-Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza plan berriaren zutabe nagusiak
-Lurrikarak nola sortzen diren jakin nahian
-Zirujauen elkartea
-Beruna aurkitu dute zenbait ezpain-margoetan
Bihar Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza plan berriaren zutabe nagusiak biozientziak, mikro eta nanoteknologia, energia berriztagarriak eta garraioaren elektronika izango dira. 6.714 €-ko aurrekontua izango du, eta arlo horietan Europan erreferente izatea lortu nahi da. Hori lortzeko, ikerketa-zentro berriak irekiko dira, eta ahalegin berezia egingo da goi-mailako ikerlariak bertan gera daitezen, eta kanpokoak gurera etor daitezen. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza plan berria 2010 bitartean egongo da indarrean.
Kaliforniako San Andres failako arroken osagaiak ikertzen ari dira lurrikarak nola sortzen diren jakin nahian. Horretarako, 4.000 metro inguruko zuloak egin dituzte failan bertan, eta 40 metro luze diren arroka-laginak ari dira ateratzen. Ikerketa SAFOD, San Andres Failaren Sakoneko Behaketa, proiektuaren baitan ari dira egiten.
San Andres Kaliforniako hegoaldetik iparraldera doan faila da, 1.300 kilometro ingurukoa, eta, tarteka, lurrikara bortitzak eragiten ditu.
Datorren asteartetik ostegunera bitartean, Donostiako Kursaal Jauregian, urteroko biltzarra egingo du Espainiako Zirujauen Elkarteak. Aurten, Alvarez Caperochipik, Donostia Ospitaleko zirujau buruak, hartu du biltzarra antolatzeko ardura. 1000 zirujau inguru elkartuko dira kirurgiako azken berrikuntzen berri emateko.
Besteak beste, gibelaren birsorkuntza, organo-emateak, laparoskopia bidezko ebakuntzen azken aurrerapenak eta obesitate morbidoa izango dituzte hizpide.
Beruna aurkitu dute zenbait ezpain-margo ezagunetan, eta, horren ondorioz, FDAak, Estatu Batuetako Elikagaien eta Botiken Administrazioak, ikerketa abiatu du.
Salaketa AEBko hainbat kontsumitzaile-elkartek egin du. Izan ere, elkarteok marka ezagunetako kolore gorriko laginak aztertu dituzte, eta erdietan baino gehiagotan beruna aurkitu dute.
Beruna neurotoxina bat da. Gorputzean metatu, eta, maila batetik gora, osasun-arazoak sortzen ditu, bereziki, ikasteko ahalmenean, hizkuntzan eta oroimenean.
FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen esanean, ganaduaren gune tropikaletako birusak Ipar eta Hego hemisferioetako lurralde hotzagoetara hedatzen ari dira. Azkena ardi eta ahuntzei eragiten dien mihi urdinaren gaitza izan da: Tunisiatik Espainia eta Portugal aldera zabaldu da, eta handik Britainiar uharteetara iritsi da.
Birusen hedatzearen eragileak globalizazioa, pertsona eta merkantzien joan-etorria, eta aldaketa klimatikoa dira, FAOren esanean.