Zientziaren sorrera Euskal Herrian nonbait lekutu beharko bagenu, Bergaran kokatuko genuke; zehazki, han dagoen Bergarako Errege Seminarioan . XVIII eta XIX. mendeetan, mintegi hori izan zen kimika, fisika, zoologia eta beste zientzia-arlo askoren aitzindaria.
Garai horietako 3.000 objektu zientifikotik gora kontserbatzen dituzte han. Bergarako Udala berreskuratze-lanetan aritu da azken urteetan, eta horren emaitza da laster kaleratuko duten liburu hau. Mintegiaren historia biltzeaz gainera, bildumaren jatorria azaltzen da bertan.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Beti horrela ezagutu dugu, badirudi betidanik hor izan dela, baina ez da beti hor izan, eta ez horrela, gainera.Xabier Aranburu; Udal-museoko teknikaria/ Museologoa: Hala da, eman behar dugun lehenengo argibidea zera da, seminario horrek ez duela esan nahi hau apaiztegi bat izan zenik, eta bigarrena: erakundeak 500 urte ditu. Fatxada hau XIX. mendekoa bada, aurreko mendeetan ere erakundeak eta eraikinak beste fatxada bat zeukate.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Eta beste historia bat, orain ezagutuko duguna. Seminario gaztelaniazko semillatik dator, seminario edo mintegia. Beraz, pertsona baliotsuak zientzian hezeko lekua izan da hau. Zentzu hori eman ziona Xabier Maria Munibe Peñafloridako kontea izan zen, seminarioko lehen zuzendaria. Hark hasitako bideari jarraitu zioten, gehiago edo gutxiago, Bergarako Seminarioa zuzendu duten guzti-guztiek. XVIII. mendea, Argien Mendea. Ilustrazioa indarrean zen, arrazoia eta esperimentazioa Europan eta munduan nagusitzen ari ziren. Carlos III.ak Jesusen Lagundia Espainiatik kanporatu , eta XVI. mendetik jesuiten eskola izan zen eraikina hutsik geldituzen: Peñaflorida buru zuen Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea egin zen tokiaren jabe. 1776. Bergarako Errege Seminarioa martxan da.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Nortzuk dira hauek?
Xabier Aranburu; Udal-museoko teknikaria/ Museologoa: Nire lankideak, bera (Rosa) Fisika eta Kimikako Tresnen Sailaz arduratzen da, arlo oso inportantea, eta bera zoologia eta Giza-anatomiako Sekzioaz, inportantea hau ere, eta hiruron artean osatzen dugu lantaldea, proiektu hau aurrera ateratzeko eta azken finean museoa egiteko.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Nondik hasiko gara?
Xabier Aranburu; Udal-museoko teknikaria/ Museologoa: Fisika eta kimikako tresnekin, eta Rosak erakutsiko dizkizu.
Xabier Aranburu; Udal-museoko teknikaria/ Museologoa: Ilustrazioa eta Peñafloridako Konteak hemen egin nahi zutena zen lehen mailako hezkuntzako zentro bat, pentsatzen zutelako hezkuntza gizartean hedatzea ona zela herriaren garapenerako, eta gainera zientzia erabilgarriak deitzen zirenak bultzatu nahi zituzten kimika, mineralogia, metalurgia,... eta hemen , dakigun bezala, 1783. urtean elementu kimiko berri bat deskubritu zuten, wolframioa, hain zuzen, eta platinoa xaflakorra egiteko metodo eraginkor bat ere bai. Batek baino gehiagok esan du, gaur egungo parametroetara ekarrita, NASA bezalakoa edo lehen-lehen mailako ikerketa-zentro bat izango zela.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Rosa, hau ez da museo bat oraindik, baina bada historian zeharreko paseo bat, ezta?
Rosa Errazkin; Udal-museoko teknikaria/ Kimikaria: Bai, zientzia-tresnen bilduma da hau, Bergarako seminarioan izandako erakunde desberdinek utzitako materiala. Pieza hau ,adibidez, XVIII. mendekoa da, dilatometro bat. Metxeroa falta da, baina beroaren bidez ziri metalikoen zabalkuntza neurtzen zen hemen
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Luzatu egiten ziren?
Rosa Errazkin; Udal-museoko teknikaria/ Kimikaria: Hori da, zabaldu egiten zen, eta mekanismo hau martxan jarriz, hemen, zabalkuntza hori neurtzen zen.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Eta Elhuyartarrek beharbada hau erabili zuten?
Rosa Errazkin; Udal-museoko teknikaria/ Kimikaria: Bai, ze garai hartako pieza bat da. Beste zientzia-lanabes hau XIX. mnedekoa da, Meloniren bankua deitzen da, eta beroaren izpiak aztertzeko, lantzeko eta abar zen. Garai hartan, Europan zientzia-lanabesak ekoitzi eta komertzializatzen zituzten lekuetan erositakoak dira; adibidez, Berlinen, Londresen, eta batez ere Parisen.
Rosa Errazkin; Udal-museoko teknikaria/ Kimikaria: Hau makina elektrostatiko bat da. Elektrizitate estatikoa hor biltzen zen, eta bi eroaleren artean izugarrizko deskarga lortzen zen.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: horrela, bietan? Eta hemen izpiak sortzen al ziren?
Rosa Errazkin; Udal-museoko teknikaria/ Kimikaria: Bai, hain ahaltsuak ziren hemen lortzen ziren deskargak, X izpiak sortzeko erabiltzen baitzen maina tipikoa izan zela.
XIX. mendea nahasia izan zen hasieratik. Gerrateak, inbasioak, matxinadak,... Arazoak arazo, garai hura ez zen antzua izan. Istiluen arteko barealdietan hezkuntzaren berregituraketa hasi zen Espainian, eta, hala, probintzia bakoitzeko institutu bakarra ezarri zuten. Gipuzkoan, ez Tolosan ez Donostian ; Bergaran jarri zuten. Institutuak ikerketarako gune zientifiko garrantzitsuak ere baziren. Bergarakoak, lehendik ere baziren fisika eta kimika kabineteak aberastu zituen, lorategi botanikoa ere antolatu zuen, natura-zientzien museo bat , eta behatoki meteorologikoa ere bai, probintziako lehena, mendearen erdialdean.
Xabier Aranburu; Udal-museoko teknikaria/ Museologoa: Seminarioan Gipuzkoako institutu bakarra egoteaz gain, eskola industrial bat ere jarri zuten. Gobernuak erabaki zuen ingeniariak trebatzeko lau eskola bakarrik izango zirela estatu guztian: Madrilen, Bartzelonan, Sevillan eta azkena Bergaran.
Bigarren karlistaldiak ekarriko zituen ondorioetako bat Seminarioa fraide domingotarren esku geratzea izango zen. Frai Juan Gonzalez Arintero zuzendari berria, erlijio-gizona izateaz gain, zientzian jantzia ere bazen. Arlo guztiak indartu zituen, baina bereziki zoologia-bilduma aberastu zuen. Santo Tomasen pentsamenduaren jarraitzaile sutsua zen Arintero; hau da, fedea eta arrazoia bateragarriak direla erakutsi nahi zuen, baina, batez ere, Darwinen eboluzioaren teoria erlijioaren ikuspegitik azaldu nahi zuen.
Iñaki Irizar; Udal-museoko teknikaria/ Zoologoa: Animalia hauek XIX. mendean zientzia egiteko sortutako kabinete bateko piezak dira.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Tresna hauek ere, zientzia egiteko.
Iñaki Irizar; Udal-museoko teknikaria/ Zoologoa: Hori da, zientzia egiteko tresnak edo lanabesak dira. XIX. mendean kontuan izan behar da zientzia naturalak, zoologia eta botanika, adibidez, inbentario-fasean daudela. Orduko helburua da jakitea zer espezie dauzkagun, hemengo espezieak eta Ipar Amerikakoak berdinak ala desberdinak diren. Taxonomiaren garaia da, inbentario-garaia, eta, horretarako, beharrezkoa zen bilketa egitea, bilketaren emaitzak kabineteetan gordetzea eta gero ikertzea. Hauxe da horren lekuko.
Iñaki Leturia; Elhuyar Fundazioa: Hemen ere badituzue altxorrak, ezta? Bizirik zeuden piezak edo aleak desagertu ahala bilduman bakarrik gelditu direnak.
Iñaki Irizar; Udal-museoko teknikaria/ Museologoa: Hori da, hau adibidez kakapua da, Zelanda Berriko loro bat. Gaur egun bizirik 80 ale baino ez dago.
Xabier Aranburu; Udal-museoko teknikaria/ Museologoa: Lanean hasi ginenean, egia da bilduma egoera oso larrian zegoela. Eta inongo beldurrik gabe esan daiteke fisikoki ere galtzeko arriskuan zela. Orduan, sekulako lana egin dugu hori guztia berreskuratzen, kontserbatzen, ongi gordetzen, ikertzen eta errestauratzen, eta gaur egun bilduma prest dugu harekin museo bat egiteko.