}

Zulo beltzak: X izpien zorrotaden historia Chandraren eskutik

2002/10/04 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

X izpien Chandra behatokiari esker, zulo beltzek igorritako X izpien zorrotadak sorreratik desagertu arte jarraitu dituzte astronomoek lehen aldiz.

Zulo beltzek igorritako zorrotada horiek ia argiaren abiaduran bidaiatzen dute urte batzuetan zehar, mantsotu eta desagertu egiten diren arte. Paris VII. Unibertsitateko Stephane Corbel-ek zuzendu du ikerketa eta Science aldizkarian eman du haren berri.

Ikertzaileek gure galaxiako zulo beltz bat aztertu dute, XTE J1550-564 sistemakoa. 1998an Chandra behatokiak kontrako norabideetan abiatu ziren bi X izpien zorrotada detektatu zituen eta geroztik egin diete jarraipena. Zorrotadak argiaren abiaduraren erdian higitzen ziren orduan eta desagertzear daude lau urte geroago. Denbora-tarte horretan hiru argi-urte baino gehiago urrundu dira bata bestetik.

Zulo beltzek maiz jaurtitzen dituzte horrelako zorrotadak eta astronomoek jakin-min handia dute prozesu horien inguruan. Izan ere, zulo beltzak misterio handia dira oraindik. Zorrotadei jaiotzatik heriotzara jarraitu dieten lehen aldia izan da honakoa, eta hurbil gertatu direnez, urte gutxitan ikusi ahal izan dute fenomenoak nola eboluzionatzen duen. Urrutiko zulo beltz supermasibotan, gauza berak milaka urte beharko lituzke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia