Denisovanoa, hominido berria
Svante Pääbo-k gidatutako Max Planck Institutuko ikerketa-talde batek hominido berri baten berri eman du: denisovano izena jarri diote, Siberiako Denisov-eko koba bateko aztarnetan oinarritu direlako. DNA-aztarna hori duela 300.000 urte bizi izan zen 6-7 urteko neskato baten atzamar baten hezurretik atera dute. Gainerako hominidoen genomarekin alderatuta, ikusi dute hominido horiek neandertalen enbor berekoak zirela, eta Ginea Berriko melanesiarren arbasoekin gurutzatu zirela.
Gantz-geruza txikitzen duten bakteriak
Ikertzaile irlandar batzuek gantz-geruzaren konposizioa nabarmen aldatzen duen lactobacillus andui bat hazi dute. Arratoiekin egin dute ikerketa. Ingeniaritza genetiko bidez, CLA izeneko molekula ekoizten duen bakterioaren anduia sortu, eta horrekin elikatu dituzte arratoiak. CLA molekula horrek aldaketak eragin ditu gantz-geruzan, eta, gainera, koloneko minbizia eragiten duten zelulak inhibitzen dituela ikusi dute. Ondorioz, ikertzaileen arabera, era horretako bakterioak elikagai probiotikoetan txertatuta gorputzeko hainbat atalen aktibitate metabolikoan eragin liteke.
Erretiroaren ordezko
Jaume I Unibertsitateko Zahartzaroaren Soziologiako adituek lan-bizitzaren ohiko eskemaren ordezko bat proposatu dute: erretiroaren ordez, aukera izatea aldi baterako hainbat erretiroaldi izateko. Proposamen hori garatzeko ikerketa bat burutu dute hogei aditurekin eta beste hogei gizon-emakumerekin. Diotenez, eskema berri honekin genero-, adin- eta gizarte- bidegabekeriak saihestuko lirateke.
Lehen probak errepideko konboi adimendunekin
Ondo atera dira auto-konboi adimendunekin egindako lehenengo probak. SARTRE proiektu europarraren barruan, Volvok kamioi batek eta auto batek osatutako konboia jarri du martxan. Autoa kamioiari konektatu zitzaion, eta honek hartu zuen autoaren gidaritza. Hurrengo urratsa bost ibilgailuko konboi bat lortzea izango da. Konboi horien helburua segurtasuna hobetzea eta kontsumoa gutxitzea da, eta, era berean, gidariari atsedenerako tartetxo bat ematea.