Adarrak , behi nahiz zezenetan, animaliaren sortzetiko ezaugarri bat dira. Baina, ez da horrela kasu guztietan. Adarrik gabe jaiotzen diren behi eta zezenak ere egon, badaude. Aberekin enpresak martxan jarri duen ikerketa batetaz hitz egingo dizuegu datozen minutuetan. Animaliak genetikoki kontrolpean izan nahi dituzte, ondorengo belaunaldietan adarrik gabeko behi eta zezenak jaio daitezen.
Hauxe da Aberekin enpresak Zamudioko Teknologia Parkean duen abeltegia. Bertan arraza desberdinetako 260 zezen baino gehiago dituzte.
SALVADOR GOROSTOLA, Aberekin: Aberekin inseminazio-zentro eta genetika-hobekuntzako enpresa bat da. Eta gure helburu nagusia zer den? Ba, argi eta garbi, genetika-hobekuntzaren bidez arrazak hobetzea. Zertarako? Azken batean, esnetarako arraza baldin bada, ba ahalik eta ekoizpen gehieneko behiak lortzea bai kopuru aldetik, esne kopuru aldetik, bai kalitate aldetik, bai iraupen aldetik ere, ahalik eta behi iraunkorrenak lortzea.
Genetikoki ondua dagoen zezen-hazia lortzea. Hau da, abeletxean dauden zezen guztien artean baldintza genetiko eta arraza-baldintza egokiak dituzten animaliak aukeratzea da helburua. Horrela, hazia behiak intseminatzeko erabili eta, ondorengo belaunaldietan, haragi nahiz esnetarako kalitatezko behi eta zenenak lortzea da helburua.
Hobekuntza genetikoaren alorrean, ordea, erronka berri bati ekin diote. Arraza-baldintza egokiak bilatzeaz gainera, adarrik gabeko behi eta zezenak jaiotzea lortu nahi dute orain.
SALVADOR GOROSTOLA, Aberekin: Esne- behiak dituztenak ba, ohituta gaude adarrik gabeko esne-behiak ikustera; Zer egiten dute? Adarrak, txiki-txikitan, jaio berritan kentzen dizkiete traumarik gabe, inongo minik gabe egiten dena, baina hori lana da, beti ere lana da, eta ardura.
CARLOS UGARTE, Aberekin: Abeltzainen artean oso ohikoa da esnetarako behiei adarrak moztea. Abeletxe bateko eguneroko jardueren artean oso ohikoa lana da hori. Astero, txahal jaioberriei adarrak kauterizatzen dizkiete. Ez da oso bortxazko lana, animalia oso txikia denean egiten baita. Baina, egin egin behar den lana da.
Abeltzainen lana erraztu eta arriskuak gutxitzeko mozten dizkiete adarrak behiei, kasu gehienetan. Baita animalien arteko borrokak gutxitzeko ere.
Oso jarduera zabaldua da. Esnetarako behien % 90i adarrak mozten dizkiete. Teknika hori ordea, ez da hainbeste erabiltzen haragitarako ganaduarekin.
Izan ere, behi eta zezen horiek larrean egoten dira, eta adarrak moztuz gero babesa kentzen dietela iruditzen zaie abeltzain askori.
SALVADOR GOROSTOLA, Aberekin: Alde batetik, abereen babeserako dauden erakundeek gero eta presio gehiago egiten dute. Adarrak beste sistemekin kentzea erasokorra izan daitek. Bestalde, ganaduzalearen beraren segurtasunerako ere , dudarik gabe, adarrik gabeak badu bere zeregina. Adardunak arriskutsuak izan daitezke, baita animaliek beren artean istripurik eragin ere. Bestalde, gero badaude ere haragi naturala edo ekologikoa egin nahi dutenak. Ba horiek ere gero eta gehiago eskatzen dute. Izan ere, adarra oztopo bat dela ikusten dute.
Chef du izena eta 2 urte eta 3 hilabete ditu. Aberekin enpresak lehen intseminazioak egiteko aukeratu duen zezena da. Genetikoki ezaugarri egokiak ditu, hurrengo belaunaldietan adarrik gabeko zezen eta behiak jaiotzeko. Gaur Tojo izeneko zezenaren profil genetikoa aztertuko dugu.
Lehen pausoa hazia lortzea da. Ondoren, lagina laborategian aztertuko dute, izoztu, disolbatu eta analisi genetikoa egiteko prest utziko dute bertan.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genomika zerbitzuan egingo dute analisi genetikoa. Genetika saileko Analisi Genomikoko taldeak laborategi horietan egiten ditu animalien nahiz pertsonen ikerketa genetikoak. DNAan dauden hainbat markatzaile genetikoren azterketaren ondorioz animalien ezaugarriak ezagut ditzakete. Aztertutako animaliak adarrak dituen ala ez, esaterako.
FERNANDO RENDO, UPV-EHU: Guk hartzen dugu animalia baten DNA, eta DNA horretan dauden markatzaile batzuk aztertzen ditugu. Markatzaile horiek erlazionatuta daude guk nahi dugun edo guk espero dugun ezaugarri batekin. Lagin horrekin gu hasiko gara bere DNA erauzten; orduan, DNA horrekin joango gara makina batera, DNA hori kuantifikatzeko; jakin behar dugu zenbat DNA daukagun gure soluzioan gero analisiekin hasteko. Orduan, behin hori jakinda, joaten gara beste gela batera, guk nahi ditugun markatzaileak anplifikatzera. DNA originalean dauden markatzaileak ez dago kantitate nahikorik guk ikusteko. Orduan, anplifikatu behar ditugu markatzaile horiek guk gero detektatzeko eta erabiltzeko, guk nahi dugun ezaugarria erlazionatzeko edo ikusteko.
Behiek, sexu-kromosomez gain, zelula bakoitzean 29 kromosoma-bikote dituzte. Kromosoma-bikote bakoitzak bi alelo ditu, hau da, gene baten bi aldaera. Kasu honetan, genearen bi aldaerek animaliak adarrak dituen ala ez azalduko dute. P maiuskulaz eta p minuskulaz irudikatzen dituzte.
P maiuskula aldaera genetikoak adarrik ez edukitzea esan nahi du. p minuskulak, berriz, adarrak edukitzea. P handia menderatzailea izango da p txikiarekiko. Hau da, baldin eta kromosoma-bikoteko aleloetako batek P maiuskula aldaera genetikoa badauka, animalia horrek ez du adarrik izango.
Honenbestez, hiru aukera daude:
Lehenengoa: Animalia, P maisukula P maisukula izatea. Kasu honetan, ez du adarrik izango.
Bigarrena: P maiuskula p minuskula izatea. Kasu honetan ere, adarrik gabekoa izango da.
Hirugarren eta azkena: p minuskula p minuskula izatea. Behi edo zezen horrek adarrak izango ditu.
Tojo zezenaren laginaren analisia egin ostean, hauxe da emaitza :
FERNANDO RENDO, UPV-EHU: Aberekinen laginaren kasuan, erdiko kasua da; orduan, lagina heterozigotoa da, P handia, p txikia, eta horregatik balio du gurutzatze-prozesuan sartzeko, azkenean P handia P handia den indibiduo bat lortzeko.
Bi kolore desberdinez irudikatua dago markatzaile genetikoa, eta horrek esan nahi du aztertutako animaliak bi aldaera genetiko dituela. Beraz, egokia da ondorengo gurutzatze-prozesuetarako. Haren aldaera genetikoetako bat P maiuskula denez, haren ondorengoei adarrik gabe jaiotzeko beharrezkoa den informazio genetikoa helaraziko die.
Honenbestez, Tojo zezena ezaugarri genetiko berdinak dituen behi batekin gurutzatzen dutenean, alelo hauek dituzten txahalak jaio daitezke:
Pp x Pp
PP: P handia P handia. Txahal honek ez du adarrik izango.
Pp: P handia p txikia. Beste honek ere ez.
pP: p txikia P handia. Honek ez du adarrik izango.
pp: p txkia p txikia. Honek adarrak izango ditu.
Belaunaldi honetan jaiotzen diren txahalak adar gabeak izateko % 75eko probabilitatea egongo da. Adargabe eta puruak izateko probabilitatea % 25ekoa izango da. Hain zuzen, aukera hori da desiratuena. Izan ere, animalia horrek kasu guztietan helaraziko die bere ondorengoei adarrik gabeko ezaugarria.
CARLOS UGARTE, Aberekin: Helburu politena arrazaren % 100 lortzea izango litzateke, baina ezinezkoa da. Arrazaren % 50 adarrik gabekoa izatea helburu polita da. % 50 horretara iritsi ahal izateko, 3 edo 4 belaunaldi beharko genituzke; 10-12 urteko lana, alegia.