Egunaren zati handi bat pantailari begira pasatzen dugun garai honetan, jada ez gara konformatzen irudiak bi dimentsiotan ikustearekin. Horregatik, 3Da mugikorraren pantailara ere iritsi da.
Egunaren zati handi bat pantailari begira pasatzen dugun garai honetan, jada ez gara konformatzen irudiak bi dimentsiotan ikustearekin. Horregatik, 3Da mugikorraren pantailara ere iritsi da. Hona hemen ezaugarri berdintsuak dituzten bi adibide: LGren Optimus 3D eta HTCren EVO 3D.
4,3 hazbeteko pantaila handia dute biek. Autoestereoskopikoa da, hau da, begi bakoitzari irudi desberdin bat bidaltzen dio, sakontasun-sentsazioa lortzeko. Plano desberdinetan kokatutako objektu edo pertsonak dituzten irudiekin igartzen da ondoen. Beste batzuetan azaldu izan dugun bezala, etxean ezin da efektu hori hauteman, telebista-kamerak objektibo bakarra baitu.
3D efektua nahiko ondo ikus daiteke, baina pantaila angelu eta distantzia egokian kokatu behar da, eta bista azkar nekatzen da. Edukiak bi dimentsiotan ere erreproduzi daitezke, edo telefonoa telebistari konektatu, baina, kasu horretan, betaurreko bereziak beharko ditugu.
Bi modeloek objektibo bikoitzeko kamerak dituzte, bakoitza bost megapixeleko bereizmenarekin. Gure begiek egiten duten antzera, telefonoak aldi bereko bi irudi hartzen ditu, eta konbinatu egiten ditu hiru dimentsioko efektua lortzeko.
Merkatuan oraindik hiru dimentsioko eduki gutxi dagoela kontuan izanik, geure argazki eta bideoak sortu ahal izatea ez da aukera txarra. Denborak esango du mugikorrean 3Da edukitzea kapritxo hutsa den, edo benetako joera.