JAVIER: Beheko haginak postizoak ditut, eta mugitzen hasi zaizkit. Ez dut ongi murtxikatzen... Eta jakin nahi dut ea zer egin daitekeen, inplanteak jarri daitezkeen...
ANGEL MORENO; Bista Eder klinika: Lehenengo zure ahoaren azterketa egingo dugu. Eskaner bat egingo dugu inplanteak jartzeko behar beste hezur duzun ikusteko. Eta horren arabera ikusiko dugu nola konpondu zure arazoa.
Hau da zure ahoaren eskanerra.
JAVIER: Inplanteak jartzeko nahiko hezur daukadala uste duzu?
ANGEL MORENO; Bista Eder klinika: Argi ikusten da inplanteak egin daitezkeela. Sei bat egingo ditugu, eta horien gainean hortzeria finkoa ezarriko dizugu. Eskanerrarekin pazientearen hezurraren bolumena ikusten dugu inplanteak egin daitezkeen erabakitzeko. Programa berezi batera eramaten dugu eta kirurgiaren simulazio bat egiten dugu. Horren bitartez inplanteak non jarri erabaki dugu, logikoki hezur gehien duen gunean izango da hortz-haginei ongi eusteko.
Berebizikoa da kirurgiaren egunean inplanteak ongi ezartzea horren baitan baitago kalitatezko protesia burutzea.
Kirurgiarako prestaketak hasi dituzte Eibarko Bista Eder klinikan: beharko duten tresneria esterilizatu guztia eskura jartzen dute eta Javierren hezurrari adi begiratzen diote inplanteen kokapen zehatza erabakitzeko; hezurrari eutsita geratzeko inolako nerbiorik ukitu gabe.
Anestesia lokalaren eraginpean ebaki garbi bat egiten dioten oian, banatu eta hezurra bistan lagatzeko. Inplante bakoitzarentzako zulo bat egiten dute matrailezurrean, sei guztira, eta inplanteak hariz bilduz sartzen dira.
Inplanteak eta hezurrak bat egingo dute, soldatuta geratuko dira, hezurra inplantearen inguruan haziko baita. Hori da inplanteen funtsa.
Sei inplante jarri dizkiote Javierri. Lana errazteko inplante bakoitzak askatzeko moduko buru bat dakar. Oia inplantearen gainetik haz ez dadin habe txiki batzuk jartzen dira, josi eta listo.
Bi hilabete beharko ditu hezurrak inplantearekin bat egiteko. Tarte horretan Javierrek ezingo du haginka egin inplanteak bere lekutik mugi ez daitezen. Hortzeria probisional bat eramango du inplanteei torlojuz lotuta, protesi behin-betikoa aurrerago jarriko diote.
Bi hilabeteren ondoren kontsultara itzuli da Javier. Inplanteak itsatsi zaizkio eta behin-betiko protesia egiteko neurriak hartu behar dizkiote. Ohiko masilla-moldea atera beharrean ahoa eskaneatuko egingo diote. Horrela zuzenean datu digitalak izango dituzte.
ANGEL MORENO; Bista Eder klinika: Sistema tradizionalekin errore txikiak izaten ziren eta, ondorioz, protesiak inperfekzioak zituen eta ez zen ongi egokitzen. Teknika tradizionalean masilla erabiltzen da; masilla horrekin igeltsuzko molde bat egiten da laborategian eta postaz protesia egingo duten enpresara bidaltzen da. Esku askotatik pasatzen da. Ahoa eskaneatuz, berriz, automatikoa da. Eta internet bidez bidaltzen ditugu datuak.
Pare bat minutuan protesia egiteko datuak iritsi dira Mendaroko Createch Medical-era. Ordenagailu bidezko diseinua eta ekoizpena, CAD-CAM, oso zabaldua dago industrian, izan ere, behin diseinua eginda nahi adina pieza mekanizatu daitezke. Baina aho-piezak egitea oso bestelakoa da, pieza bakoitza bakarra baita.
ANTXOKA URZAINKI; Createch Medical: Batez ere azkeneko 6-7 urteetan teknologia sartu da hortzen sektorean eta aldatu du guztiz. Lehen artisau-lanak ziren, eta orain ingeniaritza sartu da, teknologia digitala.
Lan guztia birtuala da. Lehenengo egituraren diseinua egiten da, eta, ondoren, makina programatzen da pieza zehaztasun mikrometrikoz mekanizatu dezan.
Egitura egiteko inplanteen material bera erabiltzen da. Biobateragarria da, ezinbestean, titanioa edo kromo-kobaltozko aleazio bat. Horrela, Javierren gorputzak ez du arrotz gisa sentituko eta berea balitz bezala hartuko du.
ANTXOKA URZAINKI; Createch Medical: Hau da haginen egitura, gure produktua. Ahoaren egituraren gainean jarrita, finkatzea oso ona da. Hori zergatik? Teknologia oso zehatza daukagulako, bai neurtzeko garaian eta baita fabrikatzeko garaian ere. Beti izango da onena jatorrizko haginak mantentzea, baina galdu baditu, gu saiatzen gara imitatzen bai kolorean, bai, forman eta baita gogortasunean ere. Hau laborategian makillatu egingo dute hortzetako zeramika batekin, artisten modura. Piskanaka kolorea emango dio, xehetasunak... saiatuko da jatorrizko haginen itxura bera izan dezaten.
ANGEL MORENO; Bista Eder klinika: Hemen dago guztiaren gakoa: protesia amaitua dago. Ikusi ze ongi sartzen den. Jarrita dago. Finkoa da torlojuen bidez lotuta doalako, baina nahi dugunean aska dezakegu. Mantenurako askatzen dugu urte eta erdira. Ba, jarri dugu protesi finkoa eta Javier prest dago txuletari edo nahi duenari kosk egiteko.