Seguru azkenaldian sarritan entzun duzula hodeiari buruz hitz egiten. Informatikaren arloan, cloud computing edo hodei-konputazioa esaten zaio informazioa Interneteko zerbitzarietan, hau da, gure ordenagailutik kanpo, gordetzeari.
Seguru azkenaldian sarritan entzun duzula hodeiari buruz hitz egiten. Informatikaren arloan, cloud computing edo hodei-konputazioa esaten zaio informazioa Interneteko zerbitzarietan, hau da, gure ordenagailutik kanpo, gordetzeari.
Egia esan, aspalditik erabiltzen ditugu hodeian oinarritutako zerbitzuak. Adibidez, posta elektronikoa kudeatzeko programak baditugu ere, bidaltzen eta jasotzen ditugun mezuak lainoan daude, eta edozein ordenagailu edo smartphonetik ikus ditzakegu.
Azken urteotako joera da hodeian gero eta gauza gehiago egitea. Esaterako, lagunekin partekatu nahi ditugun argazkiak karpeta birtualetara igotzen ditugu, artxibo astunak bidali beharrik gabe. Dokumentuak gordetzeko, bestetik, Dropbox moduko karpeta birtualak sor ditzakegu, eta haietan gordetako guztia edozein tokitatik kudeatu. Testuak, aurkezpenak, taulak eta horrelakoak sortzeko, jada ez dugu programa ordenagailuan eduki beharrik. Badira hodeian funtzionatzen duten editoreak: Google Docs, adibidez. Dokumentuak partekatzeaz gainera, edukiak elkarlanean sortzeko aukera ematen digu.
Gure egutegia eta agenda hodeian edukitzea oso erosoa da. Adibidez, norbaiten telefonoa edo helbide elektronikoa mugikorrean apuntatzen dugunean, informazioa automatikoki sinkronizatzen da zerbitzariarekin, eta etxeko zein laneko ordenagailuan edukiko dugu segituan.
Hodei-konputazioaren desabantailak nabariak dira. Batetik, pribatutasunaren arazoa dago; eta, bestetik, propietatearena. Baina abantailak ukaezinak dira: aukera ematen du ordenagailuaren disko gogorra arintzeko, eta informazioa edozein tokitatik erabilgarri egiten du. Gure edukiak jada ez daude leku fisiko bati lotuak, hodeian flotatzen daude.