Erregai fosilekin dabiltzan autoentzat alternatiba bideragarri baten lehen urratsa da hau: gas naturalaz dabiltzan autoak. Alternatiba bideragarria izan dadin beharrezkoak dira gas-hornitegiak.
Agintariak, enpresagizonak, gonbidatuak, komunikabideak,…. momentuak merezi du. Gas-sarera lotutako Euskadiko lehen gas-hornitegiaren inaugurazioa da. Gasolindegi bat bezalakoa da baina, gasolinaren lekuan, gasa saltzen du, gas naturala hain zuzen, etxeetako sukaldean edo berogailuetan erabiltzen den berdin-berdina. EDP konpainiak zabaldu du eta erregai fosilekin dabiltzan autoentzat alternatiba bideragarri baten lehen urratsa da. Eredu izateko helburuarekin, EDP bera enpresaren auto guztiak aldatzen ari da, gas-erabiltzaile bihurtuz. Hau da bat.
ALVARO MARCÉ; EDP: Normalean, gas naturalarekin dabiltzan auto eta furgonetak bifuelak dira, hau da, gasarekin eta baita gasolinarekin ibiltzeko gai dira. Ekipamendu berezia izaten dute horretarako, batez ere motorrera sarrera bikoitza behar da. Zentralita batek autoa gas naturalarekin edo gasolinarekin funtzionatzen ari den jakingo du eta bakoitzak beharrezkoa duen aire-nahasketa egokia egingo du. Motor bat, bi erregai.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Gidariak edo kontsumitzaileak galdera hau egingo du beharbada, etengailuren bat sakatu behar al dut? Palankatxo bati eragin gasolina edo gasa aukeratzeko?
ALVARO MARCÉ; EDP: Ez, automatikoki eta ezer ukitu gabe egiten du hori autoak, gas naturaletik gasolinara eta kontrako bidea egiteko ez da ezer egin behar. Gas naturala da erregai hobetsia eta presioa 6 bar-etik jaisten denean gasolinara egiten du salto.
Badago gasolinazko auto bat gasa erabiltzeko eraldatzea, baina geroz eta gehiago dira aukera hori fabrikatik ekartzen duten serieko autoak, eta mundu mailako merkatuetan eskaintzen direnak.
JUAN RAMON ARRAIBI; EDP: Hau munduan zehar tendentzia bat da, auto fabrikatzaile handiak mundu osoan dabiltza, ez bakarrik hemen, hau joera mundial bat da. ikusi duzu hau alternatiba erreala da, funtzionatzen duena eta gaur egun daukagun alternatiba bakarra. Azkenean kotxeak berdinak dira, baina ez dira gasolinazkoak, gasekoak dira.
Horrelako 18 milioi auto dago mundua oraintxe. Iran, Pakistan, Argentina eta Brasil dira ranking-aren puntako herrialdeak. Irango errepideetan, adibidez, gas naturalarekin funtzionatzen duen 3 milioitik gora auto dabil. Espainian ez dira 20.000ra iristen, baina urtero % 20 hazten da kopurua eta horregatik gasindegien beharra. 2020rako, munduan, 60 milio auto gas naturalarekin ibiliko dira.
ALVARO MARCÉ; EDP: Motorra bi erregairekin dabilenez bi depositu daramatza. Hemen azpian dagoena gas-depositua da. 13 kilo gas sartzen da bertan eta horrekin 350-400 kilometro egin daitezke.
Ez da nahastu behar gas natural konprimatua eta azken aldian zenbait gasolindegi saltzen hasi den petrolioaren gas likidotua. Gas naturala metanoa da berez, eta bestea berriz propanoaren eta butanoaren nahasketa da.
ALVARO MARCÉ; EDP: Eta barruan ikusten da bi adierazle dituela, bata gasolinarentzat eta bestea gasarentzat. Automatikoki salto egiten du batetik bestera, martxan, zu konturatu gabe, tangen presioa jaisten denean.
Gas naturala ohiko erregai fosilak baino merkeagoa da, % 30 eta 50 artean da merkeagoa. CO2 isuri gutxiago eragiten du, baina batez ere sufre- eta nitrogeno-oxidoen eta bestelako partikula kutsagarrien ia %100 desagertzen dira.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Bi tapoi ditu, bat gasolinarentzat izango da….
ALVARO MARCÉ; EDP:... eta bestea, goikoa, konprimatutako gas naturalarentzat.
Motorrak lan gutxiago egin behar du gas naturala erretzeko gainera eta seguruagoa da: ihesen bat egongo balitz, gora joango litzateke, airea baino arinagoa delako.
ALVARO MARCÉ; EDP: Hau konektore estandarra da, NG1, azkar egokitu eta azkar kargatzeko pentsatua. Eta ari da kargatzen.Erregaiaren salneurria, ikusten duzuenez, masa unitatetan dator, hau da, kiloko eurotan
Presio aldea da gasa tututik depositura eramaten duena. Hornigailuan 250 bar da presioa eta hutsik dagoen deposituan berriz 6 eskas.
ALVARO MARCÉ; EDP: 200 bar-era iristen denean salto egingo du. Hau bezalako utilitario batek 13 kilo karga litzake, baina, gainera, edukiera hori alda daiteke, fabrikara eska dezakezu zuk nahi duzun autonomia duen depositua.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Txistuka ari da.
ALVARO MARCÉ; EDP: Bai, hiru egiten dituenean bukatu duela esan nahi du, Lixto.
Hiruko erregela xinple bat erabiliz, 13 kilo horiekin 400 kilometro egiten dituela jakinda, auto honek, gutxi gorabehera, 3 kilo-gas beharko lituzke 100 kilometroko, 3 euro alegia. Egia da, baita ere deposituak toki gehiago hartzen duela, bereziki konbertsioa egiten den kasuetan. Auto berrietan, aldiz, integratua dator eta ez da nabaritzen.
Lehen aipatutako % 30 eta % 50 bitarteko diru-aurreztea instalazioaren araberakoa da. Gas-hornitegian botatzen badugu erregaia, azpiegitura hori baliatzen dugu, baina izan dezakegu gure gas-hornitegia propioa, dela etxean dela lantokian. Donostiako hau ere EDPrena da. Edonork izan lezake antzeko hornitze-puntu bat. Gas-sarera konexio arrunta izatea nahikoa da horretarako, eta konpresore bat. Konpresorearen indarraren arabera, kargak gehiago edo gutxiago eramango du. Oinarrizko gas-hornitegia bat 3.000 euro kostatzen da eta 8 ordutan betetzen du depositua. Horrela eskura daiteke %50eko aurreztea. Kalkuluak egin behar merezi duen ala ez jakiteko.
ALVARO MARCÉ; EDP: Estazio honetan bi autok aldi bereak bota dezakete erregaia 5 minuturo, egun guztian etenik gabe. Zanga honetan zehar dator gasa, 250 bar-eko presioarekin.
Eta hau berriz, gas-hornitegia gas-sare orokorrera lotzen duen konexioa. Gasolindegi bat findegiko hodietara zuzenean lotuta egongo balitz bezala da.
ALVARO MARCÉ; EDP: Horrek desberdintzen du berez hau gasolindegi batetik, horniketa etengabekoa da, ez du kamioi batek etorri behar tarteka betetzera, gas-banaketa sarearekin konektatuta dagoelako. Hau konpresorea da, sarearen presioa 10 bar delako eta konpresoreak 250era igotzen du.
Presioa handiagoa, kargatze-denbora laburragoa. Adibide bat. Madrilen dago munduko gas-hornitegirik handienetakoa. Garraio publikoko autobusen deposituak kargatzen dituzte hemen: 3 minutu besterik ez da behar, eta bederatzi karga daitezke aldi berean.
ALVARO MARCÉ; EDP Hau biltegia da, botila bateria bat. Gasa, 10 botila hauetan 250 bar-eko presioan gordetzen da. Hala konpresoreak ez du etengabe lanean egon behar eta zerbitzua azkarragoa da, gasa dagoeneko biltegiratuta dugulako, behar den presioan, 250 bar. Ibilgailua datorrenean di-da pasatzen da 200 bar-era.
Gas naturala ohikoa izateko falta da oraindik, baina hasi berri den bide horretan abantailarekin abiatu da: erregai fosilak ez bezala, metanoa sortu egin daiteke, ekoitzi, adibidez, hondakin organikoak erabiliz. Teknologikoki, Europa iparraldeko herrialdeak oso aurreratuta daude arlo honetan. Eta energia eolikoaren soberakinekin, gauez sortzen direnak adibidez, eta hidrogenoa eta karbono dioxidoa lehengai dituen prozesuak ere erregai bezala erabil daitekeen gasa du emaitza. Eta marka ezagun askoak ere ari dira ikertzen.