Eguzkiaren argia behar dute kargatzeko eta ilunpean egiten dute lan. Eguzki-farol hauek Donostiako enpresa batek diseinatzen ditu.
MAITE AROZENA, Ekiona: Farolak diseinatzeko, lehenik bezeroaren beharrak aztertzen ditugu: non jarri nahi duen instalazioa, kokapen geografikoa, eguzkiaren erradiazioa nolakoa den, bezeroak eskatzen duen ordutegia edo eta bide-mota; ez da berdina izango bide gorri bat argiztatzea edo biribilgune bat argiztatzea.
Kasuaren arabera erabakitzen dira kale-argia osatzen duten elementuen ezaugarriak eta neurria. Fabrikazioa baino, ingeniaritza-lana egiten dute.
MAITE AROZENA, Ekiona: Kontuan izaten diren balio edo parametroak izango lirateke panela eta haren potentzia, panelaren inklinazioa (erradiazioaren araberakoa), bateriaren ahalmena, mastaren altuera edo luminaria bera, hau da , argiaren indarra edo kolorea. Izan daiteke kolore berokoa edo hotzekoa, eta luminariaren optika zenbateraino itxi edo irekitzen den, bidearen arabera. Gainera, ez dugu ahaztu behar horrelako farol bat egiteko ez dugula obra zibilik egiten; zulo bat baino ez da egiten. Ez da ekarri behar elektrizitaterik eguzki-farola jarri nahi dugun lekuraino. Autonomoak dira: eguzkitik hartzen dute energia, eta argia emateko erabiltzen dute.
Ekologikoak eta garbiak dira. Horrelako instalazio batek 47 tona CO2-ren isurketa saihesten du.
Bateria mastaren puntan jartzen da lapurtu ez dezaten.
Funtzionamenduan zerikusia duten faktore guztiak kudeatzen ditu KEN04 zentralitak, ordutegia edo argiaren intentsitatea, adibidez.
Bateriaren lana optimizatzea da helburuetako bat.
CORRADO CAMPAGNOLLI, Ekiona: Hau egun bateko neurketa da. Ilundutakoan, panelaren tentsioa jaitsi egiten da, eta argi ikusten da egun eguzkitsua ala lainotua izan den. Lerro gorriak adierazten du bateriak gorde duen energia; farola piztu eta itzaltzen den neurrian, beherantz doa.
Eguzkia non, bezeroa han. Qatarrerako instalazio bat ari dira diseinatzen.
MAITE AROZENA, Ekiona: Orain, Ekialde Hurbiletik gurekin harremanetan jarri dira. Proiektu bat eskatu digute Qatarrerako, eta negoziaketetan ari gara, ea zer suertatzen den.