Bideojokoak sendabide
2011/02/13 Elhuyar Iturria: Teknopolis
JANSEN-KOSTERINK; gaixoa: Autobus-gidaria naiz, eta, orain, lanak ditut bolantea erabiltzeko. Mina lepoan hasi zitzaidan, eta sorbaldara zabaldu zen. Lepoko minez nago azken hiru urteotan.
Gaixoa: Nire arazoa gero eta larriagoa zen. Konpondu nahi nuen, baina larrituz zihoan eta ez nion irtenbiderik ikusten. Etxean arazoak nituen, gezurretan ibiltzen nintzen, eta bikotekidearekin geroz eta fidagaitzago nengoen. Geroz eta itxiagoa nintzen. Hor geunden ni eta nire arazoa.
Hiru gaixo horien sendabidea uharte batean zeharreko paseo birtual hau izan ote daiteke? Hala uste du zenbait ikertzaile europarrek. Hona hemen nola ikerketa batetik abiatuta bideojoko serio bat garatu duten gaixotasun larriak tratatzeko.
Gaixoa: Fruta ikusita gogoa sartzen zait. Baina elikagai bat da, eta ezin naiz elikatu, neure buruari galarazia diot... Elikatzea da hori, eta galarazita daukat. Ni ez bainaiz elikatzen, nik jan egiten dut.
Bartzelonan tripakadaren asaldura tratatzen dihardute; elikaduran kontrola erabat galdu izana da gaixotasun horren ezaugarria. Emakume honek bideojoko bat probatzen dihardu, emozioak ezagutzeko eta autokontrola berreskuratzeko bereziki garatutako bideojoko bat.
FERNANDO FERNÁNDEZ; Bellvitge-ko Ospitale Unibertsitarioa: Tresna osagarri bat da, zenbait alderdi kontrolatzen laguntzen duena, hala nola oldarkortasuna, tolerantzia, frustrazioa... egin behar dituenak hobeto planifikatzen. Emakume horrek autokontrol handiagoa izaten. Eta, batez ere, kontziente izaten adierazten ari den emozioez, ze emozio diren egokituak eta zeintzuk ez. Eta nola egokitu.
Errehabilitazio-zentro honetako gaixo batzuek bizkarreko eta lepoko min kronikoa dute. Bideojokoa lagungarri zaie muskuluak lasaitzeko. Horrela, ohiko tratamenduari etekin handiagoa ateratzen diote, eta diziplina handiagoz jarduten dute.
STEPHANIE JANSEN-KOSTERINK; Roessingh Errehabilitazio Zentroa: Elektrodo hauek muskuluen tentsioa neurtzen dute. Horrela, gaixoak berak erlaxatzen du tentsio hori. Sistema honekin zehatz jakin dezakegu non dagoen, nola mugitzen den, garunak nola erantzuten duen, mugimenduak nolakoak diren eta ze tentsio duen muskuluetan. Jokoak hamaika datu ematen dizkigu, ondoren, ikerketarako nahiz tratamendurako erabiltzen ditugunak.
Bideojokoa PlayMancer Europako proiektuaren barruan garatu da. Ikertzaileek, psikologoek eta terapeutek elkarrekin egin dute lan eszenario birtual egokiak garatzeko, bai min fisikoa, bai buruko gaitzak tratatzeko.
ELIAS KALAPIDAS; PlayMancer proiektua: Bideojoko hau errealitate birtualetik harago doa. Errealitate birtuala gure ingurunearen erreprodukzio bat da, baina ez digu saririk ematen. Gure helburua da gaixoek bere burua eta gorputza hobeto ezagut dezaten motibatzea. Bideojokoak entretenigarriak eta kitzikagarriak dira; horregatik pentsatu genuen zenbait gaixotasunen terapian lagungarri izan zitezkeela. Bideojokoak nolabait uztartu egiten ditu gaixoak, terapeutak eta medikuak.
Gainera, erronka handia izan da bideojokoen bidez ludopatiaren gisako buruko gaitzen tratamenduak garatzea.
Gaixoa: Harrituta geratu nintzen entzundakoan bideojoko bat jokoarekiko menpekotasuna tratatzeko erabil zitekeela. Bideojoko honen bitartez jakin dezakezu ze aldartetan zauden, eta urduri jartzen hasia zaudela ikusten duzu, larritzen ari dela egoera, eta ezetz esan dezakezu aurrera jarraitu beharrean.
Emozioak hautemateko teknologien eta biosentsoreen bidez, bideojokoak identifikatu egiten du erabiltzailea aspertuta dagoen, urduri edo antsietate handiz dagoen, eta horiei nola erantzuten dien. Albo-ondorioei dagokienez, lehentasuna bideojokoak menpekotasunik ez eragitea da.
SUSANA JIMÉNEZ; Bellvitge-ko Ospitale Unibertsitarioa: Teknikariek hasieran pentsatu zuten motibagarriagoa izango zela zenbait herrialdetako jokalariek aldi berean jokatzeko egitura ematea on line jokoek, multiplay izatea, alegia . Baina ezetz esan genien, literatura zientifikoan frogatuta baitago bideojoko horiek menpekotasuna sor dezaketela pertsona sentiberetan, jokalaria makinarekin bakarrik dagoen jokoetan baino gehiago, behinik behin.
Gaixoek medikuaren aurrean jolastu behar dute beti. Eta, zientzialarien esanean, hori da bideojoko komertzialekin duten alderik nabarmenena.
STEPHANIE JANSEN-KOSTERINK; Roessingh Errehabilitazio Zentroa: Bideojoko komertzial batean badira mugimendu batzuk makina engainatzeko erabil daitezkeenak. Bideokontsola zure eskuetan baitago. Baina hemen ezin duzu tranparik egin ibiltzen ari bazara, adibidez, benetan oinez baitzoaz. Beste ezberdintasun bat: bideojokotik datuak ateratzen ditugu. Horrela, gaixoaren ibilera egokia den edo bere muskuluen tentsioa zenbatekoa den jakin dezakegu. Bideojoko komertzialetan datuak sartu bakarrik egiten dira; hemen, atera ere bai.
Noizko egongo dira medikuen aginduz tratamendu mentaletarako edo errehabilitazio fisikorako bideojokoak? Ikertzaileen arabera, frogatuta dago gaixo batzuentzat erabilgarriak direla bideojoko terapeutikoak. Orain, administrazio publikoen txanda omen da.
MIRIAM VOLLENBROEK; Roessingh Errehabilitazio Zentroa: Gaixoek eta terapeutek harrera ona egin diote; horretan ez dago arazorik. Teknologia ere ez da oztopo. Antolaketa aldatzea da kontua. Epe laburrera, arazo bakarra finantziazioa da, hemen, Herbehereetan behinik behin. Alegia, Gizarte Segurantzak nola ordainduko dituen horrelako tratamenduak. Luze joko du.
Bien bitartean, ikertzaileek bideojokoen aplikazio terapeutiko gehiagoren bila jarraitzen dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia