Arbela eta klariona; papera, arkatza eta luma. Urte askoan ez dira aldatu ikasteko moduak. Gure aitona-amonek erabiltzen zituzten metodo eta material berak erabili dira irakaskuntzan orain dela gutxira arte. Azken urteotan, ordea, aldaketa gero eta bizkorrago ari da gertatzen ikasgeletan, eta horren adibide dugu hau. Arrasateko Arizmendi ikastolako haurrek natural-natural barneratzen dituzte teknologia berriak.
ITZIAR SAN MIGEL, Arizmendi ikastola: Ikasteko beste bide bat da, oso motibagarria. Tresna hauen bidez, errazago barneratzen dituzte kontzeptuak, eta gauzak errazago ulertzen dituzte.
Etorkizuneko ikasgeletan zer baliabide didaktiko beharko den aurreikusi, eta produktu nahiz zerbitzu berriak diseinatzea da talde honen lana. Lanbide Heziketarako produktuak ekoizten dituen Alecop kooperatibaren eta Mondragon Unibertsitateko diseinu industrialeko departamentuaren arteko egitasmo bateko kideak dira. Mahai interaktibo baten prototipo hau da elkarlan horren emaitzetako bat.
ALAZNE ALBERDI, Mondragon Unibertsitatea: Hau mahai interaktibo bat da; daukan abantaila da banaka egin dezakeela lan ikasleak, eta baita taldean ere. Jarrita daudenean, banaka egiten du lan bakoitzak bere dokumentuekin, eta gero, taldean lan egiteko, mahaia igo egiten da, eta “esketxak” egin daitezke elkarrekin, dokumentuak partekatu...
Ikasgeletan gertatzen ari zen aldaketari erantzuna ematea eta etorkizunari aurrea hartzea pentsatu zuen Alecopek duela bost urte. Abiapuntua galdera bat izan zen.
ANDONI AREGITA, Alecop S. Coop: Pentsatu genuen: Zergatik ez dugu atera guk hemen, Arrasaten, arbel elektronikorik, daukagun ezagutza eta teknologia izanda? Zergatik? Gaur egun gela askotan daude. Ezagutza badugu, enpresak ere bai proiektuak bultzatzeko... Orduan, unibertsitatearekin jarri ginen harremanetan proiektu hori martxan jartzeko.
ALAZNE ALBERDI, Mondragon Unibertsitatea: Eskaera horrekin etorri ziren, eta guk esan genien ea zergatik ez sortu baliabide didaktiko berriak. Arbel digitalak existitzen ziren jada, merkatuan zeuden, eta behar batzuei erantzuna ematen zieten; baina beste baliabide berri pila bat behar da.
Ideia-laborategi bat da hau, produktu bihur daitezkeen ideiena. Baina ez dira funtsik gabeko asmakizunak. Etorkizuneko ikasleek zer teknologia beharko duten aurreratzeko, lehenik oraingo egoeraren azterketa egiten da: lehiakideek zer eskaintzen duten, zein den eskura dagoen teknologia, eta garrantzitsuena, zein izango diren hezkuntzaren beharrak eta arazoak.
ALAZNE ALBERDI, Mondragon Unibertsitatea: Hori da gakoa. Arazo pila bat aurkitzen dugu, baina azkenean zailena da ideia batekin arazo horiei erantzuna ematea.
Arizmendi ikastolaren Almen gunean, teknologia berriak ez dira dagoeneko hain berri. Gaur geografia ari dira lantzen. Duela hiruzpalau urte hasi ziren ordenagailuak eta arbel digitalak modu bateratuan erabiltzen. Materiak didaktikoa euskarri digitalean du irakasleak arbelean, eta ikasleek ordenagailuetan erantzuten diete galderei. Berehala, posta elektronikoz jasotzen ditu irakasleak ikasle bakoitzaren erantzunak.
HARITZ OIANGUREN, Arizmendi ikastola: Askotan geu gara atzean geratzen garenak; haurrek izugarrizko erraztasuna dute gauza hauek ikasteko, oso-oso erraz ikasten dute. Oraindik lantzen ari gara, baina gero, logika harrapatzen diotenean honi guztiari, ordenagailuei eta, oso erraz ikasten dute.
Elkarlanaren garrantzia izan zen hezkuntzaren etorkizuneko beharrizanen azterketak atera zuen ondorioetako bat. Ideia-laborategitik irten diren produktu askok joera horri erantzuten diote. Pantaila esferiko honek munduaren beste puntan dagoen jendearekin talde-lanean aritzeko balio du, etxetik, gelatik nahiz lantokitik mugitu gabe.
ALAZNE ALBERDI, Mondragon Unibertsitatea: Eta hor dago Oskar “wings” proiektuan lanean.
OSKAR SANTAMARIA, Mondragon Unibertsitatea: Wings produktu berri bat da. Bideo-konferentziako gelak oso garestiak dira, eta hau zerbitzu berri bat da, zuk zure ordenagailuan duzuna. Zure dokumentuak eta datuak parteka ditzakezu besteekin, beste leku batzuetan dagoen jendearekin.
Hego hauek kartoizkoak dira oraindik, baina industrialki ekoizteko punturaino pentsatuta daude. Ideiei forma emateaz gainera, bideragarritasun teknologikoa ere lantzen da, hau da, orain eta hemen egiteko moduko produktuak behar dute izan.
Ideia-laborategia bide onetik doan seinale da mahaiarekin gertatu dena, ekimen honen lehen fruitua, duela 5 urtekoa.
ANDONI AREGITA, Alecop S. Coop: Une hartan ez zegoen merkatuan halako maharik. Gaur badira 30 mahai interaktibo merkatuan, multinazional handiek egindakoak: Panasonic, Microsoft,...
Hortaz, helburua da ideiak lehiakideek baino lehenago izatea, eta ikasgeletan funtzio didaktiko zehatzak beteko dituzten produktu berritzaile bihurtzea da. Erronkarik zailena, etorkizunari aurrea hartzea... eta asmatzea.