Altuera handiei diegun beldurra izendatzeko, bertigo hitza erabiltzen dugu gehienok. Baina, bertigoa, berez, barne-belarriko labirintoaren gaitz bat da. Gaitz horrek zorabioa eta ingurua biraka ari den sentsazioa eragiten du.
Behera begiratzean nabaritzen den segurtasunik ezak, amildegira erortzeko beldur bizi horrek, akrofobia izena du eta "muturreko puntuen beldurra" esan nahi du grezieraz. Populazioaren ehuneko 20k pairatzen duen gaitz psikologiko bat da, eta, mailaren arabera, muskuluen tentsioa, zorabioa, arnas aztoramena eta takikardia sor ditzake.
Psikologikoa izateagatik, hain zuzen, batzuek, beste pertsona bat amildegira hurbiltzen dela ikustearekin bakarrik sentitzen dute antsietate hori. Ez da hori mohawk indiarren kasua. Etxegintzan adituak dira eta berak eraiki dituzte Enpire State, Rockefeller Center eta Manhattango etxe-orratz gehienak. Akrofobiarik ez sentitzeko genetikoki prestatuta daudela ere esan izan da, baina ez da egia. Ehunka metroko altueran hain lasai ibil daitezke horretarako prestatu eta ohitu direlako.