Autonautic Instrumental istas kiroletako tresneria fabrikatzen duen lantegira bisita
Autonautic Instrumental itsas kirolerako tresneria fabrikatzen duen Espainiako lantegi bakarra da. Bertan ekoizten dituzte aisialdirako itsasontziek nabigatzeko behar dituzten iparrorratzak, meteorologia-tresnak eta ordulariak.
Bartzelonako El Masnou herriko eraikin honetan ezagutu ditugu itsasorako iparrorratzen gakoak.
Lantegi txikia da, familiarra. Bost lagunen artean mundu osotik heltzen zaizkien eskaerei erantzuten diete.
Bi dira fabrikako ardatz nagusiak: batetik, fabrikazioa, eta, bestetik, konponketa.
Muntaia da fabrikako lana. Lehenik, pieza guztiak bildu behar dira: imanak, arrosa, txapitela, zafiroa, estiloa, portaestiloa... Abiapuntua, iparrorratzaren bihotza, imanak dira.
Joaquin Fabregat: Iman gehientsuenak fabrikatzaile espezializatuei erosten dizkiegu, eta kargatuak etortzen zaizkigu. Aleazio bereziaz egiten dira imanak, alnikoz, eta molekulak orientatuak datoz galdategitik. Hortaz, imanek magnetismoari eusteko gaitasun handia dute,eta araudien baldintzak betetzen dituzte.
Arrosak edo haizeen arrosak, puntu kardinalak erakusten ditu. Imanak arrosaren atzealdean jartzen dira, orientazio jakin batean; izan ere, iparra erakutsi behar du orratzak. Ondoren, estiloa, hau da, arrosa goitik behera zeharkatzen duen orratza. Eta, orekatzeko, zafiro bat ezartzen zaio.
Oinarrizko muntaia bukatutzat emateko, iparrorratza nibelean dagoela ziurtatu behar da. Ez bada horrela, orekatzeko karga jarri behar zaio, horizontaltasuna lortu arte.
Joaquin Fabregat: Fase honetan jartzen dugu arreta handiena. Doitze-lanean, zehazki. Gero beste fase batzuk daude, kolimazioa edo fase bisuala... Baina, benetan, saiakuntza-bankuan egiten den doitzea da arreta handiena eskatzen duena.
Saiakuntza-bankua iman erraldoi bat da. Hor ikusten da iparrorratzak ondo erakusten duen ipar magnetikoa. Akatsak baditu, doitu egiten da.
Joaquin Fabregat: Autonautic-ek asko afinatu du beti muntaian eta konpasen fabrikazioan. 0'5 graduko tartean gaude. Horrek ez du esan nahi hori denik daukagun tolerantzia, baina beti 0'2, 0'1eko tolerantzia izaten dugu.
Iparrorratzaren muntaketa amaitzeko, morteroa deituriko edukiontzi batean kokatzen da. Goi-mailako polimeroak erabiltzen dituzte morteroa pieza bakarrean egiteko. Azpian, dilatatu eta uzkurtu egiten den mintz bat du, tenperaturen aldaketei egokitzeko. Edukiontzia lupa-efektua egiten duen metakrilatozko kupula batez estaltzen da. Hermetikoki itxi ondoren, likidoz betetzen da, itsasontziaren mugimenduak eragina izan ez dezan arrosan.
Kalitatezkoa izan arren, komeni da iparrorratzaren mantentze-lana egitea, eta denboraren nahiz erabileraren poderioz sortzen zaizkion arazoak konpontzea.
Joaquin Fabregat: Konpasak bi arazo izaten ditu. Lehenengoa, likidoa hustu egiten dela iragazgaitztasuna galduz joaten delako,, dilatazio- eta kontrakzio-mintzagatik. Eta hori arazo handia da.
Bestalde, estiloa borobildu egiten da, marruskadura handiegia duelako. Hori gertatuz gero, iparrorratza ez da bere onera etortzen. 90 graduko mugimendua egin ondoren ez da bere norabidera itzultzen, eta 5, 6 edo 10 graduko erroreak sortzen ditu, ez baita brankaren norabidera itzultzen.
Joaquin Fabregat: Imanak normalean ez du magnetismoari eusteko gaitasunik galtzen. Hori bakarrik gertatzen da oxidazioa dagoenean, mantentze-lan kaskarra egiteagatik. Orduan imanak aldatu egin behar dira. Baina, normalena arazoa estiloko marruskadurarengatik sortzea da, edo iragazgaitztasunak. Baina imanak, berez, ez du arazorik sortzen.
Urte asko iraun dezake iparrorratz batek, eta mantentze-lan egokia eginez gero, ez da aldatzeko beharrik egongo. Berak erakusten du itsasontziak hartu behar duen norabidea zazpi itsasoak zeharkatzeko.