2011
tableten urtea izango da. Horregatik, gaur iPad-ari buruz hitz egingo dugu. Duela urtebete aurkeztu zen, eta orduz geroztik beste hainbat modelo agertu dira, horietako batzuk ezaugarri tekniko hobeekin. Baina inork ez du lortu Apple-en tabletak duen erabilerraztasuna eta haren salmentak gainditzea.
Ordenagailu eramangarriak, ukipenezkoak, arinak eta oso meheak dira tabletak. Batik bat Internetera konektatzeko daude pentsatuta. Modelo honekin, esate baterako, edozein tokitatik konekta zaitezke, WiFi eta 3G bidez. Gainera, pantaila bi hatzekin maneiatu daitekeenez, saretik nabigatzea oso erraza eta intuitiboa da.
Kalitate handiko pantaila bat dauka, argazkiak eta filmak ikusteko edo bideojokoekin jolasteko. Liburu elektronikoak irakurtzeko ere balio du. Hori bai, LED pantaila bat denez (ez du tinta elektronikorik erabiltzen), begiak lehenago nekatzen dira, eta kanpoaldean bazaude, ez da hain ondo ikusten.
Edukiak zure ordenagailuarekin sinkronizatu behar dituzu iTunes-en bidez, iPadak ez baitu USB porturik, ezta SD txartel-irakurgailurik ere. Aurrez instalatuta dauzkan programez gain, hala nola nabigatzailea, posta edo agenda, aplikazio asko deskargatu ditzakezu Apple-en dendatik, doakoak edo ordainpekoak.
Prezioari dagokionez, 16 Gbko memoria eta WiFia daukan modelo xumeenak 488 € balio ditu, eta , WiFi, 3G eta 64 Gb dituen honek, berriz, 793 €. Gaur egun, kapritxo garesti bat zaigu, baina hemendik urte batzuetara ia denok eramango dugu tablet bat poltsan, seguru.