Gernikaren barruan
2012/10/08 Elhuyar Iturria: Teknopolis
Jorge García Tejedor; errestaurazio burua/Reina Sofía Museoa:Gaur, museoa itxita dagoenez, aretoetan gauza asko egiten ditugu eta, batez ere, gaurko egunaz baliatzen gara Gernikaren azterlanean aldaketak egiteko; izan ere, artelanaren ikerketa sakona egiten ari gara.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa:Zergatik egin behar da azterketa?
Jorge García Tejedor; errestaurazio burua/Reina Sofía Museoa: Artelanaren eta bere materialen kontserbazio-egoera zein den ezagutzeko, ikerketa egitea erabaki zen. Asmo handiko egitasmoa da, teknologia berriaz baliatzeko sortua, baina dagoeneko abian genituen lanen jarraipena da.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa: Zein izan da ikerketaren hasierako hipotesia?
Jorge García Tejedor; errestaurazio burua/Reina Sofía Museoa: Hasierako hipotesia zera da: kontserbazio-egoera delikatua duen margolan bat dugu, eta zehatz-mehatz jakin behar dugu nola dagoen eta nola eboluzionatzen ari den. Azterketa berri honi esker gainazal osoaren egoera ezagutuko dugo ikuspuntu guztietatik; orain arte, ez zegoen horrelakorik.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa: Gernikaren kontserbazio-egoera delikatua dela diozu. Zehaztu dezakezu? Zeri buruz hitz egiten ari gara?
Jorge García Tejedor; errestaurazio burua/Reina Sofía Museoa: Formatu haundiko mihise bat da, monumentala dela ere esan daiteke, ia zortzi metro zabal da, eta hiru metro eta erdi luze, eta manipulazio handia izan du: lekualdaketa asko izan ditu, eta askotan bildu eta zabaldu da. Horren ondorioz, obrak nahiko kalte ditu.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa: Zulotxo bat duela iruditu zait...
Jorge García Tejedor; errestaurazio burua/Reina Sofía Museoa: Zulotxoa ez da funtsezko ezer, baina euskarriak nekea ageri du; inguru guztian urradura asko ditu. Hori euskarriari dagokionez. Bestetik, pintura-geruzari dagokionez, inprimazioak eta oinarriak urradurak eta pitzadurak dituzte nonahi, eta geruzak altxatuta daude; alde batzuetan galerak ere bai; zaharberritzeak, birmargotzeak...
Argi ikusgaiarekin irudiak hartzen ari da Humberto. Lan hori bukatu eta hurrengoa antolatzeko baliatzen ditugu egun hauek. Beti museoa itxita eta modu automatikoan lan egingo da.
Humberto Duran; argazki-teknikaria/Reina Sofía Museoa: Margolan guztia eskaneatu dugu, argi ikusgaiarekin, eta 20.000 irudi baino gehiago hartu ditugu. Makroargazkiak direnez, begiak ikusten duena baino askoz gehiago ikusten dugu. Egin den lanik onenetakoa da; informazio asko eskainiko du, aurretik inoiz ez dugulako margolana modu horretan ikusi.
Aztertuko dugu argi ikusgaiarekin, ultramorearekin, infragorriarekin, eta espektroaniztunarekin ere bai; 3D bat ere egingo da, eta kolore-neurketak ere egingo dira, kolorimetria.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa: Tramankulu mekaniko baten bidez hartzen dira argazkiak. Horrek piztu digu arreta. Zergatik da beharrezkoa?
Humberto Duran; argazki-teknikaria/Reina Sofía Museoa: Modu bakarra delako margolanaren gainazal guztian zehar kamera bat mugitzeko eta, gainera, distantzia konstantea izanik, zehatza, mikrometro batzuetako doitasunarekin.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa: Makina pentsatu, aurkitu, eraikitzeak bere denbora eskatu du...
Humberto Duran; argazki-teknikaria/Reina Sofía Museoa: Bi urte. Duela bi urte pentsatu genuen Gernikari azterketa egitea. Erronka? Gernikaren tamaina. Erronka da, Gernika ezin delako mugitu. Ezin dugu hartu eta gure sailera eraman. Beraz, makina bat diseinatu behar zen. Gernikarentzat balio izango zuen makina bat, baina ondoren ere balioko zuen makina bat. Erakusketa-aretora eraman, artelanaren aurrean jarri eta hain tamaina handian atzera-aurrera aritzeko gai izango zen makina bat.
Javier Bermejo eta Imanol Lopezek Hernaniko informatika-enpresa txiki batean lan egiten dute. Herriko erakunde askorekin lan egiten dute, eta gaur Robolanen bilera izango dute.
Industria-automatizazioa da Robolanen lan-jarduera nagusia. Hau da, muntatze-kateak egiten dituzte. Hala ere, Picassoren Gernika aztertzeko erabiltzen ari diren robota lantegi honetatik irten zen.
Mundu guztian bila ibili ondoren, Reina Sofia Museoaren nahiak Hernaniko enpresaren proposamenak bete zituen, nahiz eta arte-eremuarekin aurretik harremanik inoiz ez izan.
Miguel de San Román; Robolan: Webgunearen bidez, kasualitatez, aurkitu gintuzten. Egitasmoa gustatu zitzaigun; inguru industrialetik ateratzen gintuen eta, gainera, Gernikari buruzko lana zen, eta, euskaldun gisa, horrek erakarri gintuen.
Lan luzea eta zaila izan zen. Gernikaren gainazalarekiko paraleloan mugitzeko gai izan ez ezik, makinak fabrikatzaile ezberdinen kamerak erabiltzeko gauza izan behar zuen, eta horrek aplikazio informatiko ezberdinekin lan egitea eskatzen zuen.
Javier Bermejo; Oria informatika: Software bat garatu behar izan dugu, makinaren eta erabiltzailearen arteko interfaze bat. Gure softwareak egitasmoaren elementu guztiak komunikazioan jartzen ditu, hau da, kamerak, ordenagailua eta robota.
Ingeniaritzaren ikuspuntutik ere lana ez zen erraza izan, Reina Sofia Museoaren eskakizunak oso zehatzak baitziren.
Jon Osa; Robolan: Lehenik eta behin, bi mikrometroko zehaztasuna lortu behar zen bederatzi metro bider lau metroko gainazal handi batean
Hori oso erronka handia izan zen, eta, horretarako, motor linealak erabili behar izan genituen. Posizionamendu linealerako dagoen teknologiarik aurreratuena da. Benetan ez dugu motorrik, gidaria bera delako motorra, eta, horri esker, inertzia handiak erraz mugi ditzakegu, eta zehaztasun handia lortzen dugu.
Zutik jarritako motor linealarentzat ere galga bat garatu behar izan zuten. Motor linealen teknologiak ez du distantzia handietan erabiltzeko balazta bertikalik, horrelako teknologia erabiltzen duten aplikazioak txikiak izan ohi direlako.
Jon Osa; Robolan: Ardatz bertikalak, kasu honetan, lau metro ditu; ondorioz, guk geuk, ingeniaritza moduan, galga egoki bat garatu behar izan dugu.
Galga ezinbestekoa da istripuak saihesteko. Hala, argindarra moztu edo beste ezustekoren bat izanez gero, motorra lau metrotik behera erortzea galarazten da. Kontuan izan behar da, gainera, robotak Gernika artelanetik oso gertu lan egiten duela.
Robotak, gainera, formatu txikiago bat du, hau da, desmuntagarria da Reina Sofiaren Errestaurazio sailean etorkizunean erabili ahal izateko.
Jorge García Tejedor; errestaurazio burua/Reina Sofía Museoa: Kaixo, egun on. Sartu, sartu, Errestaurazio saila ikustera.
Manuela Gómez eta Juan Antonio Sánchez aurkeztuko dizkizuet. Gernikaren materialaren ikerketan parte hartzen ari dira.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa: Zer egiten ari zareten azalduko diguzue?
Manuela Gómez; errestauratzailea/Reina Sofía Museoa: Historia materialari buruz jakin dezakegun guztia ikertzen ari gara. Sortu zenez geroztik egin dituen bidaiak, bidaia horiei buruzko txostenak, nola eta non bidaiatu zuen...
Juan Antonio Sánchez; errestauratzailea/Reina Sofía Museoa: Gernikak bizitza oso berezia izan du. Ez da artelan baten ohiko bizitza izan, eta are gutxiago horrelako tamaina duen margolan batena.
Etengabe bidaiatu zuen. 90 aldiz, hor nonbait, manipulatu dute: batu, zabaldu, iltzatu, askatu...
Alfonbra moduko bat da. 90 aldiz batu eta zabalduz gero, hondatu egingo da, eta margolan bat bada... hondatu egingo da. Horrela ibili zen margolana, Picassok berak gehiago ez mugitzeko eta errestauratzeko eskatu zuen arte. Bestela, galdu egingo zatekeen.
Bidaia horiek guztiak dokumentazioa sortu dute, eta ahalik eta gehien biltzen ahalegintzen eta berreskuratzen ari gara. Nahiz eta, zenbait kasutan, pasatako denbora arazo izan.
Manuela Gómez; errestauratzailea/Reina Sofía Museoa: Baina guk margolanaren egoera ezagutu nahi dugu. Data honetan zera gertatu zen,... kalte berri hau aurkitu dugu... Hau da, historia materiala.
Juan Antonio Sánchez; errestauratzailea/Reina Sofía Museoa: Bidaia batean gaizki batu zela aurkitu dugu. Pintura barrualdean zuela batu zuten. Eta guretzat hori aurkikuntza oso interesgarria da, egin zutenek berdin zela pentsatu arren.
Baina ageri duen narriadura izan duen bizitza gogorraren ondorio da, izan duen gaztaro gogorraren ondorio.
Bego Zubia; Elhuyar Fundazioa: Esan dezagun gazte...
Manuela Gómez; errestauratzailea/Reina Sofía Museoa: Oso bidaiaria izan zela.
Juan Antonio Sánchez; errestauratzailea/Reina Sofía Museoa: Gazte politikaria eta oso bidaiaria izan zen, eta, jakina, heldutasunera iristean, bazituen aje batzuk.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia