PILULA: BUMERANA
Zergatik egiten du hegan, eta zergatik itzultzen da bumerana?
Erdian elkartutako bi hegalez osatzen da bumerana. Hegal horien profila hegazkinen hegalen antzekoa da. Hegalen geometria dela eta, aire-fluxuak bumeranaren kontra egiten duenean, zeharkatzen duen airearen abiadura handiagoa da goialdean behealdean baino.
Abiadura-diferentzia horrek, aldi berean, presio-diferentzia sortzen du; hala, presioa goialdean txikiagoa izango da eta behealdean, berriz, handiagoa. Horrela sortzen da hegala gorantz bultzatzen duen indarra eta bumeranaren hegaldia sortzen duena. Bernoulliren printzipioa esaten zaio Fisikan.
Hegan egiteaz gainera, bumerana itzuli ere egiten da. Aurrera egiten duen bitartean, bumerana bere ardatzaren inguruan biratzen da. Horrela, aurrerantz biratzen ari den pala gehiago igotzen da presio-diferentzia handiagoa duelako; eta bumeranaren kontrako noranzkoan biratzen duen pala indar gutxiagorekin mantentzen da. Horrela sortzen da biraketa eragiten duen indar-momentua.
Indar-momentu horren ondorioz, bumeranaren ibilbidea zirkular edo eliptiko bihurtzen da, eta abiapunturantz itzultzea errazten du.
Australian aurkitu den bumeranik zaharrena duela 14.000 urtekoa da. Harri Aroko gizakiaren eta aro espazialeko teknologien bat-egite benetan harrigarria.