Zientzia.eus webguneko albisteak adimendun bilakatuz

2020/11/17 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zientzia.eus webguneak Elhuyarrek garatutako bi funtzionalitate berri txertatu ditu: albisteen irakurketa areagotua, eta albisteen analitikak. Bi funtzionalitate horien oinarri teknologiko nagusiak Wikidata ezagutza-basea eta testuen meatzaritzako algoritmoak dira. Azken helburua, zientziako albisteen interpretazio sakonagoa eta ahaltsuagoa eskaintzea da eta euskararentzat teknologiarik aurreratuenak garatzea.
Arg. Elhuyar

Zientzia.eus webguneak 23.000 edukitik gora eskaintzen ditu euskaraz formatu anitzetan; artikuluak, bideoak, audioak, argazkiak eta agenda. Aurrez ere, Elhuyarren bertan garatutako teknologien erakuslehio izan da eta integratuta ditu ahots-sintesia albisteak entzuteko eta Elhuyarren euskararako bilatzailea.


Oraingoan, albisteen irakurketa areagotuaren bidez erabiltzaileei testuko elementu esanguratsuenak modu nabarmenduan erakusten zaizkie. Gainera, elementu horiek klikagarriak dira, eta aukera ematen dute Wikidatatik ekarritako fitxa deskriptiboak arakatzeko. Elementu esanguratsuenak entity linking motako tekniken bidez aurkitzen dira, zehazki, Raiman eta Raiman-ek (2018) proposatutako ikasketa sakoneko algoritmoak baliatuta eta, esan bezala, ezagutza-base gisara Wikidata erabilita. 


Albisteak Wikidata ezagutza-baseko kontzeptuekin lotuta daudenez, ezagutza-base horren egituraren (taxonomia) araberako kontsultak egin daitezke. Horrek zientzia.eus-eko albisteetan oinarritutako analitikak egitea ahalbidetzen du. Kasu honetan, analitikak ikusmira ezberdinen arabera egin dira (generoa, lurraldea, hizkuntza, jatorria, ezagutza-alorra, ...) eta, betiere, adierazle neurgarrien bidez. Funtzionalitate honen lehenengo bertsioan generoari lotutako adierazleetan jarri da arreta.


Adimen Artifiziala eta Hizkuntza Teknologiak gero eta presenteago izango ditugu gure egunerokotasunean, eta Elhuyarrek garatutako teknologia berriak horren erakusle dira. Elhuyarrek Eusko Jaurlaritzako IKT dirulaguntza deialdian jasotako laguntzak garatutako teknologiak.