}

Zientzia eta teknologia plazara!

2006/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mahomaren eta mendiaren arteko kontu haren antza du. Azaroan, Zientziaren Astearen baitan, hitzaldiak, erakusketak, ikuskizunak, jardunaldi irekiak, tailerrak, lehiaketak... izaten dira mundu guztiko hirietan, eta batez ere Europan. Helburu nagusia hauxe da: zientzia eta teknologiarekin zerikusia duen informazioa, aurrerapenak, eta ikerketa-lanak kalera ateratzea, jendearen eskura jartzeko eta gai horiekiko jakin-mina pizteko gizartean.
Zientzia eta teknologia plazara!
2006/11/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)

Lehenengo Zientziaren Astea 2000. urtean antolatu zuten, Europako Batasunaren ekimenez. Sustatzaileek helburu garbia zuten: zientzia eta teknologia jendearengana hurbiltzea. Helburu berari eusten diote, garbi baitute ezinbestekoa dela akuilu-lana egitea, gizartean eragin nahi bada. Eta ez da alferrikako lana, gizarte osoaren onurarako baita.

Hala, sustatzaile-sare bat sortu da Europako Batasunean, baita beste hainbat herrialdetan ere, ekitaldi erakargarriak eta esanguratsuak antolatzeko hainbat egunez, zientzia eta teknologia ardatz hartuta.

EAEn Saretek erakundea arduratzen da Zientziaren Astea antolatzeaz. Saretek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea da, eta zientziaren eta teknologiaren eremuan EAEn diharduten eragile guztiak biltzen ditu. 2002an antolatu zuen lehen aldiz Zientziaren Astea, gai jakinik gabe, baina hurrengo urteetan gai nagusi bat aukeratu izan dute astearen protagonista gisa.

Hain zuzen ere, Europako Batasunak sustatu nahi izan dituen arloak hartu dituzte astearen gai nagusitzat. Esate baterako, 2003an biozientziak eta bioteknologia izan ziren izarrak, 2004an nanoteknologia, eta 2005ean ingurune adimenduna. Ez dira, beharbada, gai errazak jende askorentzat, baina Europako Zientzia- eta teknologia-planetan pisu handikoak izan dira, estrategikoak baitira ikerketan eta garapenean.

Energia protagonista

Oraingoan aukeratutako gaia aurreko urteetakoa baino ezagunagoa da edonorentzat, energia baita astearen protagonista. Gai sakona da, inondik inora; gizarte osoari dagokio eta ezin zaio ihes egin.

(Argazkia: -)

Kontuan izan behar da mendebaldeko gizarteak energia asko kontsumitzen duela, eta energia hori lortzeko erregai fosiletan oinarritzen dela batez ere. Saretekek, Zientziaren Astearen bidez, horrek sortzen dituen arazoez eta bilatu behar diren irtenbideez gizarteak gogoeta egitea lortu nahi du.

Horretarako, hainbat jarduera prestatu dituzte dohainik jendearen eskura: erakusketak, jardunaldi teknikoak, bisita gidatuak, lantegiak, mahai-inguruak, hitzaldiak... Edozein adinetako eta jakintza-mailatako egokiak dira, eta aipatzekoa da aurten ere Teknoskopioa lehiaketak izan duen lekua.

Teknoskopioa Elhuyar Fundazioak antolatzen duen ideia-lehiaketa da. Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak motibatzeko helburuarekin, zientzialari/asmatzaile-lanetan jardun behar dute gazteek. 2004an egin zen lehen ideia-lehiaketa, eta, izan zuen arrakasta ikusita, hurrengo urteetan ere antolatu dute Teknoskopioa, Zientziaren Asterako aukeratutako gaiarekin bat eginda.

Adibidez, aurten, 2050. urtean daudela imajinatzeko eskatu diete gazteei. Petrolioa, ikatza eta gasa agortzear daude... nola moldatuko dira? Galdera horri erantzun behar izan diote, eta, horretarako, berariaz sortutako web gunean dagoen informazioaz baliatu dira, besteak beste.

Gizarte osoari

Zalantzarik gabe, Teknoskopioan parte hartu duten gazteak jabetu dira, bai, energia-kontsumoak sortzen dituen arazoez. Zaila da, ordea, neurri berean iristea gizarte osora, are gehiago zientzia eta teknologia urruti ikusten dituztenengana.

(Argazkia: ISRIC)

Eurobarometro europarren iritzia jasotzen duen erakundea da. Gai askori buruzko galdeketak egiten ditu; besteak beste, jendeak zientziaz eta teknologiaz dituen iritziak ere bildu ditu. Iazko galdeketan, jende gehienak (% 78) adierazi zuen baduela zientzia eta teknologiaren gaineko interesa. Baina, galdera jakin batzuei erantzutean, interesa esandakoa baino apalagoa dela gelditzen zen agerian.

Horrez gain, Eurobarometro erakundeak berak hamar urte lehenago egindako inkestarekin alderatu zituzten emaitzak, eta hala ikusi zuten jendea, oro har, interesa galtzen ari zela. Esate baterako: 2005eko galdeketaren arabera, poluzioa da interes handiena pizten duen zientzia-gaia; bada, 1995ean poluzioan oso interesatuta zeudela erantzun zuen % 56k, eta iaz, berriz, % 38k besterik ez.

Zientziaren Asteak eta antzeko ekimenek joera iraultzea bilatzen dute, hau da, zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea, jakin-mina akuilatzea, zaletasuna sortzea... Ez da erraza.

Uste berekoak dira energiaren gainean hitz egiteko gonbidatu ditugun bi adituak, Energiaren Euskal Erakundeko Javier Marqués eta EHUren Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Jose M. Sala. Haien esanean, gizartea informatzeko eta hezteko egiten diren ahaleginak antzuak izaten dira batzuetan, jendea ez baita arduratzen kontu horietaz. Nolanahi ere, energiaz denok arduratu beharko dugulakoan daude, lehentxeago edo geroxeago guztioi eragingo digu eta.

Galarraga Aiestaran, Ana
3
225
2006
11
033
Azokak, biltzarrak; Elhuyarren berriak; Energia
Artikulua
34