Isola itzazu zure etxeko hormak praka bakeroekin. Erokeria dirudi, baina baliteke ez izatea!
Manchesterretik gertu gaude
Michael Walsh, Anglo: Gure inguruan arropa sailkatu eta berreskuratzen duten hainbat enpresa dago. Ehun bakeroen hondakinak bereizteko eskatu diogu haietako bati, produktu berri batzuk egiteko eta beste zerbaitetan erabil daitezen.
Bakeroak uhal garraiatzaile batean jartzen ditugu, eta pixkanaka txikitu egiten dira. Metalezko zatiak, botoiak eta kremailerak bota egiten ditu makinak.
Michael Walsh, Anglo: Prozesuaren une honetan, berrerabili aurretik oraindik txikiago egin behar diren ehun bakeroak daude.
Zuntzak bereizi ondoren, konprimitu eta koltxoi itxura hartzen dute. Etxebizitzetan isolatzaile moduan erabiltzen hasi baino lehen, suteen aurkako tratamendua egingo zaie.
Nick Parsons, instalatzailea: Honek ez du hazkurarik ematen. Norberak egin dezake. Oso sinplea da, tamaina egokitu daitekeelako, eta, puskatzeko erraza denez, zuloak estaltzeko zati txikiagoak lor ditzakegu.
Material hau, instalatzeko erraza izateaz gain, isolatzeko erabiltzen den beste asko baino ekologikoagoa da. Hala ere, egia da garestiagoa ere badela.
Dena dela, maila lokalean aukera ekonomiko ona izan liteke arropak birziklatzea, eta ez bakeroak bakarrik.
Michael Walsh, Anglo: Artile hau baratzezaintzan eta zoruan ere erabiltzen dugu. Hondakinetatik abiatzen gara, eta beste era bateko produktu bihurtzen ditugu. Lehengaietatik abiatuta ekoizten diren produktuekin alderatzen bada, honelako prozesuetan energia askoz ere gutxiago erabiltzen dugu. Denborak aurrera egin ahala, joera hori indartzen ari da.
Norbanakoek, enpresek, erakundeek... guztiok ekoizten ditugu etengabe hondakinak. Europar Batasunean urtean 3 milioi tona hondakin sortzen ditugu. Horrek esan nahi du pertsonako 5 tona sortzen ditugula, etxeko zaborraren tona-erdi kontuan hartuta.
Ingurumenarengatik eta arrazoi ekonomikoengatik, hondakin gutxiago ekoiztu behar dugu nahitaez. Eta horrekin batera, hondakinak hobeto bereizi, prozesatu eta birziklatu behar ditugu.
Jean Potocnik, EB: Birziklatzea lanpostu berriak sortzeko eta ekonomiaren hazkundea bultzatzeko aukera handi bat da. Ulertu behar dugu hondakinak ez direla zama, baizik eta baliabide berri bat. Poltsikoan dugun telefono mugikorra adibidez. 40 mugikor birziklatuz gero, urre gramo bat atera daiteke.
Lehengaien gainean dagoen presioa kontuan hartuta, hondakinak garrantzia hartzen ari dira baliabide gisa.
Gisèle Jung, ikertzailea: Hondakinak berreskuratzea ez da aukera bat, behar bat da. Lehengaiak agortzen ari direla ikusten dugunean, argi dago birziklatu egin behar dugula eta gure hondakinetatik ahalik eta gehien berreskuratu behar dugula.
Oraindik bide luzea egin behar da Europa birziklatzearen gizarte bihurtu arte. Helburu horri begira, Europar Batasunak hainbat hondakin-mota kontuan hartzen dituen legeria onartu du, eta guztietan birziklatze-helburuak ezarri ditu. Automobilgintzaren alorra, adibidez, lehengai ugari behar dituen sektorea da, eta bukaeran hondakin bihurtzen dira.
Raluca eta Mihai Bucaresten bizi dira. Hiriburuan mugitzeko, 15 urte baino gehiago dituen auto hau erabiltzen dute.
Mihai Martín: Mantentze-lanak konplexuak eta garestiak dira. Erregai asko erretzen du eta asko kutsatzen du. Dagoeneko egin du bere lana. Orain birziklatzegunera eraman behar da.
Errumanian gaur egun birziklatzeko 200 zentro baino gehiago dago. Mihairen autoarekin urtero hona iristen diren 50.000 ibilgailuekin egiten den prozesua egingo da.
Autoak lehenik desmuntatu eta garbitu egiten dira. Olioa eta gainerako likidoak drainatu egiten dira, eta leihoak eta gurpilak kendu egiten dira. Karrozeria zapaldu eta beste toki batzuetara eramaten dute kamioiek. Gero pieza txikiagoak ateratzen dira, eta burdina duten metalak eta ez dutenak bereizten dira.
Mihai Sofian, Rematholding: Errumanian bereizi eta birziklatu egiten dugu. Beiraren, paperaren, plastikoen, kautxuaren, metalen, motorretarako olioen eta izotz-kontrakoen merkatuak ditugu.
Metalak ordezko piezak egiteko edo birziklatzeko erabiltzen dira; pneumatikoak eta motorreko likidoak, berriz, erregai gisa, batez ere zementuaren industrian. Gaur egun, Errumanian, autoetako materialen % 85, modu batean edo bestean, berrerabili egiten da. Hondakin horiek baliabide garrantzitsua dira herrialdearentzat. Eta, Errumaniako auto gehienen egoera ikusita, baliabide ugaria dela esan behar.
Mihai Sofian, Rematholding: Errumanian 10 urte baino gehiago duten ia milioi eta erdi auto dauzkagu. Programa hau da herrialdeak behar duena.
Auto zaharrak aldatzen laguntzeko Errumaniako gobernuak 1.000 euroko diru-laguntza ematen du auto berri bat erostean. Ibilgailu berriak CO2 emisioen araudia bete beharko du, eta erregai gutxi kontsumitu beharko du. Auto berriak ere hobeto diseinaturik daude etorkizunean birziklatzeko.
Hau Dacia-Renaulten ikerketa-zentroa da, Errumaniako merkatuaren liderra. Duela urte batzuetatik hona, diseinuaren unetik bertatik birziklatzea kontuan hartzen duen sistema bat garatu behar izan dute.
Stefan Macea, Dacia: 2015ean Europan indarrean sartuko den ibilgailuen legearen helburu zorrotzenak ahalik eta bizkorrena lortu nahi ditugu. Erronka handia da, ibilgailuak ia osorik berrerabili, berreskuratu edo birziklatuko direlako, adibidez, energia lortzeko.
Auto berrietan birziklatutako materiala sartzen ari da Dacia. Azken modeloetan erabili den plastikoaren % 15 birziklatua da. Oraingoz, lohi-babesak eta motelgailuak egiteko baino ez da erabili.
Georgiana, Luciana Enache Dacia: Birziklatutako plastiko gehiago non sartu aztertzen ari gara. Ingurumena zaintzeaz gain, dirua ere aurrezten dugu.
Erronka handia da. Hondakinen ekoizpena murriztea garrantzitsua da, hondakinak baliabide moduan ikusi behar ditugu, eta haien kudeaketa hobetu. Ingurumena babestea eta gure hazkundearen jasangarritasuna daude jokoan.