Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko ikertzaile-talde batek gidarien arreta-maila kontrolatzen duen sistema bat garatu du, gidatzean izandako deskuiduek edo logurak ekar ditzakeen istripuak eragozten laguntzeko. Begien irekitze-maila, kliskaren abiadura edo begiradaren norabidea neurtzen duen bideo-kamera baten bidez iristen da informazioa; eta arrisku-uneetan sistemak seinale akustiko batekin erantzuten du. Errepideko marrak ere detektatu eta sailkatu egiten dira, ibilgailuaren ibilbidea baloratu eta galtzadatik irtetea saihesteko edota oztoporen baten kontra talka ez egiteko.
Australiako Queensland Unibertsitateko biologo batzuek ikusi dute koral-arrezifeetako koralek eguzkitako kremen funtzio bera dutela; alegia, Eguzkiaren izpi ultramoreak xurgatzen dituzte, eta, hala, beren burua eta ekosistema horietako bizidunak babesten dituzte. Koralen exoeskeletoko kaltzio karbonatoa da babes horren eragilea: izpi ultramoreak xurgatzen ditu, eta, ondoren, argi fluoreszentea igortzen du; alegia, askoz uhin luzera handiagoko eta energia txikiagoko izpiak igortzen ditu.
Nafarroako Unibertsitateak bere herbarioko landare-bilduma osoa digitalizatuko du; bilduma 100.000 alek osatzen dute. Helburua da informazio hori guztia gizartearen eta komunitate zientifikoaren eskura jartzea Internet bidez. 2009an herbarioko landare baskularren 17.000 ale informatizatu zituzten. Informazio hori kontsultagai egongo da hil honetan Biodibertsitate Globalaren Informazio Gunearen webgunean: www.gbif.es.
Londresko Imperial College-ko zientzialariek baieztatu dute duela 3.000 milioi urte Marte planeta epela eta hezea zela, eta bertan bazirela aintzira handiak, Aro Hesperikoan urtutako izotzen eraginez. Baieztapen horrek ezbaian jarri ditu aurreko emaitzak; izan ere, orain arte uste zen duela 4.000 milioi urte Marteko atmosferaren galerak ingurune hotz eta lehor bilakatu zuela Marte. Ikerketa berri honen emaitzen arabera, Marteko historiaren erdialdeko aldia uste baino askoz dinamikoagoa izan zen.