Istripuak, ebakuntzak, erditzeak… egoera askok eragin ditzakete hemorragiak, eta, mozten ez badira, bizia arriskuan egon daiteke.
Odol-isuria gertatzen denean, hura geldiarazteko, koagulazioa eragingo duen erreakzio kimikoen kate bat jartzen da martxan. Odolaren koagulazio-faktoreak aktibatzen dira tronbina sortu arte, hau da, koagulaziorako ezinbestekoa den entzima hori sortu arte.
Tronbinaren eraginez, erreakzioen katearen azken begian fibrina eratzen da, koagulua osatzeko behar den osagai nagusia. Hark taponatu eta geldiaraziko du hemorragia.
Valéry Pavlov; CIC biomaGUNE: Tronbina odoleko faktore garrantzitsu bat da, odolaren koagulazioa eragiten duena. Tronbinarik gabe, ezinezkoa da odola koagulatzea. Zenbat eta handiagoa izan odoleko tronbina-kontzentrazioa, azkarragoa da koagulazioa. Gure odolean ez dago tronbina asko, tronbosia izateko arriskua eragingo lukeelako. Naturak gure odolean tronbina gutxi ekoiztea erabaki zuen, baina, kasu berezietan, adibidez, zauri bat egin eta odola galtzen denean, oso garrantzitsua da tronbina-kontzentrazio handiez hornitzea zauria.
Gaur egun, ospitaleetan erabiltzen den tronbinaren % 90 gizakiaren edo behiaren odoletik ateratzen da.
Valéry Pavlov; CIC biomaGUNE: Asko erabiltzen diren bi tronbina-mota daude, giza tronbina, giza odoletik lortzen dena baina birus-arazoak eman ditzakeena, eta behi-tronbina. Behi-tronbinak ez du giza birusik, baina beste gaixotasun larri batzuk izan ditzake, adibidez, behi eroen gaitza. Gainera, behi-tronbinak ondorio txarrak izan ditzake osasunean, erreakzio autoimmunea eragin baitezake. Behi-tronbina erabiltzen denean, jende askok arazo horiek izaten ditu, edota norberaren tronbinaren aurkako alergia gara dezakete.
CIC biomaGUNEn entzima hori lortzeko modu bat garatu dute, gaur egun tronbinak eragin ditzakeen albo-ondorioak eta ondorio txarrak alde batera utzi dituena.
Valéry Pavlov; CIC biomaGUNE: Gure genean hiru oinarri aldatu ditugu, eta orain, gen horrek ez du behi-tronbinaren ezaugarririk, eta ezin du inolaz ere erreakzio autoimmunerik sortu. Odolaren beste faktore batzuengan eragina izan dezake, koagulazio azkar bat eragiteko.
Laura Sáa; CIC biomaGUNE: Tronbina gene ezagun batetik abiatu gara, eraldatu egin dugu tronbina hobetua sortzeko eta kantitate handiak ekoizteko laborategian.
Hainbat aminoazido aldatu dugu proteina oso egonkorra izateko eta gaixoari arriskurik eragin gabe, erabili daiteke garbitu gabe.
Valéry Pavlov; CIC biomaGUNE: Gure proiektua da tronbina ekoiztea giza osasunerako birus arriskutsurik ez duten bakterio batzuetan. Bakterio horien kantitate oso handiak haz ditzakegu, eta erraz atera dezakegu tronbina bakterio horietatik.
CIC biomaGUNEn, bakterio kaltegabeak erabiltzen dituzte hazkuntza-inguru gisa. Eraldatutako tronbina-genearen sekuentzia inokulatzen zaie bakterioei. Azkar hazteko gaitasuna dute, eta, beraz, denbora gutxian, nahi den proteinaren kopuru handi bat sortuko litzateke.
Hurrengo urratsa proteina hori bakteriotik erauztea eta garbitzea da, zuzenean erabili ahal izateko laborategian, eta azkenik, bizitza errealean.
Laura Sáa; CIC biomaGUNE: Azalean aplikatuko litzake tronbina hori, gaza edo pomada bidez. Zaurian aplikatuko litzake zuzenean, tronboa lehenbailehen osatzeko eta, hala, zauria ixteko.
CIC biomaGUNEren proiektu honen hurrengo urratsa da tronbina hobetua ekoiztea legamian, produkzio-prozesua errazteko.
Tronbina hori baliagarria izango litzateke zuzenean hemorragia sortzen den lekuan, beste koagulazio-faktorerik gabe, hala nola hemofilia-kasuetan, non ez baitago koagulazio-faktorerik eta koagulazioa oso zaila baita.