Duela urtebete, hiru dimentsioko argazkiak eta bideoak egin zitzakeen lehenengo kamera aurkeztu zuen Fujifilmek. Hau haren ondorengoa da, eta aurrekoaren aukera guztiez gain, bereizmen handiko bideoa grabatzen du.
10 megapixeleko bi CCD sentsore ditu. Gutxi gorabehera, begien arteko distantzia berean kokatuta daude. Hala, angelu desberdinetatik hartzen dute objektu bera, eta bi irudi horiek konbinatuz hiru dimentsioko efektua lortzen da. Etxean ezin duzue efektu hori ikusi, ni grabatzen ari den telebistako kamerak lente bakarra baitu.
Hartutako irudiak kameraren pantailan bertan ikus ditzakezu, betaurreko bereziak erabili beharrik gabe. Izan ere, begiei irudi bana bidaltzen dien geruza lentikular batek estaltzen du pantaila. Nahiago baduzu, teknologia berean oinarritutako paper berezi batean inprimatutako kopiak eska ditzakezu Fujifilmen webgunean. Bestela, pantaila lentikularra duen argazki-marko digital batean ikus ditzakezu, edo 3D telebista batera konektatu kamera. Azken honetarako, ordea, betaurrekoak beharko dituzu.
Kalitate oneko 3D irudiak lortzeko, argi asko behar duzu, eta beste hainbat kondizio bete, hala nola atzealdea urrutiegi ez egotea. Beraz, egoera batzuetan nahiago izango duzu ohiko 2D argazkiak egitea. Horretarako, botoi bat sakatu besterik ez duzu.
Modelo honek 450 euro inguru balio du. 34 MB-ko barne-memoria du, eta SD txartelak onartzen ditu, arruntak eta gaitasun handikoak. Ez da bereziki arina, ezta konpaktua ere. Baina kontuan hartu bi kamera biltzen dituela gailu bakar batean, eta gure oroigarriak gordetzeko modu berritzaile bat eskaintzen digula.