ERRALDOIEN GALTZADA
Irlandako iparraldeko kostaldean, Antrim konderrian. Han dago Erraldoien Galtzada famatua.
Irlandako mitologiak dioenez, galtzada berezi hau Finn MacCool gerlariak eraiki zuen. Antza, Eskozian bizi zen emakume batekin maitemindu eta, haren besoetaraino iritsi ahal izateko, itsasoan galtzada bat eraikitzea erabaki zuen. Eskozian, bada antzeko zutabeak dituen beste leku bat... kondairaren arabera, hura da gerlari maiteminduak eraikitako galtzadaren beste aldea.
Zientzia, bere aldetik, oso argumentu desberdinetan oinarritu da gertakari geologiko honen jatorriari azalpena emateko. Gaur egun, gauza jakina da harrizko 40.000 zutabe hauek orain dela 65 milioi urte toki honetan izan zen jarduera bolkanikoaren ondorioz sortu zirela.
Zutabeen forma hexagonala labaren bat-bateko hoztearen ondorioa da. Laba lurreko pitzaduretan barrena sartu eta, itsasoko urarekin topo egitean, hoztu egin zen. Hozte horrek labaren kristalizazioa eragin zuen, eta kristalizazioak, zutabe formako hausturak. Gehienak hexagonalak dira, baina badira bost, zazpi eta zortzi aldekoak ere.
Milaka lagunek bisitatzen dute urtero Erraldoien Galtzada. Batzuek harrizko eztiorraze handi baten antza hartzen diote... beste batzuek, buruz behera eta maila desberdinetan jarrita dauden arkatz-multzo baten itxura. Hala eta guztiz ere, jende guztia bat dator: badirudi galtzada gizakiak egina dela... Dublingo adituek ere aukera hori aztertu zuten 1692. urtean galtzada deskubritu eta haren jatorriari azalpen bat emateko ahaleginetan ari zirenean.
Munduan badira beste hainbat toki era honetako formazioekin, baina, ziurrenik, Irlandako Erraldoien Galtzada da guztietan ederrena eta ikusgarriena.