Energia aurrezten saiatzea gizartean geroz eta barneratuagoa dagoen kontzeptua da, eta bereziki hirietan; izan ere, bertan egiten da energia-gastu handiena.
Energia-kontsumo hori gutxitze aldera, Europako hainbat ikerketa-zentro etxebizitzen eraikuntzak aztertzen ari dira, energetikoki ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen. Europako Batasuneko Futuris zientzia-webgunean argitaratu duten erreportaje honetan ikusiko ditugu ikerketa horien xehetasunak.
Etorkizuneko eraikinak dira: bulego, merkataritza-gune eta etxebizitza garbi eta eraginkorrak energia-erabilerari dagokionez, diseinu inteligentea eta berritzailea erabiliz eraikitakoak.
URSULA EICKER; Stuttgart-eko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea: Munduko herritarren erdia baino gehiago hirietan bizi da, eta joera hori goraka doa. Hortaz, hirietako energia-kontsumoa garrantzizko gaia da etorkizunari begira.
ZERRIN YILMAZ; Istanbuleko Unibertsitate Teknikoa: Herrialde bateko energiaren erdia baino gehiago eraikinetan kontsumitzen da. Horrek esan nahi du eraikinen arazo energetikoa konponduz gero herrialde horretako arazo energetikoa konponduko duzula.
Zerrin Yilmaz-en eta Ursula Eicker-en ikerketaren helburua da hirietan energiaren erabilera ahalik eta eraginkorrena egitea. Stuttgart-eko eta Istanbuleko unibertsitateetan, elkarlanean dihardute Europako Batasuneko proiektu batean, non benetako kasuak eta laborategiko ereduak uztartzen baitituzte. Ikerketaren ardatz nagusietako bat bulego-eraikinen aurrealdeak dira.
ZERRIN YILMAZ; Istanbuleko Unibertsitate Teknikoa: Eraikin hauetan, sistema konplexu automatizatuak dituzte, baina, estrategia pasiboak erabiliz, are eta energia gehiago aurreztu daiteke.
Sistema pasiboekin giro-tenperatura egokia lor daiteke, kontsumo handiko klimatizazio-sistemarik erabili beharrik gabe. Stuttgart-eko unibertsitatean lanpara erraldoiak erabiltzen dituzte eguzkiaren eragina simulatzeko bulego-eraikinetan.
Barrualdean, freskotasunari eustea lan zailagoa da berotzea baino.
URSULA EICKER; Stuttgart-eko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea: Beroketari dagokionez, ederki dakigu zer egin: ongi isolatu, leiho onak jarri, eta ez dago arazorik, bereziki bulegoetan, beroa sortzen duten gauza ugari baitaude: ordenagailuak, argiak, jendea... Baina nola eutsi giro egokiari udan, adibidez, Alemanian, hain leku beroa ez izan arren? Arazo bat da.
Laborategian itzal-sistema desberdinak probatzen dituzte ingurune kontrolatuan.
URSULA EICKER; Stuttgart-eko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea: Ez ditugu eguzki-itzalak bakarrik ikertzen, sistema osoak baizik. Hemen, esate baterako, fatxada bikoitza dugu. Lehenengoaren atzean bigarren bat dago, eta, hor, aire-korronteak behatzen ditugu, bulegora zenbat aire fresko sartzen den. Beraz, ezaugarri termikoak eta optikoak ez ezik, aire-korronteak ere izaten ditugu kontuan.
Ikasle alemaniar honek ikaskide turkiarrekin batera dihardu hirigintza-proiektu batean. Haize-tunelean, Istanbulen ireki berria den Kanyon Centre merkataritza-gunearen kopia bat dute. Keak erakusten die inguruneak nola eragiten dion etxe-orratzari.
TOBIAS SCHULZE; Istanbuleko Unibertsitate Teknikoa: Inguruko eraikinek eragina izan dezakete lantzen ari garen eraikinean, haize-turbulentziak sor ditzakete, edo haizearen noranzkoari eragin. Horregatik, egitura ikuspegi guztietatik aztertu behar dugu.
Ereduan hainbat sentsore txiki dituzte, airearen presioa neurtzeko jarriak.
TOBIAS SCHULZE; Istanbuleko Unibertsitate Teknikoa: Presioaren banaketa garrantzizkoa da eraikinaren aireztapenerako. Haizearen aldeko guneetan presioa positiboa da, eta haizearen kontrakoetan, negatiboa. Bi presio horien arteko diferentziak haize-korrontea sortzen du barruan, eta eraikina aireztatu eta freskatzeko erabil daiteke.
Yilmaz-en taldeak Kanyon eraikinaren eraikitzaileekin batera egin du lan, eta, ereduei esker, argiztapen eraginkorragoa lortu dute.
ZERRIN YILMAZ; Istanbuleko Unibertsitate Teknikoa: Aireztapena gehienbat era naturalean egin dezakegun ari gara aztertzen, eta baita energia-eraginkortasunaren gaineko beste kontu batzuk ere. Adibidez, aplikazio fotovoltaikoak, itzala kontrolatzeko tresnak... Eta energia kontsumoaren eta erosotasunaren arteko erlazioa ere aztertzen ari gara.
Hirigunean berotzeko eta hozteko erabiltzen den energia ikertzeko ikuspegi orokorra behar da, eta horretarako dute zeru artifizial hau.
Lanpara indartsu honek eguzkiaren lana egiten du. Domoaren argia egokitu egin daiteke, errealitatearen antz handiagoa izateko.
URSULA EICKER; Stuttgart-eko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea: Zeruak ez du argi uniformea izaten. Eguzkiaren inguruan gune argiagoak daude, eta baita horizontean ere. Simulazioa ahalik eta errealena egin behar dugu, eraikinera nahikoa argi iristen den jakiteko.
Zeru artifiziala Stuttgart-eko inguru hau aztertzeko erabili dute. Ikertzaileek eraikinen arteko distantziari erreparatzen diote, zenbat eguzki iristen zaien ikusteko. Inguru honetan energia aurrezteko hainbat ekimen daude; bulego honetan, esaterako, badago bat. Sotoan hozkailu bat dute, biomasa-planta batean sortutako beroarekin likido bat hoztu eta eraikinean banatzeko. Eguraldi-iragarpenaren arabera erregulatzen dute giro-tenperatura.
ZERRIN YILMAZ; Istanbuleko Unibertsitate Teknikoa: Diseinu-fasean topatu behar duzu soluziorik egokiena. Hainbat diseinu probatu behar dira, energiaren aldetik eraginkorrena topatzeko. Diseinu egokiena baduzu, energiaren % 50 aurreztu liteke era honetako eraikinetan; eta hori asko da, elektrizitate eta gas natural asko kontsumitzen baitute berokuntzarako, argiztapenerako, hozteko eta abar.
Arkitekturan aireztapen naturala eta antzeko teknikak ezartzeko lanean ari dira ikertzaile hauek. Baina erronka handia dute aurretik, eta ez da erronka teknikoa, soziala baizik.
URSULA EICKER; Stuttgart-eko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea: Eraikinen kalitatea oso ona da gaur egun, baina, eraiki ondoren, funtzionamendua ez da optimoa. Ez zaie arretarik jartzen hozte-sistemei, esaterako. Behar ez direnean piztu eta itzaltzen dira. Aireztapenean energia pila bat xahutzen da, baita inor ez dagoenean ere. Argiak piztuta lagatzen dira. Eta hori erabiltzailearen esku dago; arreta pixka batekin asko aurrez daiteke.
Azken finean, bertan bizi edo lan egiten dutenen esku dago eraikin hauek behar bezala erabiltzea.