Bardeak aparteko paisaia osatzen du Euskal Herrian... ez da antzeko parajerik gure inguruan. Haren itxurak ilargia dakar gogora... eta baita cowboyen filmetako leku klasikoak. Basamortua, lur idorra, landarerik gabekoa... lurralde bakartia da Bardea... horregatik, antzinako bidelapurrak bertara joaten ziren ezkutatzera. Santxikorrota lapur famatua bertan bizi omen zen. Kondairak dio haren zaldiak atzekoz aurrera iltzatuak zituela ferrak, inork ez jarraitzeko.
Jada ez da bidelapurrik bizi lurralde honetan... berez, ez dago inolako herrigunerik Bardeako 42.000 hektareetan. Paraje honen erdian finko bizi den komunitate bakarra tiro-poligonoko militarrak dira. Haien presentzia erraz nabari da, izan ere, ehiza-hegazkinen eta maniobren zarata burrunbatsua lurralde isil honetako bazter guztietaraino zabaltzen da. Hala ere, Bardea Natura parke babestua eta biosferra-erreserba da 2000. urteaz geroztik.
Presentzia militarra handia bada ere, Bardeako paisaia leku magikoa da, oso erakargarri izaten jarraitzen du. Ziur asko, lurrak duen kolore zurixkak eta lautadaren erdian nabarmentzen diren formazio bitxiek badute zerikusirik magia horrekin.
Bardeako erliebeak lurzoruko materialen kalitateari eta urak zein ziertzo haizeak sortu duten higadurari zor dio bere bitxitasuna. Lurzorua buztinez, kareharriz, hareharriz eta igeltsuz osatuta dago, baina, guztien artetik, buztina da nagusi. Buztina material biguna da, eta iragazgaitza; beraz, euria egiten duenean, ura nekez sartzen da lurrean eta, horregatik, higaduraren eragina handiagoa da. Gainera, oso prezipitazio gutxi izaten da Bardean eta, denean, uhalde-euriak izaten dira. Beraz, higadura are handiagoa sortzen dute. Uraren higaduraren seinaleetako bat "elefante-oina" esaten zaien erliebeak dira. Euri-ura lurraren infiltrazio-ahalmena baino handiagoa denean sortzen dira; izan ere, halakoetan euri ura lurrazalean irristatzen da hara-hona eta erliebe berezi hori sortzen du.
Paisaia bitxi hau ezagutzeko modurik onena oinez joatea edo bizikletan ibiltzea da, baina udan kontu handia izan behar da tenperaturarekin... 45 gradura irits daiteke eta.
Josema 2011/06/03
oso politxe maitiek