Web 2.0: zu ere sortzaile
2007/11/01 Asurmendi Sainz, Jabier - Informatika-ingeniaria eta Bitarlan-en sortzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Web 2.0 hitza O'Reilly Mediari zor zaio, zehatzago esanda, Tim O'Reillyrekin batera enpresa hori sortu zuen Dale Doughertyri. Dale Doughertyk erabili zuen terminoa lehen aldiz, 2004an. Erabiltzaile-erkidegoetan oinarritutako web-aren bigarren belaunaldia adierazteko erabili zuen: blogak, foroak eta wikiak, esate baterako. Horiek jartzen dute eskura eta bultzatzen dute erabiltzaileen arteko elkarlana eta informazio-trukea.
Laburbilduz, esan daiteke hasiera batean Internet HTML orrialde estatikoz josita zegoela eta orrialde horiek ez zirela maiz eguneratzen mantentze-ataza neketsua zelako. Ondoren, apurka-apurka, datu-baseetatik elikatzen ziren web guneak agertzen joan ziren --Web 1.5 izenarekin ezagutzen dira--, egungo web gune eta web zerbitzu interaktiboetara eta aplikazio-aniztasunera iritsi arte. Era horretan, lehen mahaigainekoak ziren aplikazio ugari web ingurune batean egikaritzen ari dira orain enpresa nahiz norbanako asko: kudeaketa-aplikazioak, argazki-galeriak, atlasak, entziklopediak, multimedia-aplikazioak... Horiei, gainera, Internetek eskaintzen dituen zerbitzuez baliatzen diren aplikazioak gehitu behar zaizkie, mahaigaineko ingurune batean erabili ezin izango liratekeenak.
Izan ere, aplikazioak web ingurune batean egikaritzeak hainbat abantaila ditu: plataforma anitzekoak direnez, nabigatzaile bat besterik ez da behar aplikazioa erabiltzeko, eta, beraz, sistema eragile gehienetan erabil daiteke, beste aplikaziorik instalatu beharrik gabe. Internet izanda, edozein ordenagailutatik eta edozein lekutatik balia gaitezke gure aplikazioez, eta gure datuak saio batetik bestera gorde ditzakegu, erabiltzaile-izena eta pasahitza sartuta. Azkenik, Web 2.0 bereizten duen ezaugarri berezi gisa, norberaren datu horiek, argazkiak edota dokumentuak gainerakoekin partekatu daitezke.
Web interaktiboak zabaldu eta gero, hamaika motatako aplikazioak agertzen joan dira Internet zabalean; horietako zenbait eragiketa zoragarriak burutzeko gauza dira. Baina aplikazio-mota batzuk bereziki hedatu dira, eta ospe handia hartu dute. Horien artean daude, zalantzarik, gabe, blogak eta wikiak.
Blogak
Blog hitza ingelesetik dator, web eta log (egunkaria ingelesez) hitzak uztartzetik, hain zuzen ere. Maiz eguneratzen diren web guneak dira, eta, haietan, parte-hartzaile batek edo gehiagok berriak, artikuluak, erreportajeak edo iritziak idazten dituzte. Idazki horiek berrienetik zaharrenera ordenatuta agertu ohi dira, eta, halaber, definitutako etiketa edo arlo zehatz batzuen arabera sailka daitezke. Blogetan argitaratu daitezkeen sarrerek ez dute zertan testu hutsa izan; argazkiak, estekak eta bideoak ere txerta daitezke erreportaje edo artikuluetan.
Horrez gainera, irakurleek iradokizunak egin ditzakete, eta idazleak erantzun egin dezake. Horrela, elkarrizketa edo eztabaidak sor daitezke. Hala ere, ezaugarri hori ez dago beti gaituta blog guztietan. Blogak sortzeko aplikazio gehienek iradokizunetan baimenak zehazteko zenbait aukera eskaintzen dituzte; iradokizunak desgaitu egin daitezke, edo izena eman duten erabiltzaileei soilik eman idazteko aukera, edo erabiltzaile guztientzako libre utzi.
Wikiak
Blogak, taldean egin daitezkeen arren, pertsona baten obra izaten dira, oro har. Wikien kasuan, berriz, elkarlana da zerizana. Hain juxtu, wikia oso baliabide aproposa da web guneak elkarlanean eraikitzeko. Izan ere, nabigatzailearen bitartez, hainbat erabiltzailek modu errazean edita ditzakete testua --formatuarekin-- eta estekak. Horrela, erabiltzaileek web gune edo intranet baten edukiak sortu, aldatu eta ezaba ditzakete erraz eta arin. Gainera, wikietan erraz berreskura daitezke edukiaren lehengo bertsioak. Dokumentu edo orrialde bakoitzean egin diren aldaketen historia gorde egiten da, eta hori abantaila garrantzitsua da.
Wikipedia da wikien emaitza nabarmenetako bat. Wikipedia entziklopedia eleaniztuna da, Interneten kontsulta daiteke eta auzolanean osatzen da, beste web entziklopediak ez bezala; hau da, edonork sor dezake artikulu bat, edo jada dagoen bat osatu, nahi duen hizkuntzan. Wiki aplikazio erraldoia dela esan liteke, hori delako artikuluak idazteko eta osatzeko era, eta hitz horretatik hartu du izena. Gaur egun, ospe handiko entziklopedia bilakatu da Interneten, eta oso erabilia da (Euskal wikipediaren helbidea http://eu.wikipedia.org/ da).
Wikipedia wiki proiektu erraldoia da, eta maila guztietan da erabilgarria. Oso aukera interesgarria izan liteke, esaterako, enpresentzat zein elkarteentzat, lantalde batek dokumentu bakarra eta adostua garatzeko edo enpresaren ezagutza kudeatzeko.
Kuriositate gisa, jakin wiki hitza hawaiieratik datorrela, wiki wiki esamoldetik; azkar-azkar esan nahi du euskaraz. Ward Cunninghamek sortu zuen lehenengo wiki weba.
Web sindikazioa eta RSS
Aplikazioez gain, web gune baten eduki berriak hedatzeko aukera da Web 2.0rekin etorri den ezaugarri interesgarrienetariko bat. Web sindikazioari esker egiten da. Batez ere, blogetan erabiltzen da aukera hau, baina, printzipioz, edozein web gunetan erabil daitekeen baliabidea da. Era horretan, web gune multzo baten edukiei jarraitu nahi dien erabiltzaile orok ez du zertan web gune horietan guztietan egunero sartu. Mahaigaineko edo web inguruneko aplikazio baten bidez, web gune guztietako eduki berriak ikus ditzake, web gune bakoitzak aukera hori eskaintzen badu.
Hala bada, web sindikazioa web gune baten edukiak hedatzeko jario bat besterik ez da. Sindikazioaren bidez, web gune batek edukiak bidal ditzake, eta, horrela, bere edukiak konpartitu ditzake web inguruneko edo mahaigaineko jario-irakurle batekin edo haren edukiez baliatu nahi duen beste web gune batekin.
Sindikazioa XML formatuan kodetzen da, eta RSS eta Atom formatuak erabiltzen dira gehien. Hala ere, egun, RSS (Really Simple Syndication) erabiltzen da bi formatuak izendatzeko.
RSS jarioak irakurtzeko, esan bezala, jario-irakurleak erabiltzen dira. Mahaigainekoak edo Internet ingurukoak izan daitezke, eta erabiltzaileak interesatzen zaizkion web guneetan harpidetu besterik ez du egin behar. Hortik aurrera, RSS jarioaren irakurleak jasotzen ditu RSS iturriak, eguneratuta, eta web gune bakoitzean irakurri ez ditugun eduki berriez ohartarazten gaitu.
RSS jarioen irakurleen artean, Bloglines (http://www.bloglines.com) da ezagunenetariko bat --frantsesez eta gaztelaniaz dago, baina ez euskaraz oraingoz--. Web inguruneko irakurlea da, eta horrek baditu zenbait abantaila. Interneteko sarbidea eta nabigatzaile bat izanda, edozein ordenagailutatik irakur daitezke nahi diren albisteak edo gustuko web guneen edukiak, posta elektronikoa eta pasahitza sartuta.
Zerbitzuaz baliatzen hasteko izena ematea doakoa da, eta aski da posta elektronikoa, pasahitza, nahi den hizkuntza eta ordu-zona zehaztea. Behin saioa hasita, ezkerreko menuan agertzen dira harpideturiko RSS iturriak, eta parentesien artean, eduki berrien kopurua. Gainera, karpetaka sailka daitezke, hobeto antolatzeko. Eskuinaldean, berriz, aukeratu dugun RSS iturriaren eduki berriak azaltzen dira.
Google Interneteko erraldoiak ere bere RSS jarioaren irakurlea garatu du, nola ez. Google Reader du izena, eta helbide honetan topa daiteke: http://www.google.com/reader/. Bloglinesen bezala, karpetaka antola daitezke RSS iturriak. Horretaz aparte, Google Readerrek harpidetzen inguruko estatistikak eskaintzen ditu: RSS iturri bakoitzaren batez besteko sarrera-kopurua eguneko, eta gure irakurketen ingurukoak, esate baterako. Eta, espero izatekoa zen bezala, Googleren RSS jarioaren irakurlea izanik, nahiko bilatzaile osatua dauka; sarrera guztietan, karpeta batean edo RSS jario guztietan egin daitezke bilaketak. Alabaina, Google Reader ere ez dago oraindik euskaraz.
Alesti RSS jarioen irakurlea, aldiz, euskaraz dago, eta, aurreko biak bezala, web ingurunekoa da. RSS jarioak antolatzeko sistema ez da karpetakakoa, etiketen bidezkoa baizik. Hau da, RSS jario bakoitzari etiketa bat baino gehiago lot dakizkioke komaz banatuta, eta, horrela, etiketa bakoitzean klik eginez ikus daitezke etiketa horri dagozkion RSS iturriak. Alesti erabili nahi izanez gero, helbide honetara joan: http://www.alesti.org. Alestin ere, doan da izena ematea, eta sartu behar diren datu bakarrak erabiltzailearen izena, pasahitza eta helbide elektronikoa dira.
Web 2.0 euskalduna
Zorionez, Interneten dena ez dago ingelesez, eta euskarazko zenbait proiektu eratzen joan dira denbora pasa ahala. Haien artean, arestian aipatukoez aparte, bestea hauek ere badaude: www.zabaldu.com --Interneten agertzen diren berriak hedatzen ditu--; www.galdetu.com, galderak egiteko zerbitzua; www.tagzania.com, mundu zabaleko mapetan, etiketak sortzeko; edo www.blogari.net, nahi duen orok bere bloga sortzeko baliabidea. Ez duzu aitzakiarik Web 2.0ra batzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia