Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zepelinen itzulera

2000/07/02 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

1937ko maiatzaren 6an Hindenburg baloi gidatua Estatu Batuetako New Jerseyn zegoen, Lakehurst Fiel herrian lurra hartu nahian. Franfort-etik abiatu eta Atlantikoa arazo barik zeharkatu bazuen ere, une hartan su hartu zuen. Baloi gidatua berehala erre zen eta 35 pertsonak bizia galdu zuten.

Hindenburg-a inoiz egin den baloi gidatu handiena eta dotoreena zen -Boeing 747a baino handiagoa eta ia Titanic-aren tamainakoa-. Nazien ikur bilakatu zen hau, 235 tonako pisua garraiatzeko gai zen. 20 gidarirekin eta 50 bidaiarirekin Atlantikoa gutxi gorabehera 60 ordutan zeharka zezakeen. Bazirudien Hindenburg-arekin bidaiarien aireko garraio segurua iritsia zela, baina istripuak, mundua izutzearekin batera, baloi gidatuen etorkizuna desagertarazi zuen.

Alemaniarren erraldoiak su hartu zuenetik orain arte, baloi gidatuak iraganeko kontua izan dira, baina badirudi etorkizuna ere izan daitezkeela. "Zer gertatuko litzateke hegazkinei buruz hitz egiten den bakoitzean jendeak Pan Am-eko 103 hegaldia aipatuko balu? Eta filmetan? Oraindik ez dut baloi gidatu onik ateratzen den pelikularik ikusi". Aurrekoak Scott Denneker-en hitzak dira, "Zeppelin Luftschifftechnick GmbH" enpresako baloi gidatuen pilotuarenak. Istripuaz hitz egin baino, Dennekerrek nahiago luke Ipar Poloaren posizio zehatza finkatu zuen Norge baloi gidatuaz, edo istripua gertatu baino lehen baloi gidatuek egin zituzten milioika kilometroei buruz hitz egingo balitz.

Zeppelin Luftschifftechnick GmbH enpresak eta Denneker pilotuek baloi gidatuen etorkizunean sinesten dute. Dagoeneko enpresa horrek badu baloi gidatu berria, Zeppelin NT (New Technology) izenez bataiatuta. Hegalariak 75 metroko luzera du. Legeriaren arabera, 19 bidaiari eraman ditzake, baina Zeppelin NT-an 12 pertsonendako tokia besterik ez dago. Beraz, ez du zer ikusirik Hindenburg erraldoiarekin.

Beste enpresa batzuen asmoak handiagoak dira. Adibidez, Holandako Rigid Airship Desing enpresa 180 metroko luzera duen baloi gidatua egiten ari da. Hori, hala ere, ez da ezer Berlinen CargoLifter enpresak egin nahi duen 260 metroko baloi gidatuaren ondoan. Hindenburg-ak berak 15 metro gutxiago zituen. Hura luxuzko hotela izan bazen ere, CargoLifter 160 -izen hori jarri diote baloi gidatuari- merkantziak eramateko erabiliko dute. "Garabi hegalaria" ezizena ere jarri diote CargoLifter 160 baloi gidatuari, bere sotoan 160 tonako pisua eraman baitezake. Karga eramateko duen tokiak 50 metroko luzera du, zabaleran eta altueran, berriz, zortzi metro. 36 edukiontzi estandar sartu ahal izango lirateke horrelako tokian. Hegan egiteko helioa erabiltzen du karbono-zuntzeko baloi gidatuak. Helioa gas inertea da, surik hartzen ez duena eta airetik lortzen dena. Ontzia gidatzeko 10 lagun behar dira. Propultsioa lortzeko, CargoLifter 160 baloi gidatuak kontsumo baxuko diesel motorrak eta helizeak erabiltzen ditu. Horiez guztiez baliatuta orduko 125 kilometroko abiadura lor dezake. Erraldoia gehienez 2.000 metroko altuerara igo daiteke eta 10.000 kilometroko hegaldi-autonomia du. Bistan denez, munduan orain ez dago pareko garraiorik.

Alemanian sekulako jakin-mina sortarazi du CargoLifter enpresaren proiektuak. Iazko urrian CargoLifter 160 baloi gidatuaren prototipoaren -Joey izenez bataiatutakoaren- lehen hegaldia egin zen. Prototipoa orijinala baino 8 aldiz txikiagoa da. Behin betiko modeloa egiteko lanak aurtengo urrian hasiko dira eta 2002. urterako bukatuta egongo dela espero dute. Christian Erles CargoLifter enpresako marketing arduraduna da; berak dioenez baloi gidatuak etorkizuneko garraiobide garrantzitsuenak izango dira. "Turbina handiak edo aldez aurretik fabrikatutako pieza handiak azkar eta merke eramateko aukerarik onena izango da. Begira, helio metro kubiko batek kilo bateko pisua jaso dezake eta ez da agortzen; alderantziz, jasotzen duen kilo bakoitzeko edozein hegazkinek gutxienez litro bat keroseno erretzen du. Etorkizunari begira uste dugu urtero 3 milioi tona inguru garraiatzeko beharra izan daitekeela eta, horretarako hau bezalako 200 baloi gidatu beharko genituzke". Datuak datu, CargoLifterrek datozen 15 urteotan 50 baloi gidatu egingo ditu.

Baloi gidatuen arloan hori baino proiektu ausartagorik ere bada, HALE (High-Altitude Long-Endurance) baloi gidatuak, alegia. Horrelako tramankuluak, teorian behintzat, estratosferaraino iristeko prestatuta egongo dira, eta irrati-seinaleak bidaltzeko edota ozono-geruza neurtzeko gai izango lirateke. Talde asko ari dira lanean horrelako proiektuetan: Italiako Espazio Agentzia 3 milio dolarreko baloi gidatua egiten ari da, 100 kilora arteko satelite-atalak eraman ditzan. Estatu Batuetako Sky Station eguzki-energiaz bultzatutako baloi gidatuak diseinatzen ari da. Proiektu honen helburua mundu mailako telekomunikazio-sarea osatzea da. Proiektua, hala ere, oraindik asmo hutsean dago. Era berean, Europako Espazio Agentziak badu bere HALE proiektua, oraindik hastapenean dagoen arren.

Hindenburg-en hondamenditik gaurdaino, kolore iluneko iraganaz aurkeztu izan dira baloi gidatuak gehienetan, iraganeko gauzatzat aurkeztu, gainera. Orain, berriz, badirudi, etorkizuna izan dezaketela, etorkizun alaiagoa, gainera.

7kn argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia