Telefonoak gero eta erabilera gehiago ditu: garajeetako ateak irekitzeko ere balio du.
Telefonoak gero eta erabilera gehiago ditu. Batak bestearekin distantzian hitz egiteko asmatu zena, jolaserako, bankuko eragiketak egiteko edo argazkiak ateratzeko erabil daiteke, gaur egun. Gainera, domotikaren bidez, etxeko tresnak pizteko edo itzaltzeko ere balio du.
Orain, Mondragon Unibertsitatean, beste erabilera bat garatu dute. Ikusi dezagun zein den erabilera hori.
Ia seguru, gehienok pentsatu duzue ate hau urruneko aginte baten bidez zabaldu duela norbaitek. Eta hala da, bai. Urruneko aginteak irrati-uhin bat bidali eta atea ireki egin da.
Baina badira kasuak urruneko agintea erabiltzerik ez dagoena. Adibidez, inhibitzaileak dauden tokietan edo urruneko aginteentzako irrati-frekuentzia guztiak okupatuta dauden tokietan.
Antzuolako Matz-Errekan ateentzako automatismoak egiten dituzte, eta halako arazoa zuen bezero bat joan zitzaien duela hilabete batzuk: irrati-frekuentzia guztiak okupatuta zeuden garajeetako ateak jartzen ari ziren inguruan. Matz-Errekakoek berehala ikusi zuten zein izan zitekeen irtenbidea: ateak telefono mugikorren bidez zabaltzea.
PEIO ANDRINUA; MATZ-ERREKA KOOP. ELK.: Gaur egunean erabiltzen ditugun mandoekin saturatuta dago espektro guztia eta telefono bidezko erabilera hau ez dago saturatuta.
Hau aplikazio bat izan da. Berez produktua % 90ean bukatuta zegoen, eta produktuak ez dira egiten laborategian edukitzeko; kalera ateratzeko egiten dira.
Ateei jartzeko aplikazioa, ordea, ez dute Matz-Errekan garatu; Mondragon Unibertsitatera jo dute. Teknopolisek ere jo du Mondragon Unibertsitatera, eta prototipoa instalatuta dagoen atetik sartu gara, aurrez baimena eskatuta, eta telefonoz deituta. Egoitzek azaldu digu sistema administradore/kudeatzaile batek kontrolatzen duela. Prototipoaren kasuan bera da kudeatzailea, eta berak eman du baimena Teknopolisek sartzeko modua izan dezan. Sistema merkaturatzen denean, bezeroak erabakiko du zein den kudeatzailea, eta hark erabakiko du zein telefonok erabili ahal izango duen sistema.
Egoitzen taldeak egin duena zera da: ate automatikoak telefono bihurtzea.
Ate automatikoek plaka elektroniko bat izaten dute atea noiz ireki eta noiz itxi kontrolatzeko. Plakan switch bat arduratzen da atea abiarazteaz. Switch-a botoi baten edo urruneko agintearen bidez aktibatzen da.
Sistema berriarekin, ordea, telefono-txartela jartzen zaio plakari, eta telefono-txartel horretxek aktibatuko du switch-a, eta ondorioz, berak jarriko atea martxan.
EGOITZ ARRUTI; MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Teknologia oso garatuta dago, eta ez da halako berrikuntza handirik egin; egin behar dena da aplikazio berezi bat sortu eta modem edo telefono-sistema hauek barruan programatu. Java bidez programatzen ditugu eta egiten duguna da datu-base bat sortu non atea irekitzeko baimena dutenak egongo diren. Zailtasuna dago Matz-Errekako plaka eta telefonia bateragarri bihurtzen, eta horri sofwarea egiten.
Biak bateragarri izatea lortu ondoren, erabilera erraza da oso: erabiltzaileak deia egin, atearen plakak deia egin duen zenbakia baimenduta ote dagoen baieztatu eta atea ireki egiten da. Deia doakoa da, gainera, dei galdua baita. Hau da, atea martxan jartzen da, baina ez dio deiari erantzuten.
EGOITZ ARRUTI; MONDRAGON UNIBERTSITATEA: Errealitate bat da pertsona guztiek dutela mugikor bat, edo agian bi, eta mugikor horrekin egiten ditugu hainbat gauza: deitu, jolastu, kasu batzuetan baita ordainketak egin ere telefono bitartez, eta, beraz, zergatik ezin dugu gure etxeko atea telefono bidez ireki?
Bigarren aplikazio bat ere badu, ordea, sistema berriak: mantentze-lana. 2005az geroztik aldaketak izan dira Europako araudian, eta horrek segurtasuna maizago zaindu beharra ekarri du, besteak beste. Gaur egun, tekniariak atera joan behar du mantentze-lan hori egitera.
PEIO ANDRINUA; MATZ-ERREKA KOOP. ELK.: Halako instalazioak egoten dira beren [ate-instalatzaileen] egoitzetatik 100-200-300 kilometrora, eta ez da haien gustukoa mantentze-lanak egitea. Produktu honekin lortzen dugu mantentzeak urrunetik egitea, telefono baten bidez. Ate baten parametroak aldatu, edo ate baten diagnostikoa egin… horretan laguntzeko da, batez ere, produktu hau.
Bi modu prestatu dituzte mantentze-lan horiek egiteko. Bata da teknikariak telefonoz deitu eta ateari txostena eskatzea; eta bestea, ateak berak mezu bat bidaltzea teknikariari dituen matxuren berri emanez. Ondoren, teknikariak ikusiko du matxura telefono bidez edo zerbitzaritik konpon dezakeen, edo atera joan beharra daukan, mekanika-arazoak ezin baitira, oraindik, birtualki konpondu.