Arén herrian aurkitu dituzte Iberiar penintsulan bizi zen azken dinosauroaren hezurrak
Huescako Aren herria, Lleidako mugatik oso gertu. 10 urteko indusketa batek agerian utzi du duela 250 miloi urte dinosauroak izan zirela hemen nagusi.
Dinosauroak 186 miloi urtez nagusi izan ziren mundu osoan. Hipotesi nagusiaren arabera, Mexikoko golkoan eroritako meteorito baten ondorioz etorri zen haien gainbehera, eta duela 65 miloi urte desagertu egin ziren.
Garai hartakoak dira Aren-en aurkitutako dinosauro hezurrak.
Espezimen ale ezberdinak antzeman dituzte Blasi aztarnategian, azkenekoa Blasisaurus Canudoi bataiatutakoa. Azterketak egin ondoren, adituek diote Europako dinosauro modernoena izan zela, hau da, iraungipena baino lehen bizi izan zen azkenetakoa.
Leku ezberdinetatik etorritako ikertzaileak aritu dira indusketetan, besteak beste EHUko Xabier Pereda Suberbiola.
Hareharri grisa izan da azken 66 miloi urteotan dinosauroen hezurren babeslekua Blasi 1 hobian. Harkaitzaren gogortasunak areagotu egin zituen zailtasunak, eta lan handia egin behar izan zuten hezurrak berreskuratzeko.
Atera ahal izateko, hargin-lana egin behar izan zuten paleontologoek.
JOSE IGNACIO RUIS-OMEÑACA; Asturiasko Jurasikoaren Museoa: Harkaitza oso gogorra da hobi honetan, eta lan egiteko zulatzeko makina erradiala erabili behar izan genuen, harginen tresnak. Mozketa paraleloak egin genituen, hezurra inguratuz. Ondoren, zizelen bidez harkaitz-trontzak atera genituen. Azkenik, zizelak azpian sartu eta hezurra zuen harkaitz-zati osoa atera genuen.
Harri gogorrean, kolorearengatik bereizten den hezurraren sekzio bat besterik ez da ikusten, eta Aren-eko indusketan itsu-itsuan egin behar izan zuten lan.
Ahaleginak merezi zuen, lortutako piezak espezie berri batenak baitziren.
JOSE IGNACIO RUIS-OMEÑACA; Asturiasko Jurasikoaren Museoa: Blasi 1 hobitik atera genuen iaz aurkitu genuen Blasisaurus Canudoi dinosauroa. Aurkitu genuen lehenengo aztarna barailaren zati bat izan zen, ezkerreko barailarena, zehazki. Hezur dentarioa da. Atera genuenean ikusi genuen hezurra osorik zegoela; hortz guztiak zituen, eta hezur horren azpian aurpegiko beste hezur bat topatu genuen, hezur jugala. Hori ere 97ko kanpainan atera genuen. Inguruan aurkitu genituen beste hainbat hezur animalia berdinenak zirela ohartu ginen. Guztira, buruko 5 hezur aurkitu genituen.
Hezurrak datatzeko lehenengo pista, hobiko harriak berak eman zuen.
JOSE IGNACIO RUIS-OMEÑACA; Asturiasko Jurasikoaren Museoa: Mineral ferromagnetikoen azterketak eman digu dataziorik zehatzena. Lurraren Ipar poloa mugitu egiten da milioika urtetan, eta mineral magnetikoak Ipar polorantz orientatzen dira. Harkaitz barruko mineralen orientazioa ikertuz, harkaitz ezberdinetan eta sekuentzia batean, zein garaitan geunden jakin dezakegu. Hori da lor dezakegun zehaztasun handiena.
Kretazikoaren amaieran gaude, duela 66'5 - 68'5 miloi urte.
Hezurrak zeuzkaten harriak behin aterata, Zaragozako Unibertsitateko laborategira eraman zituzten, lan finagoa egiteko. Hezurrak harritik ateratzeko, kolpekatze- eta biraketa-erremintak erabiltzen dituzte.
Pixkanaka-pixkanaka, agerian geratu ziren lehenengo piezak. Garrantzitsuena, baraila. Honek eman zituen dinosauroaren lehen ezaugarriak. Blasisaurusak bost metro zituen muturretik isatsera, 400-500 kiloko pisua zuen, hadrosaurioen taldekoa zen, eta belarjalea.
PENÉLOPE CRUZADO; Zaragozako Unibertsitatea: Belarjalea da. Hortz hauek kamutsak dira, txikitzeko eginak, ez moztekoak. Haragijaleek haragia mozteko labanen antzeko hortzak dituzte, zapalak , kurbatuak eta zerradunak.
Aurkitutako hezur guziak elkartuta, bere itxuraren irudia lortu dute. Blasisaurusak 1.000 hortz inguru zituen, posizio bakoitzeko hiru, eta gandorra zuen buru gainean, hadrosaurio taldekoek bezala.
PENÉLOPE CRUZADO; Zaragozako Unibertsitatea: Soinuak sortzeko ziren. Gandor horiek, sudurreko hezurren luzapenaz iren, burua gainditu arte hazten ziren, eta barruan haizea pasatzeko tutuak zituzten. Haizeak barruan oihartzuna egiten zuen, eta soinua ateratzen. Soinu horiek lagunak arriskuaz abisatzeko ziren, edo arrak eta emeak bereizteko, edo emeak erakartzeko araldian. Espezie bakoitzak bere soinua zuela uste da.
Azterketa guztiak egin ondoren, dinosauro-espezie berri baten aurrean gaudela ziurtatu dute adituek.
Europako erregistro fosila asko handitu da azken urteotan, baina Areneko hobiek zehaztasun gehiago ekarri dituzte dinosauroen azken espezieez. Blasisaurus gain beste bat, Arenisaurus, aurkitu baitzuten hilabete batzuk lehenago.
XABIER PEREDA SUBERBIOLA; UPV/EHU: Blasisaurusen eta Arenisaurusen arteko ahaidetasun-harremanak aztertuz, konturatu ginen Asiako dinosauroekin lotura zutela, eta ondorioztatu dugu familia berekoak direla. Asian sortu, eta Europan ere zabaldu zen, Goi Kretazikoaren une batean.
Badakigu Europan, duela 70 miloi urte edo lehentxeago, dinosauro belarjaleak raptodontidoak deituriko talde baten menpe zeudela. Sauropodoen barruko titanosauroak ere baziren. Eta aldaketa bat egon zen faunan . Duela 68 miloi urte, gutxi gora behera, hadrosaurioen dibertsifikazioa egon zen. Hauek izan ziren nagusi, Europan behintzat, Kretazikoaren bukaeraraino. Beraz, talde hori dibertsifikatu zen. Eta haren zenbait espezie aurkitu ditugu azken urteotan (espezie horietako bi, Arenen).
Hadrosaurioenak ez dira Areneko hobietan aurkitu diren hezur bakarrak. Pteropodoak, sauropodoak eta egun ikertzen ari diren krokodilo baten hezurrak ere antzeman dituzte.
Prospekzio paleontologikoak egitera joaten diren taldeek aztarna berriak aurkitzen dituzte maiz, baina momentuz ez da indusketekin jarraituko, laborategian dituzten pieza guziak garbitu eta ikertu arte.