}

Teleskopioak, zeru-arakatzaileak

2004/06/27 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Bada gure artean zeruko izar eta konstelazio guztien izenak ezagutzen dituenik. Berehala esaten dute non dagoen eta zer itxura duen bakoitzak. Baina begiz zeruan ikusten direnak baino askoz ere urrutiago dauden izarrak ikusteko teleskopioak behar dira. Eta Europako bigarren teleskopio handiena Almerian dago.
Hubble espazioko teleskopioari esker, irudi ikusgarriak jasotzen ditugu.

Almeriako mendietan Eguzkia ezkutatzen ari da. Eguzkiak lo hartu eta astronomoak iratzarri egiten dira, gauarekin batera hasten baita haien lanaldia. Orduantxe zabaltzen dute Calar Altoko behatoki astronomikoa, ilundu bezain laster. Kupula zabaldu eta zeru-zati bat agerian uzten dute teleskopio erraldoiarentzat. Munstro ikaragarria zerurantz zuzendu, eta eguzkia atera bitartean hor arituko da zerua arakatzen. Teleskopioaren begia estaltzen duten petaloak ireki besterik ez da egin behar. Lentea agerian geratu da.

Europan lanean ari den bigarren teleskopiorik handiena da. 3,5 m-ko diametroa du lenterik handienak. Alemaniako Max Planck Institutuak ezarri zuen Andaluziako mendietan, 2.200 m-ko altueran, eta, gaur egun, Andaluziako Astronomia Institutuarekin batera kudeatzen du.

Gauaren iluntasunean, argia igortzen duen edozein iturri detektatzen dute teleskopio erraldoiek argi ahul-ahula izanda ere, hau da, guk begien bistaz inolaz ere ikusiko ez genituzkeenak. Izan ere, zerutik datorren argiaren seinalea anplifikatzeko, bi ispiluko sistema erabiltzen dute.

Espektrometroak zuntz optiko bidez igortzen du ordenagailuraino zeruaren zatitxo bakoitzari dagokion argiaren informazioa. Ehunka zuntz optiko erabilita, unibertsotik datorren argia zehatz-mehatz nondik datorren bereiztea lortzen dute.

Baina inork teleskopiotik honelako irudi harrigarriak ikustea espero badu, oker dabil oso. Astrofisikariek marrez osatutako zerua ikusten dute, argi-seinale bakoitza espektro modura jasotzen baitute. Espektro horiek interpretatzea da lanik handiena. Horregatik, Calar Altoko astrofisikariek espektroak interpretatzen ematen dute gau osoa, eta teleskopio erraldoiak zerura begira jarraitzen du unibertsoko argiak deszifratzen, zulo beltzen, nano marroien zein planeta eta izar berrien bila.

Almeriako Calar Altoko behategian Europako bigarren teleskopio handiena dago.

Ikusgarriak dira, benetan, teleskopio erraldoiak. Baina badute arazo bat: astronomoek esaten dute zerua Lurretik begiratzea zera dela, urez betetako igerileku baten hondotik kanpoan dagoen pertsona bat ezagutzen saiatzea bezalakoa. Alegia, igerilekuko urak irudia deformatzen du, eta Lurraren atmosferak ere gauza bera egiten du. Horregatik, astronomoek gure atmosferatik kanpo dagoen Hubble teleskopio famatua erabiltzea izaten dute helburu. Baina oso gutxi dira horretarako aukera izaten dutenak. Javier Gorosabel eibartarra izan da zortedun horietako bat.

Berez, Lurreko teleskopioak bezalakoa da Hubble, baina, kasu honetan, gure planetaren inguruan jiraka dabilen satelite artifizial batean kokatuta dago. 5 pisuko etxe baten altuera du teleskopioak, eta 2,5 m-ko diametroko lentea. Calar Altoko teleskopioa baino txikiagoa da, beraz. Baina atmosferatik kanpo dagoenez, Lurreko teleskopiorik handienak baino askoz ere irudi hobeak ematen ditu, eta, gainera, atmosferak eragindako deformaziorik gabekoak. Unibertsoko irudirik urrunenak lortzen ditu horrela.

Horregatik erabili dute Gorosabelen taldekoek teleskopio berezi hori. Unibertsoan gertatzen diren gamma izpien eztandak ikertzen dituzte; askoren ustez, horiexek dira unibertsoko eztandarik ikusgarrienak Big Bang-aren atzetik. Izugarrizko energia askatzen da eztanda horietan: Eguzkiak duela 5.000 milioi urte sortu zenetik igorri duen adina energia askatzen dute segundo gutxian.

Beraz, sateliteek gamma izpien eztanda bat sumatzen dutenean, astrofisikariek deia jasotzen dute, eta lanean hasten dira buru-belarri. Berdin dio munduko zein tokitan dauden eta eguneko zein ordu den. Eztandek dute lehentasuna. Eztandaren kokapena jaso, eta Lurreko teleskopiorik handienak, eta baita Hubble bera ere, hara begira jartzen dituzte.

Calar Altoko teleskopio handienaren lenteak 3,5 m-ko diametroa du.

Oraindik, ordea, zientzialariek ez dute argitu nola sortzen diren eztanda ikaragarri horiek; ez dakite zer gertatzen den unibertsoan horrelako energia-leherketak gertatzen direnean.

Izarren eztandaren ondorioa den edo zulo beltzek bat egitearen ondorioa den jakiteko, teleskopioek hartutako irudiak aztertu zituzten Gorosabelen taldekoek; gamma izpiak nondik datozen identifikatzeko.

Harrigarriena zera da, izarren eztanda hauek ez direla gaur egun gertatutako eztandak. Izan ere, argia, ezagutzen den gauzarik azkarrena izanda ere, unibertsoa horren handia izanik, milaka milioi urte igarotzen dira gamma izpiak Lurreraino iristen diren arte. Detektatzen direnak, beraz, benetan aspaldi gertatutako eztandak dira, unibertsoaren sorreran parte hartu zuten izar aitzindarien eztandak.

Argiak Lurreraino iristeko horrenbeste denbora behar izateak badu abantailarik, beraz: oraindik unibertsoaren sorreran gertatutako fenomenoak behatzeko moduan gaude, eta, beraz, garaiz gabiltza unibertsoaren jatorria argitzeko.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia