NASAren SDO espazioko behatokiari buruzko erreportajea. Otsailean jaurti zuten eta lehenengo irudi ikusgarriak iritsi dira. SDOren helburua Eguzkia ikertzeko baliabideak eskaintzea da.
Eguzkiaren azaleko uhin erraldoi hau da SDO espazioko behatokitik NASAn jaso duten lehengo irudietako bat.
SDO eraiki duten NASAko ingeniarien arabera, Eguzkia ikertzeko inoiz eraiki den espazioko tresna sofistikatuena da behatoki hau. Jatorrizko izena Solar Dynamics Observatory du, eta SDO laburduraz ezagutzen da.
Puntako teknologia du; besteak beste, bereizmen handiko kamerak.
DEAN PESNELL; NASA: Askoz hobea da Eguzki osoaren irudia izatea, bereizmen handian, zati batena baino. Eguzkiaren zatitxo bakar bati erreparatzen badiogu aldiko, eta zerbait gertatzen bada, esango dugu "a, ederra! Hori da ikertu nahi nuena! Nola gertatu da? Zergatik?" mugatuta zaude. Hortaz, orain ikusi nahi zenuena ikusten duzu, ikusten duzu uhina etortzen. Eta are garrantzizkoagoa dena, irudiak oso maiz aterako ditugu, hamar segundoan behin.
Eguzkiak Lurrean eta batez ere Lurreko bizitzan eragina duena jakina da. Baina Lurretik kanpora ere eragina ez da nolanahikoa. Eguzkiaren aktibitateak sateliteei, espaziontziei eta abarri eragiten die. Lurrean eguraldi iragarpena egiten den bezala, espazioko eguraldiaren iragarpena egin nahi lukete adituek. Eta iragarpen hori egitetik oraindik urrun dauden arren, geroz eta baliabide egokiagoak dituzte. Ingurumari horretan kokatzen da SDO eguzki-behatokia.
Eguzkiaren eremu magnetikoari buruzko informazioa jasotzen du SDOk, besteak beste. Kasu honetan ere, Eguzkia oso-osorik ikertzen dute.
Behatoki honen beste helburuetako bat muturreko erradiazio ultramorea neurtzea da. Helburu praktiko batekin hori ere; izan ere, erradiazio horiek irrati bidezko komunikazioetan interferentziak sortzen dituzte.
Irudi ederrak espero dira eguzki-behatoki honetatik. Haren egituran lau teleskopio ere txertatu dituzte. Teleskopio bakoitzak kolore batean egiten du lan, hau da, Eguzkiaren tenperatura-tarte bati erreparatzen dio, 50.000 kelvinetan hasi eta milioika kelvinetaraino.
DEAN PESNELL, NASA: Azken finean, SDO eguzki-behatoki honen tresnek elkarrekin egiten dute lan. Batek eremu magnetikoa neurtzen du, beste batek eremu magnetikoak zer egiten duen, eta hirugarren batek hemen Lurrean izan dezakeen eragina. SDOri esker espazioko eguraldia iragartzeko gai izan nahi dugu; horrela, Eguzkiari begiratu eta jakin zerbait gertatuko dela, eta jendea ohartarazi.