Sagua, teklatua eta joysticka alde batera utzi, eta ordenagailua eskuekin kontrolatzera gonbidatu gaituzte tabletek. Interneten nabigatzeko eta bideojokoekin jolasteko modu berriak ireki dituzte. Baita aldizkariak irakurtzeko modu berriak ere.
Hemen daukadan hau IMAG da tabletentzako bereziki garatu den lehen gaztelaniazko aldizkaria. Teknologia, diseinua, aisialdia eta tendentziak aztertzen dituen hilabetekaria da.
Aldizkari elektronikoek paperezkoen aldean berrikuntzak ekarri bazituzten, mota honetako aldizkariak haratago doaz, batez ere interaktibitateari dagokionez.
Aldizkariaren azaletik bertatik nahi duzun artikulura joan zaitezke, edo beheko barra hau mugituz, orrialdeetan aurrera edo atzera egin. Testu bat irakurtzen ari zarenean, egilearen twitterra ikus dezakezu, edo mezu elektroniko bat bidali.
Gauzarik deigarrienetako bat irudiak dira. Ohiko argazkiez gain, bideoak txertatu dituzte, handitu ditzakezun argazki txikiak, 360 gradutan biratu ditzakezun irudiak... Tron filmari buruzko erreportaje honetan, adibidez, trailerra ikus dezakezu ikono hau ukituta.
IMAG aldizkariaren zero zenbakia doan deskargatu dezakezu Apple-ren dendatik. Oraingoz, iPad-etan bakarrik irakur daiteke, baina laster egongo da Android, Windows edo Blackberry sistema eragileak dituzten gailuentzat erabilgarri.