baita ontzitik berriz erabiltzeko edo birziklatzeko.
Shyam R. Asolekar / Mumbaiko Indian Institute of Technology-ko irakaslea
"Indiari dagokionez, ez gara ontzi-desegiteari buruz hizketan ari. Aitzitik, ontziak birziklatzen ari gara. Hauxe baita ontzi-desegite arruntaren eta Indian egiten den ontzi-birziklatzearen arteko alde nagusia: berrerabili nahiz birziklatu daitekeen elementu oro, modu batean edo bestean, berrerabili edo birziklatu egiten dela.
Prezioa da ontzi-jabeentzako faktore erabakigarria: Europan halako hamar bat aldiz irabazi handiagoak lortzen dituzte beren ontziak Bangladeshen deseginda, bertan segurtasun-estandarrak munduko baxuenak direlako. DIVEST proiektuaren ohiko bileretan, beren aurkikuntzak aurkezten dituzte zientzialariek datuak industrian hedarazteko asmoz.
Bien bitartean, Suediako Göteborg hirian datza Full city-ren karkasa. Txinako petrolio-ontziak lehorra jo zuen Norvegiako kostan galerna handi batean, kalte larriak izan zituen kroskoan, eta galdu zuen erregaiak kosta poluitu zuen.
Txinara itzuli aurretik ordeztu egin behar dira kroskoaren azaleko metalezko hainbat xafla. Beraz, aukera ona izango dute ikertzaileek ontzi-desegiteak berekin dakartzan ohiko zenbait arrisku neurtzeko.
Bideokamera batek langileen ekintza guztiak erregistratzen ditu gainean eramateko moduko sentsoreen bidez jasotako ke-mailari buruz datuekin batera.
Ing-Marie Andersson / Dalarnako Unibertsitateko irakaslea
"Hautsa eta partikulak neurtzeko gailu bat dugu hemen, motxilan; halaber daukagu telemetriako ekipamendua, hartara ordenagailu honetara seinalea bidal dezakegula. Azkenik, hodi txiki bat dugu hemen, arnasaren bidean, langileak arnasten duen bezalako airea analizatu ahal izateko tresnarekin.
Suedian, ketatik babesteko, gasen aurkako maskarak janzten dituzte langileek. Baina Hego-Asiako herrialdeetan, kea arnasteak ontzi-desegileak hiltzen ditu.
Sonny Nilsonek ondo ezagutzen ditu ontziolako arriskuak. Hogeita hamar urtez jardun du lanean Göteborg-eko ontziolan.
Sonny Nilson - Gotaverken Cityvarvet-eko langilea
"Erreta buka zenezake. Edota altura handi batetik amilduta, batez ere neguan, dena labaina dagoenean. Edota, jakina, buruak eroritako zerbaitek noiznahi kolpatuta. Nik uste dut hemen jardungo duen azken belaunaldia izango garela. Lan zikin eta arriskutsua da, eta gaur egungo gazteek nahiago dute ordenagailuekin lan egitea."
Langileen ekintzak zorrotz zaintzeak ke toxikoetarako esposizioa murriztera eraman gintzake. Eta horrek bizitzak salba litzake.
Gunnar Rosen / Dalarnako Unibertsitateko irakaslea
"Telebista-pantaila honetan dugu zaintzen ari garen langilea; barra gorri horrek adierazten du zaintza-tresnak bidaltzen duen informazioa: zenbat eta luzeagoa izan barra, orduan eta handiagoa esposizioa..." "Hori ke eta hautserako da, baina baditugu zaratarako eta disolbatzaileetarako tresnak ere. Halaber zain ditzakegu giharren aktibitatea, bihotzaren abiadura eta interesatzen zaigun edozein aldagai".
Hego-Asiako gobernuek datu hauen premia dute beren herrialdetako ontzi-desegiteko industriaren lan-kondizioak benetan hobetuko badira.
Ontziak desegiten diharduten herrialde nagusien artean, orain artean Indiak bakarrik garatu du hondakin arriskutsuak kudeatzeko, langileak trebatzeko eta osasuna zaintzeko azpiegituraren bat, azken urteotan. Bangladesh eta Pakistan atzetik doaz, baina beren hobetzeko gogoa aldarrikatu dute.
Shyam R. Asolekar / Mumbaiko Indian Institute of Technology-ko irakaslea
"Egiatan diotsut, aldaketa nonahi ari da gertatzen. Denbora-kontua besterik ez da urtetik urtera askoz ere egoera hobea ikustea".