Eguraldi ona, eta beroa gertu ditugu, eta tenperatura igoerarekin batera iritsi da aurtengo gatz-uzta biltzeko garaia. Lan horretan hasi dira dagoeneko Araban dagoen Añana haranean gazkinak.
Tradizioko ogibidea da Añanan gazkinarena, baina urteetan galbidean egon da, izan ere, gatzagako azpiegiturak oso hondatuta zeuden eta horrek gatzaren ekoizpena izugarri kaltetzen zuen. Azken 10 urteetan, ordea, gatzaga berritzeko lanetan aritu dira buru-belarri Añanako Gatz Harana Fundazioakoak, eta baita lortu ere. Berritze lanetan hasi zirenetik, aurten bigarrengoz ekingo diote gatza ekoizteari. Eta itxuraz berrikuntzek on egin diote produktuari, izan ere, geroz eta gehiago dira Añanako gatzaren kalitate ona goraipatzen dutenak.
Edorta Loma, gazkina: ¡La vida del salinero es muy triste de contar, toda la vida trabajando para no tener un real!Edorta Loma, gazkina: Nire aiton-amonek eta nire gurasoek larrainak zituzten, eta nik baita ere. Orain, Fundazioan gaude, hau altxa eta konpondu nahian. 52 urte ditut; hortaz, 52 urte, erraza da, bizitza osoa.
Kanalek daroaten uraren kantua, tenperaturaren gorakada eguzkipean, ortuetan pilatzen den gatza. Añanako haran gazia da. Naturak gatza azaleratzen duen gunea.
Leire Arana, Añanako Gatz Harana Fundazioa: Antzina itsaso bat zegoen hemen; itsaso hori lehortu zen, eta diapiro salinoa agertu zen.
Mendeetako itsaso lehortuak lur azpian utzitako gatz-arroka erraldoi batekin alderatu daiteke. Lurrazpiko urek gatz- arroka higatu eta desegiten dute, eta gatzarekin nahastutako ur hori iturburuetatik ihesi irteten da.
Hau Santa Engraciako iturburua da, haranean dauden hiru iturri nagusietako bat. Mendeak igaro dira, haren inguruan ortuei eusteko egurrezko egiturak egin zituztenetik. Larrain horietan ekoizten da gatza. Azken hamarkadan, egitura horiek berreraikitzen aritu dira. Eta lan horren emaitza dira dagoeneko gatza ekoizteko prest dauden 135 larrainak.
Lehen zutik zeudenak 5.500etik gora baziren ere.
Leire Arana, Añanako Gatz Harana Fundazioa: Guk erabiltzen ditugu antzinako materialak, ze antzina erabiltzen zuten pinua, adibidez. Hori entramaduak eta jartzeko, eta guk gauza bera erabiltzen dugu, eta gero, greda erabiltzen dugu. Greda lokatza da. Produkziorako guk erabiltzen dugu lauza, gatza garbiagoa ateratzeko, eta hormigoi edo zementua ere erabiltzen dugu. Hori da erabiltzen duguna.
Edorta Loma, gazkina: Lan hau, batez ere, emakumeek egiten zuten. Eskumuturrekin kolpe bat ematen dugu. Kontrapisuarekin trabuketea igo, eta gatzuna botatzen dugu.
Horrelaxe betetzen ziren urez larrainak garai batean. Gaur egun, gatzuna, ur gazia, iturburutik kanalen bidez putzuetara bideratzen da, eta, ondoren, mahukak erabiliz isurtzen da larrainean.
Putzuetan artemia salina izeneko krustazeo ñimiñoa bizi da. Ur gatzatuan hazten den animalia horrek bere kolore gorriaren bizitasunarekin uraren gatz-maila eta tenperatura zein den azaltzen die gazkinei.
Leire Arana, Añanako Gatz Harana Fundazioa: Artemia partenogenetika, bera ateratzen da, bera bakarrik, baliteke emea edo arra izatea; behar duen momentuan sexua aldatzen du, eta horregatik mantentzen du denboraz espeziea.
Behin larrainak urez beteta daudela, gatzuna berotu egin behar da, gatza ekoizteko prozesuari hasiera emateko. Eguzkiaren epelean, zain egon behar.
Urak 20 gradut inguruko tenperatura hartzen duenean, prest dago jada. Orduan, gazkinak behin eta berriz astinduko du ura, lehen gatz-geruzak sor daitezen.
Edorta Loma, gazkina:Hemen mugitzen den hori, zuri-zuri jartzen ari dena, kare-esnearen modukoa da. Igotzen ari diren loreak dira.
Gatz-loreak dira sortzen lehenak. Ur-azalera igotzen dira, eta, orduak aurrera joan ahala, gatz-geruza horien lodiera handituz doa. Ohikoa baino kalitate hobeko gatza da hori; izan ere, ez du hondoa jotzen eta, hortaz, ez da jalkinekin nahasten.
Edorta Loma, gazkina:Gatz-lore mehe-meheak har ditzakezu, edo, potolotzen utzi ostean, geruza lodiak hartu. Zein da zailtasuna? Ez direla arrabolaz hartzen. Plataforma moduko batzuekin hartzen dira, leban. Ez da denbora asko behar horiek hartzeko, baina kontuz ibili behar da, oso erraz hausten baitira.
Ur-azaletik jasotzen ez diren gatz-loreek, ordu batzuk igarota, hondoa joko dute. Larraineko ura guztiz lurruntzen denean, han pilatzen den gatza ohiko gatz minerala da.
Edorta Loma, gazkina: Nahiko iluna da... udan jasotzen dugun gatza biltegi honetan gordetzen dugu. Saskietan ekarriko dugu hona. Eta goiko larrainetan biltzen duten gatza zulo honetatik botako dute. Hemen pilatuko da urria edo azaroa bitarte. Gero, hemendik, biltegi handietara eramango dute, salgai jartzeko.
Baina bada salgai jartzen ez den gatzik. Kalitaterik handieneko gatza. Oso urria denez, pribilegiatu gutxi batzuek soilik oparitan jasotzen dute.
Txuzoak dira. Kanaletako uraren iragazketaren ondorioz, kanalei itsatsita hazten diren gatz-estalaktitak dira. Hazteko baldintza meteorologiko oso zehatzak behar dituzte: eguzkia, hego-haizea, eta ateri egotea.
Edorta Loma, gazkina: Irudikatzen duzue? Egurretik, tantaz tanta, poliki-poliki, iragazketa puru eta osasuntsua. Garbi-garbia. Ez dauka zikinkeriarik , iturburutik datorrena zuzenean erortzen da hau sortu arte, garbi-garbia.
Gatz Harana Fundazioak haranean berrikuntza-lanak hasi zituenetik jasoko duten bigarren gatz-uzta da hau. Egun, Añanako herria eta harana, gatz-ekoizleak izateaz gainera, ikusmina duen jendearentzat bisita-leku ere bada.
Leire Arana, Añanako Gatz Harana Fundazioa: Oraintxe espektatiba oso zabala da, baina guretzat inportanteena da jendea hona etortzen denean hemendik oso pozik irtetea, eta sentimendu berria irtetea, ze hau ez da bakarrik harria eta egurra, ze honek dauka historia bat, hemengo historia da, oso polita da, nahiz eta ez misteriotsu eta magikoa.
Edorta Loma, gazkina: Nire atzetik, jende gehiagok etorri behar du.
Gure sukaldari onenetako batzuen bermea dute, eta lanean jarraitzeko gogoa eta kemena ere bai.