Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek James Dyson Award nazioarteko diseinu lekiaketan, Ohorezko aipamena jaso dute bizikleta-kasko baten diseinuarekin.
Hau da "Aharixe" kaskoa. Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek proiektatu zuten eta Bikaintasun Ziurtagiria jaso du James Dyson Award nazioarteko diseinu lehiaketan.
Eñaut Iturbek, Maitane Mazmelak eta Egoitz Segurolak ez zuten espero euren txirrindularitza zaletasunak ohorezko aipamen hori ekarriko zienik.
Lehiaketan, 18 herritako 500 proiektu bildu ziren. 15 besterik ez ziren iritsi finalera, eta, "Aharixe" kaskoak txartelik lortu ez zuen arren, epaimahaiak aparteko aipamena egin zion.
MAITANE MAZMELA; MU: Diseinuaren arloan dagoen txapelketa garrantzitsu bat da, eta badauka oihartzuna.
Ideia bera, zer berrikuntza maila daukan. Eta hortik aparte, ea ekodiseinua lantzen den eta, azkenean, nik uste dut, ideia jenerala dela.
EGOITZ SEGUROLA; MU: Ikusi genuena izan zen pelotoi profesionaletan, normalean, aldapan gora doazela, betaurrekoak kentzen dituztela eta kaskoaren goialdean izaten dituzten zuloetan sartzen dituztela. Eta guk, hor ikusten genuen arazoa da, normalean bi eskuak askatu behar direla manilarretik, eta horrek berak arriskuak ekartzen dituela .
Orduan pentsatu genuen, lortzen badugu eragiketa hori, operazio hori esku bakarrekin egitea, arrisku gutxiago jartzen diola txirrindulariari.
Lehenengo ideiak paperean jarri ziren. Oinarritzat, firma garrantzitsuenen kasko diseinuak eta ezaugarriak hartu zituzten kasko berria egiteko.
EGOITZ SEGUROLA; MU: Ikusi genuen zer material erabiltzen diren zer egiteko, eta gaur egun asko saltzen diren kaskoen berezitasuna zein den. Hortik atera genuen bi material diferenterekin egin behar izaten dela kaskoa. Eta horrelako datuekin hasi ginen forma ematen.
Proiektua ordenagailuan edo maketan aurkeztu zezaketen, eta bigarrenaren aldeko hautua egin zuten.
Erlojuaren aurkako lasterketa izan zuten tailerrean. Materiala aukeratzea izan zen lehenengo urratsa.
EÑAUT ITURBE; MU: Maketa hau egiteko poliuretanoa erabili genuen; material bigunena da edo errazen kentzen zaiona materiala, lijatzeko orduan. Azken finean, bizkortasuna emateko maketari eta lehenago kentzeko materiala.
Horrek egiten duena da maketa porotsuagoa izatea eta doitasuna ez izatea hainbestekoa.
Kaskoaren barrualdea polistireno hedatuaz egina dago, material erdizurruna eta porotsua da, eta kolpe zakar batekin deformatu egiten da. Kanpoko armazoia polipropilenoz egina dago, barrualdea hauts ez dadin kolpe handi baten ondorioz.
Txantiloia marraztu, eta ebakitzeari eta lijatzeari ekin zioten hiru ikaslek, behin betiko forma eman arte.
Arintasuna, segurtasuna eta berrikuntza dira "Aharixe" izendatutako kasko honen hiru ezaugarriak. Diseinua ere berezia da.
EÑAUT ITURBE; MU: Gehienbat arintasuna lortu dugu, zuloak handiagoak direlako. Hasiera batean, lehen txitxonera-kasko horrek zeukan formarekin inspiratu ginen . Azken finean, orain arte kasko guztiak dauzkate zulo pilo bat, baina txikiagoak. Guk zulo handiagoak egin ditugu, eta horrela material gutxiago dauka, nahiz eta kolpea jasotzeko nahiko material eduki.
Lijatu, zulatu, margotu eta babesgarriak jarri ondoren, maketa prest zegoen. Maketa estetikoa zen; hau da, eredu soila. Horrek esan nahi du ezin dela erabili bere horretan.
EGOITZ SEGUROLA; MU: Maketa batek ez ditu betetzen segurtasun-arauak. Kanpo itxura bakarrik da, eta materialak ez dira betetzen. Prototipo batean, kasko horrek zuzenean lehiaketarako balio du... homologatua dago behintzat.
James Dyson Award lehiaketan parte hartzeko, soluzioa eman behar zitzaion arazo bati, eta hor datza kasko honen berrikuntza.
EGOITZ SEGUROLA; MU: Kaskoari zirrikitu bat egin zaio goialdean, eta eskuarekin goraka bultzatze hutsarekin, kaskoaren zuloan edozein betaurreko sartzen dira.
EÑAUT ITURBE; MU: Azken finean, betaurrekoak eusteko sistema bat izango litzateke, zirrikitu horretan edukiko lukeen goma antzeko bat, betaurrekoak sartzerakoan estutu egingo litzateke,eta, orduan, betaurrekoak bertan egongo lirateke eutsita, eta gero ateratzeko ere erraztasuna izango luke.
Azken finean, zer edo zer mekanikoa egingo bagenu, botoi bat egongo litzateke, zapaldu egin beharko litzateke, eta orduan askatu egingo lirateke betaurrekoak. Hori guztia errazteko, goma bat egongo litzateke , elastikoa, bertan eutsiko lukeena.
MAITANE MAZMELA; MU: Gure kasuan, ia publikatuta dagoenez, ezin izango genuke patentatu.
Ezin dugu ideia hori saldu. Azkenean geratzen da gure produktu bat, gure ideia bat dena baina guztiz librea, edonork erabiltzeko moduan.
Kaskoaren ideiak ohorezko aipamena izan arren, proiektuaren egileek zaila izango dute kaskoa merkaturatzeko bidea.