Aste honetan Patxik idatzi digu Basauritik bihotzeko iskemiari buruz galdetzeko. Egun batean, lagun batekin korrika ari zela, min handia sentitu zuen bularraldean. Minutu batzuk pasatu eta gero mina joan bazitzaion ere, susto handia hartu zuen. Medikuak, gero, bihotzeko iskemia izan zuela azaldu zion, eta Patxik, gehiago jakin nahi du gaixotasun horri buruz.
Bihotza muskulu bat da. Ponpaketa-lana egiteko, arteria koronarioen bidez iristen zaizkion oxigenoa eta elikagaiak behar ditu. Eskaeraren eta odol-horniketaren arteko erlazioa egonkor mantentzen da, ohiko egoeran. Baina kirola egitean edota ohikoa ez den esfortzuren bat egitean, oxigeno eta elikagai gehiago behar ditu bihotzak. Behar baino odol gutxiago iristen bazaio, iskemia sortzen da. Arteria koronarioen fluxua gutxitzen duen arteriosklerosia izan ohi da iskemiaren ohiko arrazoia.
Erretzeari uztea, kolesterola, presioa eta diabetesa zaintzea eta jateko ohitura osasungarriak izatea gomendatzen dira bihotzeko iskemiaren ondoren.
Horixe da Patxiri kontatu diezaiokeguna bihotzeko iskemiari buruz. Beti bezala, gogorarazten dizuegu teknopolis@elhuyar.com helbidea eskura duzuela osasun-gaiei buruzko galderak bidaltzeko.