Mendian hildako animaliak topatzen ditugunean, gehienetan deskonposatze-prozesuan egoten dira. Eta prozesu horretan ehundaka intsektu-familiak hartzen dute parte. Sarraskia kilometroetara usaintzen dute, eta janaren bila abiatzen dira . Oso modu berezian antolatzen dira, gainera: animaliaren gorputz hilean ekosistema definitu bat eratzen dute intsektuek, eta elikatze-prozesu horretan beren arteko ordena errespetatzen dute. Gutako askok ez ditugu oso gustuko, baina haiek egiten duten lanari esker, besteak beste, gaixotasunak zabaltzeko arriskua gutxitzen dute. Euskal Herriko Unibertsitateko Auzitegi Entomologia Sailean animalien hilotzak aztertzen dituzte. Haietan dauden intsektuen larbak aztertuz, animaliak noiz hil diren jakin dezakete.
Hilotzetako intsektuak
Ba al da bizitzarik hil ondoren? Bai, intsektu nekrofagoak dira horren lekuko. Hilotzak eta materia organikoa dituzte oro har elikagai. CSI-ko atal bat bailitzan, zuriz jantzitako lagun hauek intsektuok baliatuko dituzte orkatz-gorpuek basoan zenbat denbora daramaten jakiteko. Euskal Herriko Unibertsitateak ematen duen auzitegi-analisiari buruzko masterreko ikasleak dira eta entomologiaren txanda da gaur. TB seriean bezala egingo dute lan, edo hobeto esanda, CSI-koek egiten dute lan haiek bezala.
MARTA SALOÑA, auzitegi-entomologoa, UPV/EHU: Bai, errealitatetik gertu dago. Auzitegi-entomologo bat dute aholkulari eta askotan kasu errealak dituzte abiapuntu, benetan gertatu eta argitaratu direnak. Hala ere, zinematografia-serieak direnez, ikusten dena beti ez da errealitatea.
Hilotz bat ekosistema definitua da. Haren deskonposizioak ordena jakin bati jarraitzen dio, segida ekologikoa deitzen dena. Hau da, txandak daude, eta denek errespetatzen dituzte gainera. Urrutitik, kilometrotako distantziatik usaintzen dute gorpua. Prozesuan 100 espeziek har lezake parte.
MARTA SALOÑA, auzitegi-entomologoa, UPV/EHU: Espezie batzuk aitzindariak dira, eta atzetik beste batzuk datoz, egoera berrira moldatu ez ezik egoera hori aldatzen dutenak. Hilotzetara aurrena kaliforidoak iristen dira. Urteko sasoiaren arabera espezie desberdinak izaten dira, baina ugariena Calliphora vicina da, eulitzar urdin ezaguna, eta harekin batera eta lehian, beste euli-familia bat heltzen da, sarkofagidoak. Izenak berak dioenez, hilobi-inguruetan bizi dira, hilotz artean.
Kontuz ibili behar da haiekin. Eulitzar urdinek ipini egiten dituzte larbak, baina sarcofagidoek jaurti egiten dituzte, eta ahoko, sudurreko edo belarriko zuloetatik sar daitezke, miasia eraginez. Hau da, larbak gure gorputza, gure haragi bizia, erabil lezakete elikagai gisa.
MARTA SALOÑA, auzitegi-entomologoa, UPV/EHU: Jaurti egiten dituztenez, gerta liteke sarkofagidoen larbak kaliforidoenak baino garatuago egotea; horregatik, adi ibili behar da akatsik ez egiteko. Larbak eta arrautzak jatera etortzen dira kakalardoak; dena jaten badute, badirudi inoiz ez dela eulirik etorri; jakin egin behar da hori gerta daitekeela. Aldi berean, liztorrak ere azaltzen dira, larben barruan arrautzak jartzen dituzte, eta horregatik, eulirik ez baina liztorrak topa ditzakegu. Eta akaroak ere aurkitzen ditugu.
Laginak laborategian prozesatzen dira. Orduan hasten dira intsektuak informazioa erakusten. Kaliforidoak eta haien larbak dira ugarienak, eta baita informazio gehien ematen dutenak ere. Larbak egosi egiten dira lehenik, kontserbatzeko eta luze-luze daudela errazago neurtzen direlako. Neurria datu garrantzitsua da. Larbak ez dira beti berdin hazten: tenperaturaren araberakoa da larben tamaina. Horregatik, kasu errealetan, hilotz bat aurkitzen denean termometro bat jartzen da eszenan.
MARTA SALOÑA, auzitegi-entomologoa, UPV/EHU: Bost egunean datuak biltzen dira eta gertuen dagoen estazio meteorologikokoekin alderatzen dira. Gero, atzeratze-kalkulua egiten da. Eszenako datuak eta estaziokoak bat badatoz, estazioko datuak erabili ditzakegu.
Hau da, termometroko eta estazioko datuak bat baldin badatoz, denboran atzera egin eta larbak zer tenperaturatan hazi diren jakin dezakegu, alegia, zenbat egun edoordu behar izan duten larbek orain duten neurrira iristeko; alegia, noiztik dagoen gorpua hor.
Ez da hain erraza ordea. Nola dakigu zenbat hazten den larba bat tenperatura jakin batean? Proba eginda. Marta Saloñaren taldeak bost urte eman ditu lan horretan. Kaliforidoen familiako hainbat espezieren hazkunde-grafikoak egiten aritu dira. Inguruan gertatzen diren kasuetan erabiltzeko ezinbesteko datu-basea da hau; izan ere, orain arte kanpoko informazioa erabiltzen zen: Austriakoa, Ingalaterrakoa, Errusiakoa. Eta klima ez da berdina, ezta euliak ere. Orain bertako informazioa dago.
MARTA SALOÑA, auzitegi-entomologoa, UPV/EHU: Neurtu dugun tenperatura 20 ºC ingurukoa zen, beraz, tenperatura horri dagokion hazkunde-grafikoa erabiliko genuke. Horren arabera, larben adina asma dezakegu ordu batzuen edo egun baten errorearekin.
Lan honekin batera, bi eulirik ugarienen mapa egin dute. Non eta nola banatzen diren Calliphora vicina eta Calliphora vomitoria, guztiok ezagutzen ditugun euli urdin-berdeskak. Bata hiritarra da eta besteak nahiago du landa. Mapak zertarako? Informazio horrekin, hilotz bat tokiz aldatu den jakin daiteke, edo zein ingurutan hil zuten ezagutu. Ikerketan sakontzen lagun dezake Maite Gil auzitegi-entomologoaren lanak ere. Kaliforidoen familiako zortzi espezieren DNA bereizten ari da.
MAITE GIL, auzitegi-entomologian doktoregaia, UPV/EHU : Identifikazio morfologikoa zaila da animaliak heldugabeak direnean edo zati bat bakarrik aurkitzen denean, larbarik ez eta pupa bat edo pupatoki bat, adibidez. Orduan DNAren bidez identifika zenezake.
MARTA SALOÑA, auzitegi-entomologoa, UPV/EHU : Eta familia bat da hori. Hilotzetan aurkitzen diren 20-30 euli-familia daude Euskal Herrian, eta apenas dakigun ezer haiei buruz. Horrek erakusten du zein gutxi dakigun eta zenbat lan dagoen egiteko.
Ikasleek lanean jarraitzen dute, larbak neurtu eta identifikatzen. Hasi baino ez dira egin; bi aste izango dira ezer jakiteko. Telebistan, azkarrago argitzen dituzte kasuak, zerbaitegatik da fikzioa.
AILANDER URTIAGA, ikaslea UPV/EHU: Guztiak dirudi errazagoa telebistan. Hau zaila da, animaliekin ari gara lanean eta animaliak kaosa dira. Hiru fase garrantzitsu daude euli baten bizitzan: larba, pupa eta heldua. Larbak bakarrik aurkitu ditugu, puparik ez, eta, beraz, gutxi gorabeherako zerbait ondoriozta dezakegu horrekin.
Orkatza noiz hil zen edo hiltzailea nor izan zen jakin gabe gelditu behar beraz … jarraituko du!
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







