Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, Gasteizko kanpusean, banku berezi bat dago, dirua gorde beharrean, DNA gordetzen duena.
Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, Gasteizko kanpusean, banku berezi bat dago, dirua gorde beharrean, DNA gordetzen duena. Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzu Orokorretako bat da eta bere helburua neuro-endekapenezko gaixotasunen ikerketan ari diren zientzialariei datu base fidagarri eta seguru bat eskeintzea da.
Ikerketa talde bat osatzeaz gain, DNA bankuak ardatz desberdinetan banatzen du bere jarduera. Azken urteotan, EHU beraren ekimenez, pertsona osasuntsuen DNA bilduma bat osatu du, bertako populazioaren eboluzio genetikoa aztertzeko. Hau eratzeko, Gipuzkoa eta Bizkaian zortzi abizen euskaldun dituzten pertsonak bilatu zituzten eta Araban, berriz, lau aiton-amonak euskaldunak dituztenak, hango abizen elkartuek zalantza gehiago sortzen bait dute jatorria zehazterakoan.
Bestetik, Genoma España Fundazioaren ekimen batean parte hartzen du, Salamancan dagoen DNA Banku Nazionalaren iparraldeko nodoa bilakatzen duena. Kasu honetan, Alzheimer, Parkinson eta prionopatiak dituzten gaixoen laginak jasotzen ditu ospitaleetatik.
Total: Adrian Odriozola; DNA Bankua
"Gaixotasun hau sufritzen dutenek bere baimena eman behar dute guk bere lagina bildu eta gero, berarekin ikertu ahal izateko. Baina lagin onenak aukeratzen dituztenak neurologoak dira. Beraiekin harremanetan jartzen gara eta beraiek dira aukeratzen dituztenak."
Odola, Europar Batasunak herrialde denentzat ezarritako protokoloak jarraituz ateratzen zaio emaileari, eta 24 ordu baino lehen eraman behar da laborategira, hondatu edo kutsatu ez dadin.
DNA bankuko zientzialariek segurtasuneko hiru edukiontziren barruan jasotzen dute. Emaile beraren odol guztia Falcon hodi honetara pasatzen da, hemen egingo bait da DNAren erauztea. Ospitaletik iritsitako hodiak eta odolak kutsatutako material guztia segituan botatzen da, noski. Gainera, kristalezko kanpaiak aire-iragazki baten bidez babesten ditu laginak eta gainazala gaizki garbituz gero, izpi ultramore batek DNA kateak hausten ditu, hurrengo laginak kutsatu ez daitezen.
Arraboldun irabiagailu honek globulu gorriak banatzen ditu 30 minutuz. Amaitzean, odolak kolore gorri biziagoa hartzen du. Ondoren, bost orduko lana behar izaten da erauzketa-kitean DNA lortu ahal izateko. Emaitza: milaka zeluletatik ateratako DNA duten zuntz erdigarden hauek.
DNA soluzio homogeneo bat lortzeko, zuntz horiek likido hidratatzaile batean disolbatzen dira eta beste makina honen bidez, astindu egiten dira, ondo banatzeko.
DNA gorde aurretik, hainbat hodi desberdinetan banatu behar da, lortutako lagina ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Lehenik eta behin, 96 hodi huts dituen xafla bat jartzen da eskanerrean eta honek hogei segundutan identifikatzen ditu.
TOTAL: Adrian Odriozola; DNA Bankua
"Hurrengo pausoa, trazabilitatea ziurtatzeko, ez dugu guk egingo: robot batek egingo du. Micronic hodi hauetara banatuko de DNA. Hodi hauen berezitasuna munduan bakarra den kode bidimentsionala dutela da. Honela ziurtatzen dugu hasieran genuen odol lagin hori, hodi zehatz batean dagoela, inolako akatsik gabe.
Laginak ondo identifikatzea bereziki garrantzitsua da, akats bakar batek hainbat urtetako ikerketa hondatu dezakeela kontutan hartzen badugu.
Orain, DNA gordetzeko prest dago, eta programa informatiko batek esango dio ziantzialariari zein den biltegian dagokion lekua.
Izozkailu handi hauek, ohiko banku batean dirua gordetzeko erabiliko lirateken kutxa gotorrak bezalakoak dira. Gutxi gora behera, DNA autoktonoaren 300 lagin gordetzen dituzte eta Alzheimer, Parkinson eta Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen 500 lagin, gaixotasun bakoitzeko. Gainera, 90 eta 100 urtetik gorakoen DNA bilduma berri bat osatzen ari dira, zahartzearen inguruko ikerketak egiteko.
DNAk zero azpitik 20 gradutara ondo irauten du. Hala ere, Bankuak, laginak minus 80 gradutara mantentzen dituen izozkailu handi bat dauka. Zelulak berriz, nitrogeno likidoan murgilduta egon behar dira, zero azpitik 175 eta 190 gradu bitartean. Elektrizitatea joanez gero, CO2 bala batzuek hornitzen dituzte korrontea itzuli arte. Gainera, Bankuaren berezko bildumaren kasuan, laginak bikoiztu eta giro-tenperaturan mantentzen diren txartel berezi batzuetan gordetzen dira. Honela, sute bat edo uholde bat gertatuz gero, hainbeste urtetan egindako lanaren segur-kopia bat egongo litzateke.
Baina DNA Bankuaren helburu nagusia ez da bilduma genetikoak gordetzea, zientzialariei beraien ikerketak egiteko eskeintzea baizik. Haien eskakizuna batzorde zientifiko eta etiko bik aztertzen dute eta, onartuz gero, hamabost eguneko epean ematen zaizkio zientzialariari, lagin bakoitzeko euro bateko salneurrian. Zientzialariarentzat oso merkea izateaz gainera, denbora asko aurrezteko aukera ematen dio.
TOTAL: Adrian Odriozola; DNA Bankua
"Edozein ikerketa burutu nahi duzunean, laginak behar dituzu edozer gauza baino lehen. Eta laginak biltzeko, askotan 3 eta 5 urte behar dira, leku askotatik hartu behar dituzulako. Bankua hemen egoteak esan nahi du zuk soilik esan behar duzula zein gaixotasun eta zenbat lagin behar dituzu, eta guk zure esku jar ditzakegu".
Gaur egun, Euskal DNA Bankua hainbeste hazi da, 2009aren bukaeran Euskal Herriko Unibertsitatea Gasteizko kanpusean eraikitzen ari den I+G eraikuntza berrira mugituko dela. Ordurako, DNA Bankuaz gainera, ikerketa zientifikoen segurtasun eta fidagarritasuna ziurtatuko dituzten ehun bankuak ere egongo direla aurrikusten da.