ANDONI ELU, ikaslea:Todoterreno estilora egitea pentsatu genuen, rallyetako estilora, aleta eta guzti.
MIKEL REKALDE, ikaslea: 75.000 euro, bai, merkea, nik erosiko nuke, dirurik baneuka.
JAVIER ARRIBAS, ikaslea: Beste talde batekin batera gutxien kontsumitzen duena, eta pozik gaude, bai.
San Pankrazio eguna ez da festa-egun soila Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoan. Motor-show edo auto-azoka bat bailitzan, 5. mailako Ingeniaritza Industrialeko ikasleek berek pentsatu eta egindako autoak dituzte erakusgai. Aurten,auto telegidatu bat diseinatu dute guztiek xasis berdina abiapuntu zutela, eta gaurko egunez lasterketa egingo da. Irabazlea ez da, hala ere, helmuga lehenengo zeharkatzen duena izango. Proiektuaren atal guztiek puntuak ematen dituzte, baina, gehiena, jendeak autoa erosten duen ala ez, eta lasterketak.
Lasterketa duela bi hilabete hasi zen.Egin beharreko lana zen, xasisaren gainean, konposite materialez egindako karrozeria diseinatu eta eraikitzea. Lehen lana, ordea, autoa definitzea izan zen, merkatuan kokatzea: modeloa, nori zuzendua zegoen, garestia izango zen ala segurtasuna izango zuen amu... Gehienek kirol-autoak egin dituzte.
JON IRAOLA, ikaslea: Deportibo asko, bai; inkesta bat egin genuen guk ikasleen artean, eta gehienak deportiboak atera ziren, gustukoenak haiek omen ziren.
JON AURREKOETXEA, irakaslea, Mondragon Unibertsitatea: Egiten duguna da proiektu bat, eta proiektu horretan uztartzen ditugu ikasgai ezberdinetako ezagutzak, esate baterako, produktuen diseinua, CAD, CAM, CAE, materialak, marketina eta hori guztia, eta gai bakoitza bere aldetik landu beharrean, egiten duguna da bildu proiektu baten inguruan, eta helburua horixe da, egiten ikastea.
Puntako teknologia da konpositeena, 1 formulan eta luxuzko auto bakan batzuetan erabiltzen dena. Orain, badirudi auto elektrikoek ere horrelako karrozerien alde egingo dutela apustu, karbonoa eta beira-zuntzak erabiliz, karrozeria arin eta sendoak lortzen baitira. Moldeetan egiten dira piezak. Kasu honetan, ikasleek pieza bakarrekoa egin behar zuten karrozeria; molde bakarrean, alegia.
IÑAKI ARRIETA, ikaslea: Gurea kotxe klasiko bat da, eta pentsatu dugu horregatik gehiago salduko dela.
ANDER MALBADI, ikaslea: Hau da brainstorming luze baten ondoren guk proposatu genuen emaitza. Deskapotablea edo sabairik gabe egitea pentsatu dugu; horretan oinarritu ginen, eta gero egin genuena izan zen jartzen zizkiguten neurrietara moldatu. Gutxieneko erradio minimo batzuk zeuden, moldetik desmoldagarria izan behar zuen, eta, orduan, gure emaitza izan zen hau.
Moldea egin behar da orain: 3D eredu birtualari dagokion ontzia.Hasierako estrategiak agintzen du hemen: batzuek lan-ordu gutxi erabiltzea aukeratu dute, auto merkea eta sinplea ekoitzi eta gehiago saltzeko.
JON AURREKOETXEA, irakaslea, Mondragon Unibertsitatea: Edo kontrakoa, igual oso polita da baina izugarri garestia eta inork ez du erosiko. Orduan, erosketa-irizpideak ez direnez garbi, ez da zientzia zehatz bat; haiek posizionamendu bat egin beharko dute, eta estrategia bat segitu beren produktuarekin, eta horren arabera garatu diseinua, fabrikazioa... dena.
Eroslea: Bai, botoa eman dut kaskelottikoen alde. Kontsumoa, zurruntasuna... eta, hori bai, askoz merkeagoa da, merkeena.
Bukaerako prezioan eragin zuzena du pauso guztietan eman den denborak, adibidez, moldearen mekanizazioan emandako orduek. Baina baita erabilitako materialak eta material-kantitateak ere, batzuk besteak baino garestiagoak direlako.
AINHOA ARTOLA, ikaslea: Nahiko polita gelditu da. Gure helburua zen deportibo bat egitea, segurua eta aldi berean prezioz eskuragarria mundu guztiarentzat.
ARITZ MARQUINEZ, ikaslea: Gureak asko balio du, baina nahi genuena segurtasuna zen, eta hori zen gure helburua lehen pausotik.
Karbono-ehunaren, beira-zuntz ehunaren eta mat izeneko beirazko sare moduko baten artean aukeratu ahal izan dute ikasleek.
IÑIGO ORTIZ DE MENDIBIL, irakaslea, Mondragon Unibertsitatea: Karbono-zuntz ehuna da ezaugarri onenak dituena erresistentziaren eta zurruntasunaren aldetik, baina garestiena ere bada. Beira-zuntza hobea da talka probetan. Azkenik, beira-zuntzezko mat honek ezaugarri mekaniko kaskarrak ditu, eta tokirik estetikoenetan erabiltzen da.
ARANTZAZU ARABAOLAZA, ikaslea: Hau adibidez, mat materiala, gure kasuan izkinetan doa, forma errazago hartzen duelako karbonoak edo beira-zuntzak baino.
IRANTZU BERGANZA, ikaslea: Azkar ibiltzea nahi izan dugu eta aldi berean konfiantza eta segurtasuna izan dezala. Segurtasuna bermatzeko, mutur luzea jarri diogu, kolperen bat egoten bada jendea bizirik irteteko. Kolpea xurgatzeko jarri diogu karbonoa, zurruntasuna emateko, eta beira-zuntzak energia gehiago xurgatzen du.
Ikasleak libre izan dira erabakiak hartzeko; irakasleen lana izan da haiek egin dituzten akatsak agerian jartzea.
GORKA ARETXAGA, irakaslea, Mondragon Unibertsitatea: Eurek ikasi, eurek daukaten ekimenarekin; akatsak eginez ikasi egiten dute gero nola egin behar den ondo.
Erretxinak material guztiak trinkotu eta elkartzen ditu, eta hutsak moldearen forma hartzen lagunduko die geruza guztiei.
Zurruntasun-probetan edo crash-testetan karrozeriak izango duen erantzuna hainbat faktoreren mende dago: zuntzen norabidea eta angelua, zein material non jarri edo geruzen ordena. Birtualki aurrez jakin daiteke hori guztia, eta, horretarako, kalkulu birtuala erabili dute ikasleek, sofware berezi bat. Proba horiek azken emaitzan eragina izango dute, noski, kontsumoak adina. Kontsumo-datua pisuak eta aerodinamikak ezartzen dute.
JON AURREKOETXEA, irakaslea, Mondragon Unibertsitatea: Gauza bat da akademikoa eta bestea txapelketari dagokiona, banandu egin ditugu biak; hau da, notarik onena agian ez du aterako irabazten duenak, beste gauza batzuk daudelako. Akademikoki neurtuko duguna gehiago izango da prozesua, azken emaitza baino.
Kaskelotti taldeak zeharkatu du helmuga lehenengo. Abiadura proba guztiak kontuak izanda ordea Red MUNek lortu du puntu gehien eta jendeak gustukoen Montini autoa izan du. Azken irabazlea kurtso amaieran jakingo da, emaitzarik garrantzitsuenarekin batera: ikasgaia gainditu, nork gaindituko duen, irakasleak du azken hitza.